ARTIKULU OSOA HEMEN
Feminista bezainbat feminismo daude. Zein da batez ere Euskal Herrian nagusitu den feminismoaren eredua: berdintasunarena edo diferentziarena? Badugu feminismo eredu propiorik?
B. MURUAGA. Gaur egun, bi korronte ideologiko nahiko bereiziak daudela uste dut. Bi korronte horiek Euskal Herrian ez daude hain garbi, agian. Nik esango nuke Bartzelonan badagoela garbi diferentziaren feminismoa, badute beraien aldizkaria, seminarioa eta abar. Madrilen ez nuke esango halako indarra dutenik eta Frantzian eta Italian, izugarrizko indarra dute.
J. MUÑOZ. Berriro ere ikuspuntu eta leku ezberdinetatik hitz egiten ari gara gutxienez zu eta biok. Batetik teoria feminista dago eta bestetik, praktika feminista. Nik gutxienez hiru praktika feminista ezagutzen ditut. Ezagutu eta horietan parte hartu.
B. MURUAGA. Bada, definitu.
J. MUÑOZ. Ez dut arazorik definitzeko. Batetik, arlo publikoan Euskal Herrian berdintasunaren feminismoa dago eta horren bitartez lortu dira legedia, ikasteko aukerak... Nik nire arlo pribatuan, berdintasunaren feminismoarekin nahikoa daukat. Baina gero diferentziaren feminismoarekin lan egiten dut. Skolastikan kritika literario feminista egiten dugu, eta hori diferentziaren feminismoaren emaitza da. Bestetik, Skolastikan badugu feminismoari buruz hausnartzeko gunea eta horretan, ez dugu ez bata ez bestea: saiatzen gara teoria feminista ezberdinak ezagutzen eta aztertzen, baina era berean norberaren praktika feminista aurrera eramaten. Ziberfeminismoa existitzen da, ekologia feminismoa existitzen da... beste feminismo teoriko batzuk badaude...
B. MURUAGA. Baina nik ez nuke esango ziberfeminismoa beste feminismo mota bat denik. Nire ustez bi korronte nagusi daude eta hemen berdintasunarena da nagusi, dudarik gabe. Zein da azken batean oinarrizko desberdintasuna bien artean? Berdintasunaren feminismoak defendatzen du emakumezkook eta gizonezkoek gauza gehiago daukagula komunean bereizten gaituztenak baino. Historikoki gertatu dena zera izan da: gizartean egon diren lege, teoria filosofiko eta historialariek baztertu egin gaituztela. Baina guk hori erabil dezakegu geu ere gizartean beraien parean jartzeko: kritikatuz, filosofo batzuen teoriak salatuz... Diferentziaren feminismoak berriz, asko aipatzen du biologia. Honen arabera, gauzak ulertzeko modu ezberdin bat dugu, genetikoki datorkiguna.
J. MUÑOZ. Diferentziaren feminismo guztietan ez da hainbeste indar ipintzen genetikoki dagoen diferentzia horretan. Askotan aipatzen da kulturala dela. Nahiko bipolar ari zara deskribatzen feminismoa, eta ez da hain bipolarra, nahiko holistikoa da. Nik eduki ahal dut berdintasunaren feminismoaren teoria, eta nire praktika diferentziarena izan edo alderantziz. Edo gauza batzuetan feminismo mota bat erabili eta beste batzuetan beste bat.
B. MURUAGA. Zaila ikusten dut berdintasunaren teoria eta gero diferentziaren praktika uztartzea.
M. G. ESNAL. Berdintasunaren alde lan egiteak ez du kentzen galderak izatea. Adibide bat emango dizuet: nik urteetan uste nuen heziketa kontua zela gizonezkoen eta emakumezkoen portaera ezberdinen arrazoia. Bere garaian "Emakumea ez da jaiotzen, bilakatu egiten da" Simone de Beauvoir-en esaldi hori interpretatzen nuen bere horretan. Baina geroztik irakurri dut berriz eta zer pentsatua ere eman dit. Interes handia sortzen dit ikusteak bai haurren eta bai nagusien artean espazioa nola erabiltzen dugun. Eskolako patioan mutilak eta batzuetan neskaren bat futbolean-edo ibiliko dira, espazio gehiena erabiliz. Neskak bazterrean egongo dira hitz egiten-edo. Mutilen bat ere egongo da hauekin, eta hau kritikatua izango dela pentsatzen dut, neskekin joaten delako. Eta hori da gure bizitzan gertatzen denaren parabola, soziologiak bakarrik argitzen ez diguna.
ARTIKULU OSOA HEMEN