2009-02-07

Heziketa parekidea aldarrikatu du Bilgune Feministak


ITURRIA BERRIA egunkaria: Haurrak neska eta mutilen arteko aukera berdintasunean oinarritutako balioetan hezteko eskatu du.


Astelehenean hasi zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan haur eta gazteak ikastetxeetan aurrematrikulatzeko epea.


Horren harira, hezkuntza hezkidetzaren aldeko hautua egiteko deia egin du Bilgune Feministak. «Beharrezkoa da hezkuntza komunitatean gabiltzanon elkarlana eta konpromisoa hezkidetza errealitate bihur dadin. Euskal Herriko neska eta mutilek eskubidea dute parekidetasunean oinarritutako hezkuntza».


Bilgune Feministaren arabera, hezkuntza sistema da «pertsonen sozializaziorako oinarrizko bitartekoa», eta pertsona «aske eta integralak» sortu behar ditu. Hori dela eta, «garrantzitsua» ikusten du ikastetxeetan hezkidetza landu eta bultzatzea. «Garrantzitsua da haurrak txiki-txikitatik hezkidetzan eta neska eta mutilen arteko aukera berdintasunean heztea».


Hezkidetza kontzientea den prozesu hezitzailea dela gogorarazi du, eta neska eta mutil arteko aukera berdintasunean oinarritzen dela. «Pertsonen garapen integrala lortu nahi du, eta jendarte justuago bat lortzen lagundu, sexuen arteko eskubide eta aukera berdintasuna bultzatuz».


Bilgune Feministak urteak daramatza hezkuntza hezkidetzailearen alorrean lanean. 2003. urtean horren inguruko Minimoen Taula kaleratu zuen. Hezkidetzaren inguruan, hezkuntza eragileen konpromisoa bilatzen zuten horrekin. Duela hilabete batzuk, berriz, Minimoen Taula horretan oinarrituta, Hezkidetza Gida liburua argitaratu zuen. Hezkidetzaren bidean, hezkuntza alorrean beste urrats bat egin nahi izan du Bilgune Feministak. Teoria eta praktika uztartzen dira liburuan. Hala, ikasgeletan sexismoa non eta zertan agertzen den antzeman, eta hezitzaileek horri aurre egiteko prestatutako gida da. «Hezkidetza Gida tresna bat baino ez da, halere. Denon konpromisoa eta lana behar ditugu hezkidetzaren bidean».

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...