Maider Gonzalez eta Ana Revuelta
Bilgune Feministako kideak
Bilgune Feministako kideak
...Hezkuntza sistema pertsonen sozializaziorako oinarrizko bitartekoa da, bakarra izan gabe. Gure neska-mutilek, hein handi batean, eskolak eskaini eta bultzatutako eduki, balio eta portaeren arabera jokatuko dute etorkizunean.
Beraz, sexu bereizkeria eta indarkeria sexistarik gabeko Euskal Herri parekide bat nahi baldin badugu, hezkuntza hezkidetzaile baten aldeko hautua egitea ezinbestekoa da, eta, alde horretatik, gure gain hartu beharko dugu bakoitzak honen guztiaren aurrean dugun ardura. Ardura guztiona da, jendartearena, baina bereziki hezitzaile, guraso eta zentroena.
Garrantzitsua da, historia apur bat eginez, urte luzeetan eta ez hain aspaldi arte emakumeoi hezkuntzarako eskubidea ukatua zitzaigula gogoratzea. Garai haietan gizonezko dirudunek soilik zuten hezkuntza jasotzeko aukera, eta emakumeak jakintzak beren kabuz jasotzen zituzten, kasu askotan ezkutuan. Geroago, neska-mutilak gela bereizitan bildu eta jakintza desberdinak jasotzen zituzten: neskak etxeko esparruko lanak betetzera bideratzen zituzten, eta mutilak bizitza publikorako prestatu.
Mugimendu pedagogiko berrien sorrerarekin batera, eskola mistoak sortu eta neska-mutilak espazio bera konpartitzen hasi ziren. Horrela, sexu biak gela berean elkartu ziren lehenengo aldiz curriculum berarekin. Jendartean, aldaketa horrek arazo guztien konponbidea ekarriko zuela pentsatzen zen, hurrengo belaunaldietan sexu parekidetasuna ziurtatuta zegoela. Baina denborak kontrakoa erakutsi digu.
Neskak eta mutilak elkartzean ez zen inolako neurririk hartu sexu batek bestearekiko jasaten zuen zapalkuntza ekiditeko, eta, hala, eskolan ere jendartean nagusitzen diren balio, eredu eta estereotipo matxistak urteetan errepikatzen direla ikusi da. Gaur egun, hezkuntza bateratua da, baina hezkuntza prozesua ez da aukera berdintasunetik abiatzen. Nahiz eta askotan identifikatzeko zaila izan, Hezkuntza Sistema ez da parekidea, eta hezkuntzaren jarduera guztietan indarrean dirau sexu bereizkeriak: ageriko zein ezkutuko curriculumean, edukietan, espazioen banaketan, hizkuntzaren erabileran, botere harreman estereotipatuetan, balioetan, ipuinetan, adibideetan, ezagutzen sailkapen hierarkikoan, erreferenteetan edo erreferente faltan, ikastetxe antolaketan, sortzen dizkiegun eta ikasleez ditugun espektatibetan, jolasetan, desioetan, erreproduzitzen diren roletan eta abar eta abar.
Sexuen arteko berdintasuna lortuta dagoela sinetsarazi digu Sistema Patriarkalak, baina eskubide eta aukera desberdintasunak egunero bizitzen jarraitzen dugu, baita hezkuntzan ere. Nahiz eta ikasle guztiek itxuraz eduki berak jaso, neskek eta mutilek jendartearen baitan dagoen desberdintasun egoera batetik abiatzen dira; gaitasun zein balio maskulinoak gailentzen diren jendarte egitura batetik, non historikoki emakumeei atxiki zaizkien balio, jarduera eta ezagutzak mespretxatzen diren.
Horregatik, etorkizuneko herritarrek gure akats berak egin ez ditzaten, parekidea izango den hezkuntza hezkidetzailea behar dugu, neska eta mutilen arteko aukera berdintasunean oinarritzen den prozesu hezitzaile kontzientea. Irizpide sexistak barnebiltzen dituzten gizon eta emakumeei egokitutako rol, balio eta portaerak transmititu gabe heztea litzateke, pertsona autonomoak izan daitezen. Hurbileko inguruarekin elkarbizitzan, beharrezko gaitasunak garatuz, jaiotzean ezarritako sexua albo batera utzita.
Finean, hezkidetzak pertsonen garapen integrala ahalbidetzen du. Jendarte justuago baterako bidea markatzen du sexuen arteko eskubide eta aukera berdintasuna, elkartasuna eta askatasuna bultzatuz...
Artikulu osoa irakurzteko HEMEN