ITURRIA: HIK HASI
NUÑO ANGOS, Teresa. UPV-EHUko Irakasleen Unibertsitate Eskolako katedraduna Zientzia Esperimentalen Didaktikan
Zientzia, gizonei lotua ageri izan zaigu maiz, baina emakumeen esparrua ere izan da, eta bada. Teresa Nuñok artikulu honetan dioenez, emakumeak esparru zientifiko-teknologikora heltzeko, zenbait aldaketa gertatu beharko lirateke, eta bide horretan, ikasgelan baliagarriak izan daitezkeen hainbat proposamen egin ditu.
XVIII. mendeaz geroztik, maskulinitatea atxiki izan zaio zientziari, baina, atribuzio hori XX. mendearen bukaeran teknologiara pasatu ez ote den hausnartu beharko genuke, esparru hori hartzen baita gaur egun botere tresnatzat (Solsona, 1998).
Sexismoa, desberdintasun sozialak sortzen dituen arazoa da, eta, giza-talde batek, neskenak, ikasketa zientifiko-teknologiko batzuetan sartzeko eta ondoren arlo horietan lan egiteko mugak eta oztopoak aurkitzen ditu. Muga eta oztopo horiek formalak ez izan arren, egon badaude.
Teknozientziaren esparruan, zientziak, teknologiak eta, gizartean, generoak estereotipatuta aurkitzen ditugun disuasio indarrek, zientzien irakaskuntzan eragiten dute; eta ondorioz, oraindik ere, emakumeak teknologiaren eta zientziaren mundutik aldentzen dira.
Sexismoa, gaur egun ez dago agerian hezkuntzan sartzeko ehuneko orokorretan edo emaitza akademikoetan, nesken arrakasta akademikoa mutilena baino hobea edo antzekoa baita, unibertsitate aurreko ikasketetan, unibertsitatean sartzeko frogetan eta unibertsitate-ikasketak burutzean. Teknozientzia arloetan hain emakume gutxi egotearen arrazoia ez datza dituzten gaitasunetan, inkontzienteki arbuiatzen duten irakaskuntzak eskaintzen dien zientzia eta teknologia munduan baizik. Zientzia inpertsonala eta sormen gabeko gisara aurkezten zaie zientzietako ikasgeletan eta laborategian.
Neskak eta emakumeak esparru zientifiko-teknologikora heltzeak, bertan gelditzeak eta aurrera egiteak, hainbat mailatan aldaketak egotea eskatuko luke:
a) Aldaketak zientziaren produkzioan
Zalantzekin, errakuntzarekin eta ziurgabetasunarekin bizi behar duen zientzia, non egia absolutuetarako tokirik ez den egongo, eraikitzea izan behar du jomuga. Naturarekin harmonikoki bizitzen ahaleginduko den zientzia, diziplinarteko ikuspegira irekia, generoa aztergaitzat izango duena.
b) Aldaketak irakasleengan
Irakasleek zientzian eta eskola-zientzian sexismoa eta androzentrismoa antzeman eta saihesteko tresnak izan behar dituzte eskura. Pentsamolde dikotomikotik aldendu eta curriculumari generoa eransten ikasi behar dute.
d) Aldaketak mutilengan
Gizartean maskulinitatea eraiki izanak eragin dituen ondorio negatiboak, genero estereotipoari lotuak, zuzentzen ahalegindu behar gara: lehia, agresibitatea, alderdi afektibo eta emozionalekiko adeitasunik eza, materiala eta espazio fisikoa zein ahozkoa bereganatzea.
e) Aldaketak neskengan
Halaber, feminitatea eraiki izanak genero estereotipoari loturik eragin dituen efektu negatiboei aurre egin behar zaie: segurtasun eza eta norberaren balioa gutxitzea. Ildo horretan ezinbestekoa da nesken autoestimua sustatzea, mutilena baino askoz ere baxuagoa baita.
f) Aldaketak eskola-zientzian
Eskola-zientziaren ikuspuntu tradizionala moldatzeko, aintzat hartu behar da historian zehar, ezagutza zientifikoaren eraikuntzan parte hartu duten itzal handiko emakumezko erreferentzia zientifikorik badela. Baina, hori da zientzietako eskoletan hezkuntza moldea pentsatzeko eta aldatzeko dugun oztopo nagusia; emakumeen errealitatea eta jakituria hartzen dituen benetako jakintza zientifikoa ez dela eraiki, alegia. Maskulinitate atribuziorik gabeko jakintza zientifikoak eraikitzeko, enpresa zientifikoak generoak estereotipatutako hainbat ohitura barne dituela onartu behar da, eta horiek genero diferentziatik begiratuta ikus daitezke soilik (Solsona, 1998) .