«Panpina edo txakurtxo moduan» agertzen ei dira emakumeak. «Eta ikusleak ohitu egin dira, ikusitakoa aztertzeko gaitasuna galdu dute», diote EHBFkoek. Hori aprobetxatuz, publizistek edozer egiten dute saltzearren, eta jendeak horrelako iragarkiei buruz hitz egiteak mesede egiten die.
Horren aurka hartzen diren neurriak ere itxurazkoak soilik direla uste dute: «Emakundek Begira behatokia sortu zuen, publizitate sexistaz arduratzeko, baina behatokia da, eta ez du jarduten. Gainera, jendeak ez du Begiraren berri» aipatu dute.
Horregatik, neurri eraginkorragoak topatu nahi ditu EHBFk. Hala, 13 puntu dituen estilo liburua argitaratzeko lanean ari da, eta komunikabideekin bilduko da. Gutxiengo bat betetzeko konpromisoa eskatzen die, eta prest dago etorkizunean trebakuntza ikastaroak emateko. Hedabideetan ikuspuntu feminista izango duen emakume bat egotea nahi dute, «estilo zuzentzaileak dauden bezala, genero zuzentzailea ere egotea».
2009-08-22
Sexismoa komunikabideetan Gezurrezko emakume-HABEak
ITURRIA: MATRAKA.INFO-HABE
... iragarkietan, telebistan eta oro har hedabideetan ageri den emakumearen irudi horrekin ez dator bat asko. Iraingarria dela uste du gizartearen zati handi batek, eta, noski, baita EHBF Euskal Herriko Bilgune Feministak ere.
...Komunikabideen (bereziki diru publikoarekin finantzatzen direnen) jarrera aldaketa aldarrikatzen du EHBFk. Hedabideetan publizitatea diru iturri garrantzitsua izan arren mugak jarri behar zaizkiola dio.
Izan ere, Bilgune Feministaren ustetan, hedabideek kontu honetan oso egiteko garrantzitsua dute, «ez direlako gizartearen isla, nola bizi eta nolakoa izan agintzen dutelako, eta emakumeak gizartean duen irudia euren esku ere badagoelako».
Telebista ikusi besterik ez dago. «Saioetan emakumeek duten funtzioa familiaz eta etxeaz arduratzea da. Emakumeentzako saioetan parte hartzen dute, baina ikusle mistoentzako saioetan panpinaren rola dute; politak dira, baina ez dute zeresanik», salatu dute EHBFkoek. «Emakumeek laguntasunaz, maitasunaz, familiaz eta harremanez dakitela jotzen da, eta ez dute politika, ekonomia edo kirolen inguruko eztabaidetan parte hartzen».
Albisteetan ere, gizarte sailean sartzen dira emakumeen inguruko berriak; emakumeek ez dute politikan edo ekonomian parte hartzen. «Ez da berdin tratatzen talde feminista baten aldarrikapena edo sindikatu baten salaketa, adibidez», adierazi dute Herrero eta Carreirok. «Ez diete garrantzirik ematen, interesatzen ez zaielako, eta gutxiengoa balira bezala tratatzen dituzte», gaineratu dute. «Baina ez gara gutxiengoa, aintzat hartzen ez bagaituzte ere, erdia baino gehiago gara, erosle potentzial garrantzitsua», diote.
Emakumeak ekonomiaren oinarrian daude, baina gizonek erabiltzen dute dirua. Hori argi ikusten da telebistako saioen artean ematen dituzten iragarkietan: autoak eta bestelako produktu garestiak gizonek ikusten dituzten saioetan edo programa mistoetan iragartzen dituzte; ustez emakumeentzat diren saio arrosetan, berriz, kremak eta antzeko produktu merkeak.
Bilgune Feministakoek diotenez, hedabideek, euren jardunarekin, rol zaharrak iraunarazten eta behar irrealak sortzen dituzte: «Emakumeek politak izan eta egon behar dute arrakasta lortzeko, onartuak izateko; bikotea izan behar dute; seme-alabak izan behar dituzte; txukunak izan behar dute... Ikusle gehien dituzten saioek ere horrelako mezuak bidaltzen dituzte, eta rol horiek hartuko dituzte». Ikusle horien artean ume ugari egoten dela kontuan hartuta, «balio horiek bultzatzea oso larria da, haurrek informazio hori eurenganatzen dutelako eta emakumeak horrelakoak behar dutela sinesten dutelako»...