2009-02-16

«Sariak borroka mantendu behar dugula esaten digu» Elena Garcia - Bizkaiko Emakumeen Asanbladako kidea

ITURRIA: BERRIA egunkaria

Elena Garcia - Bizkaiko Emakumeen Asanbladako kidea
«Sariak borroka mantendu behar dugula esaten digu»



Oraindik ere borroka feministak zeresan handia duela aldarrikatu du Elena Garciak (Bilbo, 1971), Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren izenean. Berdintasunaren Aldeko Emakunde Sariak, gainera, hori berretsi duela uste du.


Nola hartu du taldeak saria? Taldearen barruan gehienak oso pozik gaude, eta beste batzuei ez zaie gehiegi axola izan, instituzio batek eman digulako. Nik uste dut sariak borroka feministaren aitorpena egiten duela. Azken aldian esan da mugimendu feminista ez dela beharrezkoa berdintasunean bizi garelako, eta borroka iraungita dagoela...


Sari honek oraindik borroka mantendu behar dugula esaten digu. 33 urteotan, nabaritu duzue gizarteak feminismoari buruz zeukan pertzepzioa aldatu denik? Jendartean feminista asko dago, baina feminista hitzak berak alergia ematen du, feminismoak sinesgarritasuna galdu baitu; patriarkatuak eta botereak egin dute hori. Horregatik daude hainbeste aurreiritzi feministen inguruan; gizonen aurkako mugimendua bailitzan, oraindik askok esaten dute «ni ez naiz matxista, ezta feminista ere», baina hori ezinezkoa da, berdintasunaren alde ez bazaude, aurka zaudelako. Hortaz, feminismotik onar zezakeen dosia hartu du sistemak, eta genero hitza erantsi dio, feminismo hitza paretik kenduz. Ondorioz, mugimendu feministari ez zaizkio aitortzen emakumeen eskubideetan egindako lorpenak. Ez, badirudi inertziaz lortu direla gauzak. Historiak ez digu emakumeoi aitortzarik egin. Botoa emakumeei esker lortu genuen, baina eskolan ez dute hori irakasten.


Zein dira datozen urteotarako erronkak? Berdintasunaren eta gure eskubideen aldeko borrokan jarraituko dugu. Aurrera begira, emakume etorkinekin nola lan egin aztertu behar dugu; kulturen arteko harremanak eztabaida interesgarria ekarriko du, baita prekarietatearen eta zaintzaren auziek ere. Abortuaren eta laikotasunaren aldeko kanpainak garrantzitsuak izango dira guretzat. Eta noski, indarkeriari nola aurre egin ere bai.


Eta nola egin behar zaio aurre? Zaila da. Baliabideak eskatzen, eta autodefentsa prestatzen. Emakumeen artean gauza asko desarmatu behar ditugu: maitasun erromantikoaren mitoa, nork bere autoestimua landu -bikotekideak emandakoaren ordez-, bakardadeari beldurra kendu... Indarkeria kasu bortitzenak alde batera utzita ere, badaude beste indarkeria mota asko egunerokoan.


Lortu al da horiek ikusaraztea? Aldaketa handia gertatu zen indarkeria matxista hedabideetan agertzen hasi zenean: onerako, pribatutzat hartzen zena arazo politiko bihurtu zelako; txarrerako: orain plazaratzen den indarkeria bakarra bikote barrukoa da, eta ez sistemak egiten duena. Intentsitate txikiko indarkeria da, baina indarkeria. Barneratuta daukagu hori normala dela; guk jarraitzen dugu esaten ez dugula hori jasan behar, eta sistemaren aldaketa bultzatu behar dugula.


Feminismoa erakundeetara heltzeak konformistago egin du gizartea? Neurri batean bai, dena lortuta dagoela pentsarazten du, emakumea izateagatik diskriminatzen zaituzten arte. Baina oro har, konformistagoak gara alor guztietan.


Zein leku izan behar dute gizonek feminismoan? Haien parte-hartzea beharrezkoa da, baina emakumeei borrokarako tokia kentzea egozten die feminismoak. Gizonei ematen zaielako protagonismoa eta lehentasuna, gizonek dutelako boterea. Egia da haien lana ezinbestekoa dela, baina feminismoak eraldaketa pertsonala barneratzen du: zure buruarekiko borroka pertsonala da, zure bizitza berriz planteatu behar duzu. Eta gizonengan ere eraldaketa hori gertatu behar da.


IZASKUN GOIKOETXEA ETA MARIJE ETXEBARRIA

Julene Larranaga Bizkaiko Emakumeen Asanbladak jaso du 2008ko Berdintasunerako Emakunde Saria. 30 urte baino gehiagotan egindako lana aitortu nahi izan diote talde feministari. 1976tik gaur egunerarte asanbladak gogotik egin du lan gizon eta emakumeek eskubide berdinak izan ditzaten bizitzako alor guztietan.
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...