2015-01-25

Mari Luz Esteban: "Emakumeak oso kontrolatuak gaude orokorrean, eta amatasunari dagokionean ere bai"

iturria: HIK HASI
...“Feminismoa eta amatasunaren gaia eskutik joan dira betidanik, emakumeen mendekotasunean gai horrek izan duen eta duen garrantziagatik”. Zer nolako garrantzia izan du? Dauka?
Amatasunaren gaia, emakumeak ama ginela pentsatzea, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna garatzeko ardatzetako bat izan da historikoki. Beti egon da amatasunaren ideologia naturalizatzaile bat, baina azken 20 urteetan zergatik hartu du, bat-batean, halako garrantzia ideologia horrek? Elisabeth Badinterrek La mujer y la madre liburuan oso ondo kontatzen duen moduan, hain justu, feminismoak aurrera egin duenean gizentzen joan da ideologia hori. Badinterren ustez, hor badaude faktore batzuk kontuan hartzekoak: alderdi askotan aurrera egin dugu; baina nora goaz? Ondo gaude? Parekidetasuna lortzen goazen neurrian zalantzak sortu dira; dena ez dago lortuta. Ziurgabetasun egoera horretan, emakume batzuek esaten dute, “zaintza gure arloa izan da beti eta hor ekarpenak egin ditugu, zergatik alde batera utzi, zer etorriko den jakin gabe?”, eta horri ideologia zientifikoa gehituz, ikaragarri gizentzen da amatasunaren ideologia gogor hori.

Crítica del pensamiento amoroso liburuan diozu maitasun-pentsamendua desberdinkerian oinarrituriko ordena soziala ezartzeko zutabe izan zuela Garai Modernoak, eta jarraitzen duela izaten. Maitasun-pentsamenduak emakumeak menpeko, ez-oso egiten dituela diozu. Ama-maitasuna non kokatzen duzu gizarte-antolaketa eredu horretan?
Gizaki baten ibilbidea markatzen joango den pentsamendua da maitasun-pentsamendua. Puzzle bat bezala da: pertsona —subjektua— izaki emozional bezala bizitzean, maitasuna erdigunean duena, bikotea eta ezkontza ulertzeko modu batekin lotzen duzu; seme-alabak baldin badituzu, amatasuna eta gurasotasuna ulertzeko modu zehatz batekin lotzen da gero.Azken batean, antolaketa sozialaren muina bihurtzen da maitasuna erdigunean duen subjektu hori. Horrek sortzen du bikotea, familia, elkarbizitza… ulertzeko eredu bat, eta eredu horren ideal bat antolatzen du. Horren gainean diskurtso adituak sortuko dira, beraz, badoa osatzen bizitza ikusteko modu bat. Eskola batean ume bati galdetzen badiozu bizitza zer den, antzeko zerbati erantzungo dizu: “Ikasi, gero lan bat topatu, ezkondu eta umeak edukitzea”. Errealitatean bizitza ez doa beti horrela, aukera ezberdinak daude, baina ibilbide ideala eraikitzen da maitasun-pentsamenduaren gainean, gizakia ikusteko modu bat baina baita gizartea antolatzeko ordena ekonomiko, politiko eta sozial oso bat ere.

Maitasun-pentsamendua desberdin aplikatzen zaie emakumeei eta gizonei. Emakumeei exijitzen zaiena ez zaie exijitzen gizonei, eta oinarri horretan desberdinkeria handia dago. Horregatik diot nik, zer da emakume izatea? Maitasuna erdigunean duen izaki bat. Egongo dira gizonak “emakume” direnak, baina salbuespenak dira, nahiz eta gizonak oso maitekorrak izan, zaintzaileak izan, maitasuna erdigunean dutenak oso gutxi egongo dira; nik neuk ez dut bat bera ezagutzen, bai maitasunari garrantzia handia ematen diotenak eta konprometitzen direnak, baina bere bizitza horren inguruan osoki antolatzen duenik ez; aldiz, emakumeak, bai...


OSOA IRAKURRI

2015-01-21

Gorputzaren gaineko diktadura publizitatean

ITURRIA: ARGIA



Goiko bideo  Killing Us Softly (Gu leunki akatuz) dokumental sortaren zatia bat da eta lan hauen 4. atalari dagokio. Esteka honetan duzue lan osoa ingelesez ikusgai. Lan hauetan komunikabideek, zinemaren industriak eta publizitateak emakumeengan duten eragina aztertzen ditu Jean Kilbournek. Euskaratu dudan bideoan egileak 5 minututan oso era argigarrian azaltzen du publizitatearen industriak garatu duen boterea. Gure begietara zer den ederra eta zer zatarra erabakitzea lortu du publizitateak azken hamarkadetan, eta egoera honek gure harremanetan sortu duen kalteaz dihardu.
Azken hamarkadetan neurririk gabe garatu da publizitatearen mundua, masa-komunikabideen ezinbesteko laguntzarekin. Espainiako Estatuan egunean, bataz beste, ia 4 ordu egoten gara telebistari begira. Bai, gezurra badirudi ere, 220- 240 minutu artean. Gazte eta nerabeen kasuan, gainera,  kopuru hori handiagoa da. Telebista, ordea, iragarkientzako beste euskarri bat besterik ez da. kalean, busean, komunean… bizitzaren ia esparru guztietan aurki dezakegu irudi bat kopeta aurrean. Hiri eta herrien arteko aldeak kontuan hartu gabe, egunean 1600 eta 3000 iragarki komertzial inguru jasotzen ditugu. Eta publizitatearen irudi horietan guztietan erregina emakumearen gorputza dugu. Edozer saltzeko moduko amarrua da gorputz emea. Izan gizonak gidatzen duen kotxearen kopilotu, izan bideoklipeko protagonista raperoaren inguruko dantzariak, izan konpresa hegalarien aurpegia edo desodoranteak euliak bezala erakartzen dituen aingeruetako bat. Beti erosgai. Beti desiragarri. Beti eder. Baina modeloak beti hala egotea ezinezkoa denez, garai hauetan publizistek badute, kosmetikoek lortu ez dutena eskuratzeko ezinbesteko laguntza: Photoshop jainkoa. Publizitatearen jukutria digitalak aztergai jarrita, gizarte kapitalistaren arazo nagusietako bati heltzen dio Kilbournek: itxurarekiko obsesioa. Lanak emakumeengan jartzen du arreta baina gizonentzako balio bera duen mezua eskaintzen du...



Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...