2010-03-12

Jezabel Lucas: "Aurre egin behar dion gizarte-errealitatearekiko sentibera da euskal gazteria"


EN CASTELLANO


FUENTE/iturria: EUSKO IKASKUNTZA

Zure doktoretza-tesian garatzen ari zaren gaiari buruzkoa da lehiaketa irabazi duen zure posterra.

Gaur egun, ongizate-estatua ikertzen ari naiz, Europako esparruan gizarte-babeserako tresna den aldetik: nola eraiki den eta gaur arteko bilakaera. Bilakaeran, eraldaketarik eza nabari zaio, ez baitu betetzen biztanlerian diren desberdintasunei aurre egiteko eta pertsona guztientzat berdintasunezko estaldura sortzeko zeregina, bereziki, ugaltze-lanaren bitartez ongizate-estatuari eusten laguntzen dioten emakumeei dagokienez.

Gizarte-zerbitzuen estalduran zer desberdintasun aurki ditzakegu?

Gizarte-zerbitzuak ongizate-estatuaren baliabideak dira, biztanleen arteko gizarte-desberdintasunen ondorioak arintzeko, aberastasuna banatzeko eta gizarte-solidaritatea sortzen laguntzeko helburua dutenak. Ongizate-estatuak ez duela bermatzen berdintasuna esan badugu eta, laguntzarik ezean emakumeek egindako etxeko lanetan eta zaintza-lanetan oinarrituriko ereduari eusten badiogu, gauza bera gertatuko da gizarte-zerbitzuetan? Gure ikuspegitik, baiezkoan gaude. Desberdinak integratzea falta da, izan ere, egungo egoerak desberdintasunak sortzen baititu, baina ez generokoak soilik, baita beste etnia, jatorri, kultura, nahiaren orientazio bat dutenen artean ere.

Zaila izan da gai hain konplexua posterrean irudikatzea?

Lehiaketa erronka bat izan zen niretzat. Urtetan ikertu ditudan teoriak eta diskurtsoak integratzeko, laburtzeko eta iruditan adierazteko ideia oso konplikatua zen, baina aldi berean oso dibertigarria. Nire asmoa nire lana ezagutzen ez duten pertsonek posterra begiratuz nire ondorioak ezagutu ahal izatea da.

Aurrez kartelik egin duzu?

Inoiz. Orain kalean nabilenean iragarki-poster ugari ikusten ditut, eta lehen ematen ez nien balioa ematen diet. Hori guztia lehiaketari esker!

Zer iritzi duzu biltzarrean jorraturiko gaien inguruan, eta batez ere, kartelean salatzen duzun gaiaren inguruan?

Genero desberdintasunak jorratzea funtsezkoa dela iruditzen zait euskal gizarte-errealitatea eta beste edozein testuingurukoa ezagutzeko. Gainera, zeharka genero-sistemarekin zerikusia duten gaiak ere aintzat hartu zituzten Kongresuan. Honako hau da horren adibidea: genero-ikuspegia aintzat hartu gabe ezin da "gizarte-aurrerapen iraunkorrerako berrikuntzarik" gauzatu.

Euskal gazteria kezkatzen duten gaiak direla uste duzu?

Bai. Aurre egin behar dion gizarte-errealitatearekiko sentibera da euskal gazteria. Horren adibide da azaroaren 25ean genero-indarkeriaren aurkako manifestazioetan zegoen gazte kopurua handia, baita Kongresuak programatu zuen Gazte Forora inguraturiko gazteen kopuru handia ere. Adierazpen eta diskurtso askoren kontra, kontuan hartzen gaituztela ikusten dugunean, gazteok parte hartzen dugu.

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...