2011-05-26

“Niretzat feminismoa ezeri uko ez egitea da”-ISABEL URIA

ITURRIA: ARGIA


...Zein taldetan militatu izan duzu?
Lehenengo Bizkaiko Emakumeen Asanbladan, gero Emakue Internazionalisten Batzordean, gero Hegoakek antolaturiko Saharari buruzko “emakumeak eta garapena” mintegian... Ordutik 15 urte baino gehiago igaro dira, baina oso esperientzia aberasgarria izan zen. Mintegi hartan emakume feministak sortu berriak ziren Gobernuz Kanpoko Erakundeetako emakumeekin elkartu ginen, eta feminismoa eta kooperazioa uztartzea lortu genuen. Oso eztabaida interesgarriak izan ziren. Hego Amerikako emakume feministen testuei buruz eztabaidatzen genuen: Marcela Lagarderenak, Clara Coriaren El amor no es como nos lo contaron... Hortik GKEen genero batzordean lan egitera pasa ginen batzuk, sindikatuetako emakumeen batzordeetara beste batzuk, Bizkaiko Emakumeen Asanbladara beste batzuk, Hegoara beste batzuk... Baina asko ikasi genuen elkarrengantik, kultura feminista zabala genuen denok eta nork bere esparruan aplikatu zuen gero. Garai hartan ikasi genuen, adibidez, lesbiana izatea, norbere burua lesbiana aldarrikatzea aukera politikoa zela, eta heteropatriarkatuaren aurkako borrokan, feminista guztiok hasi ginen lesbianak ginela esaten. Abortuarekin bezala. Abortu eskubidearen aldeko borrokan “nik ere abortatu dut” esaten genuen denok, abortatu zutenek eta ez zutenek: elkarrekin eta batuta egin behar genuen borroka eta oso argi genuen.
Borroka, konpromisua, solidaritatea, kooperazioa, askatasuna... Nola hasi ziren hitz horiek zure hiztegian sartzen?
16 urterekin Sarrikon ikasten hasi nintzenean hasi nintzen politikoki formatzen. Sasoi hartan denok geunden Francoren aurka batuta, eta ikasle-mugimendu bakoitzak gauza bat irakasten zigun: Euskadiko Historiari buruzko mintegiak jasotzen genituen, ezkertasunari eta komunismoari buruzkoak, naziotasunari buruzkoak... Zientzia ekonomikoak ikasten ari giren garaian Sarriko errebeldeen haztegia zen. Polizia, aurreneko aldiz, gure fakultatera sartu zen 1967an. Ordura arte debekatuta zuten unibertsitateetan sartzea, eta aurrena gure fakultatea izan zen. Eta gurasoek Sarriko uztera behartu ninduten, etxeko-lanetan hasteko edo zientzia ekonomikoekin zerikusirik ez zeukan beste zerbait ikasten hasteko aginduz. Orduan irakurri nuen aurreneko liburu feminista ere: Carlos Castilla del Pinoren Cuatro ensayos sobre la mujer. Ez zegoen emakumeei buruzko beste ezer. Orain dela urte batzuk hasi nintzen gure erreferenteak izan behar zuten emakume guzti haien, zoritxarrez isilduak izan ziren emakume guztien literatura berreskuratzen. Emakume errepublikar haiek guztiak, ukatu zizkigutenak, desagertaraziak. Ukazio horrek hutsetik hastera behartu gintuen, eta hura izan zen gure belaunaldiko gauzarik mingarriena eta dibertigarriena. Dena hutsetik hasi behar izan genuen, dena asmatu, sindikatuetatik hasi eta gizarte egitura guztietara. Transmisioa ukatu zigutenez gogoak ematen ziguna egiten genuen.
Zer da zuretzat feminismoa?
Niretzat feminismoa ezeri uko ez egitea da. Ez hautatu behar izatea ama, emazte, langile, lagun edo maitale izan nahi dudan. Nik dena izateko eskubidea nahi dut, ezeri uko ez egin beharra beste ezer lortzeko, eta aukera libreak egin ahal izatea. Feminismoak horren alde borrokatzeko indarra eman dit, eta borroka honen onena zera da: zeure ahaleginez lortutakoa ezin dizula inork kendu. Inork ezin dizkigu esperientziak, lagunak, maitasunak... kendu. Eta hori handia da. Nik ahalegin handia egin dut “ama txarra” izateko, adibidez, Euskal Herrian oso sanoa baita “ama txarra” izatea. Hemen amek dugu guztiaren errua, eta nire ahaleginez hortik askatu izanak eman didan guztia ere ezingo dit inork kendu. Ama txar zoragarriak izatera animatzen zaituztet!
Nolakoak izan ziren lehen urratsak feminismoan?
Lehen urratsak abokatuen gisakoak izan ziren. Kontzientzia feminista esnatu zitzaigunean barruan sortu zitzaigun amorrua eta dena aldatzeko gogoa legedia aldatzen hasteko profitatu genuen. Orduan izan ziren abortu eskubidearen aldeko borrokak, dibortzioaren aldekoak... Bitartean, harreman sexualei buruzko klasiko guztiak irakurri genituen, politikoez gain. Neuk ere ez dakit klase horretako zenbat liburu irakurri ote nituen 16 urtetik 18ra bitartean.
Noiz erabaki zenuen maistra hastea?
Zientzietako formazioa genuen ikasleok gau eskoletara bidaltzen gintuzten Sarrikotik. Apaiz gorriak egoten ziren gau eskoletan eta ikasle ezkertiarroi matematika eta fisika irakasteko deitzen ziguten. Hura izan zen hezkuntzarekin izan nuen lehen hartuemana, eta etxean ekonomia uztera behartu nindutenean erabaki nuen maistra izatea. Lanean hasi nintzen, eta egia esan, bizitzan hartu dudan erabaki onenetariko bat dela uste dut. Batetik, oso erraza egiten zitzaidan 12-16 urte bitarteko nerabeekin enpatizatzea, agian, anai-arreba gazteagoak nituelako edo ama eta amona ere maistrak izan zirelako. Haiek esandako esaldi bat gogoan iltzatuta izan dut beti: “ikasleei, ahal bada, irakatsi egiten zaie eta, bestela, maitatu egiten dira”. Edo beste hura: “ikasleek bi gauza ez dituzte barkatzen: pasibokeria eta aspermena. Kontuan hartzen dituzun eta aspertzen ez dituzun bitartean nahi duzuna egin dezakezu”.
Fede handia duzu irakaskuntzan?
Handia. Beti sinetsi izan dut ikasleei irakasteko neukana inportantea zela. Data seinalatuak ospatzen genituen, martxoaren 8a, maiatzaren 1a... Feminismoaz, langileen borrokaz, solidaritateaz, berdintasun ezkertiarraz etab. hitz egiten nien, baina horrez gain matematika, fisika eta kimika, laborategia, teknologia etab. ere irakasten nizkien, eta hori guztia garrantzitsua zela uste nuenez, gozatu egiten nuen irakatsiz, ondo pasatzen nuen, gauza bakoitza irakasteko erarik dibertigarriena zein zen asmatzen saiatzen bainintzen. Eta ikasleak oso esker onekoak dira gauzak zehatz, argi eta ahalik eta modurik erakargarrienean irakasten saiatzen zarenean. Ofizioko oroitzapen oso onak ditut. Asko gozatu dut. Gainera, irakasle bizitza osoa alaben heziketarekin uztartu dut, eta heziketa etapa hori, bai eskoletakoa eta bai etxekoa, oso ederra izan da.
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...