Antropologia eta emakumeen inguruko ikerketa arloa uztartuz, euskal matriarkatuaren teoria atzera bota zenuen. Zurea al da mitoa desmitifikatu izanaren meritua?
Esango nuke, meritua Mujer vasca, imagen y realidad ikerketa plazaratu zuen talde guztiarena izan zela, nahiz eta lana nik gidatu. Izan ere, ikerketa hartan heldu baikenion eta kritikatu baikenuen matriarkatukaren gaia. Dena den, kuestionamendua teoriatik zein praktikatik sortu zen. Euskal Herrira etorri nintzenerako banuen gai horri buruzko kuestionamendu teorikoa, AEBetan eta Hawain ikasi nuenean ezagutu bainituen zorioneko matriarkatuaren inguruan antropologo eboluzionisten teoriak, baina, halaber, hainbat ikerlari feministak haiei egindako kritikak. Ibilbide hori eginda etorri nintzen, eta ikusi nuen hemen mitoa oraindik bizi-bizi zegoela. Alabaina, fakultatean, ikasleak hasi ziren planteatzen matriarkatuari buruz esaten zena ez zetorrela bat euren eguneroko bizipenekin eta euren inguruko emakumeen bizipenekin. Matriarkatuaren teoria horren arabera, asko azpimarratzen zen emakumearen garrantzia, haien esangura handia, baina egunerokotasunean, bazterketa puri-purian zegoen.