«Eskubide asko irabazi ditugula esatea ez da zuzena. Asko ez ditugu irabazi, eta irabazi ditugula esaten diguten beste asko ere ez ditugu lortu». Emakumeen eskubideen aurkako «ofentsibari» nola aurre egin hausnartuko dute bihar eta etzi mila emakume inguruk Portugaleten (Bizkaia). Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministak egingo dira, Euskal Herriko Unibertsitateko Nautika Fakultatean; aurrekoak duela hamalau urte egin zituzten. Feministok eraldaketarako borrokan! lelopean, egungo eta etorkizuneko erronkak aztertuko dituzte. Horretaz gain, aldarrikapenak kalera aterako dituzte bihar. 20:00etan Bilboko Plaza Biribiletik manifestazioa irtengo da, eta parte hartzera deituta daude emakume guztiak.
«Ilusio handiz» ekin dio Euskal Herriko Koordinadora Feministak jardunaldiok antolatzeari. Izan ere, 1994an egin ziren azkenak. Asteburu honek, beraz, mugimendu feministak urteotan izan duen bilakaera aztertzeko aukera emango du, baita belaunaldi desberdinetako emakumeak biltzekoa ere. Gainera, hamalau urte hauetan eztabaida feministan agertu diren gai berriak jorratuko dituzte, hala nola lesbianen ikusgaitasuna, queer teoria edota prostituzioa.