ITURRIA: HIK HASI
Bullying-ari buruz ari dira Marisa Otaduy eta Make Irigoyen artikuluan, baina, jakina, hezkidetzaren ikuspegitik. Ikuspegi horretatik, bullying-a, gizarte sexistan gertatzen, sustatzen eta legitimatzen diren indarkeriazko harreman sistematikoen ondorio zuzena dela diote, eta askotan heterosexismoaren legeak ez jarraitzegatik gertatzen dela, hau da, kasu askoren atzean lesbofobia, transfobia eta homofobia daudela. Horrelakorik gerta ez dadin, gelan esku hartzeko hainbat proposamen egin dituzte.
Gure munduan pertsona guztien eskubideak bermatzeko eta harreman positiboagoak eraikitzeko, bai elkarren artean, bai bestelako bizidunekin, bai planetarekin, zeregin dezente dugu oraindik. Horren adibide dira, hezkuntza-eremuan azken urteotan askoren kezka eta hausnarketagai bihurtu den "bullying"-a edo "berdinen arteko tratu txarrak".
Zer da bullying-a?
Ingelesetik datorren hitza da eta literalki "harroputz" edo "handiputz" esan nahi du. "Berdinak" direnen artean ematen den indarkeria da. Hezkuntza-eremuan, bullying-egoera bat ikasle batek edo talde batek denboran zehar, behin eta berriz, beste ikasle bat ikaratu, iraindu, bakartu edota mehatxatzen duenean gertatzen da; haren gauzak hondatzean edo eraso fisikoak eragiten dizkionean. Bi aldeen arteko botere-harremanak oso ondorio larriak eragiten ditu biktimarengan: herstura, harremanetarako arazoak, autoestimu baxua, segurtasunik eza, eskola-errendimendu eskasa...
Bullying-aren definizioa hezkidetzaren ikuspegitik osatzen
Sarritan bullying-arekiko interpretazio hau nagusitzen da: erasotzaileek, erasotuek eta inplikaturiko guztiek harreman-arazoak dituzte, eta egoera aldatzeko erantzun eta estrategia indibidualak landu behar dituzte.
Hezkidetzaren ikuspegitik fenomeno hori askoz sakonagoa da: bullying-a gizarte sexistan gertatzen, sustatzen eta legitimatzen diren indarkeriazko harreman sistematikoen ondorio zuzena da. Estereotipoek markatzen dute, kultura guztietan, pertsona batek nolakoa izan behar duen sozialki onartua izateko.
Horrela, bullying fenomenoak, erasotuak "behar bezalakoa ez izateagatik edo susmagarri izateagatik" jasotako diskriminazioan datza. Zergatik? Heterosexismoaren legeak ez jarraitzeagatik: dagokion rol maskulino edo femeninoa ez betetzeagatik, talde dominanteko kide ez izateagatik, edertasun-eredua betetzen ez duen gorputza izateagatik, heterosexuala ez izateagatik... Bullying kasu askoren azpian lesbofobia, transfobia eta homofobia daude, eta hori da seguru aski bullying-aren aurpegirik ezezagunena. Hezitzaileok ezinbesteko dugu errealitate horren garrantziaz kontzientzia hartzea, proposatu ohi ditugun esku-hartzeak benetan eraginkorrak izateko.