2010-03-20

Hezkidetzaz. Berdintasunerako jolastokia. Hezkidetzaren eta espazioaren gaineko baliabideen gida

ITURRIA: HIK HASI
ETXARROMAN, Begoña eta MORAL, Beatriz: FARAPI ELKARTEKO KIDEAK

Espazioak, banatzeko eta sailkatzeko balio du: haurrak hemen, zaharrak han, emakumezkoak leku batean, gizonezkoak bestean. Espazioak gizarte banaketez dihardu, hierarkiez, pertsona taldeen arteko mugez. Espazioa ikertuz gero, gizarte baten ezberdintasunak aurki ditzakegu. Eskola ez da salbuespena, eta eskolako espazioaren erabilera ikertu dugu, bertan agertzen diren hierarkiak aztertzeko.

2005ean “Berdintasunerako jolastokia. Hezkidetzaren eta espazioaren gaineko baliabideen gida” argitaratu zuen Hernaniko udalak. Udalak antolatutako hezkidetza programa baten barruan ikerketa bat egin genuen eta horren emaitzak gida horretan plazaratzea erabaki zuen. Gidaren helburua, jolastokiaren berdintasunezko erabilera ahalbidetzeko zenbait idea eskaintzea da.
Neurri praktiko eta sinple batzuk garatu ditugu gida horretan. Neurrion xedeak hauek dira:
- Genero estereotipoak jarraitzen ez dituzten espazioen erabilera bultzatzea.
- Nesken eta mutilen arteko elkarrekintza-mota aldatzea.
- Neskak kanpoko espazioak erabiltzera animatzea, baita ariketa fisiko gehiago egitera, haien gustukoak diren jarduerak bultzatuz.
- Espazioaren erabilera baldintzatzen duten hierarkiak apurtzea.
- Neskek erabiltzen dituzten espazioei nortasun eta garrantzi handiagoa ematea.
- Mutilentzako kirol eta lehia-jolasen aurrean beste aukera batzuk ematea.
- Espazioen dibertsifikazioa bultzatzea.
- Espazioak erraz eraldatzeko bitartekoak ipintzea.
1. Neurri orokorrak
A. Egoeraren diagnostikoa egitea. Neskek eta mutilek espazioaz berdin gozatzea zailtzen dituzten elementuak aurkitzea.
B. Ikasleen, irakasleen eta familien parte-hartzea bultzatzea. Horrela, espazioaren erabilera sexistez jabetuko dira eta hobetzeko proposamenak errazago onartuko dituzte.
2. Espazioaren diseinua
A. Kirol-ekintzetarako espazio gutxiago erabiltzea. Kanpoko espazio gehienak kirolerako prestatuak daude, pertsona gutxi batzuk soilik erabil ditzakete aldi berean, eta gainerako ikasleek (gehienez, txikiak eta neskak) geratzen den espazioa baino ezin dute erabili. Kirol-espazioak, gainera, mugaturik dauden bakarrak dira, eta ekintza jakin baterako prestatuak. Jolastokiak neutroak, irekiak eta balioaniztunak izatea gomendatzen dugu.
B. Kirolerako ez diren kanpo-espazio alternatiboak egokitzea. Interesagarria izango litzateke askotariko taldeak gustura ibiltzeko eremu anitza sortzea.
D. Espazio estali gehiago egokitzea. Espazio horiek hainbat jardueratarako prestatu beharko lirateke edo erraz moldatzeko modukoak izan beharko lukete.
E. Barruan hainbat eremu eta eremu bereiziak sortzea. Aisialdia barne-espazioetan ere ematen da, eta, horregatik, funtsezkoa da hainbat jardueratarako lekuak egokitzea.
F. Espazioa jarduera anitzetarako erabiltzeko material mugikorrak jartzea.
G. Espazio atseginagoak sortzea. Espazio arrotz batek jarrera arrotzak bultzatzen ditu. Espazioa banatzen duten hesiak eta hormak edo giro gogor eta arrotza sortzen duten elementuak kentzea komeni da. Leku atseginak sortu behar ditugu.
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...