ITURRIA: EUSKALERRIAIRRATIA.COM
Iritzia: Makillajeak
Anuska
Gaurko kontua aipu inozo baten harira dator. Aspaldian bildu gabeko emakume lagun taldetxoa gutako baten etxean gelditu ginen, Estitxurenean, inoizko banillazko terik hoberena dastatzeko aitzakian. Anak jaso eta kotxean eraman ninduen bertara. Estitxuk atea ireki, besarkatu eta beheralakoan, Anak lehenengo aldia zela makillajerik gabe ikusten zuela esan zion. Ni ere konturatua nintzen baina tira, diplomatikoagoa naiz, irratitik kanpo nabilenean behintzat… Ana, halere, ez pentsa, hain naturalean esaten ditu gauzak eta hain amultsuki, ezen ez da inor mintzeko gai. Holaxe esan zion, bere harridurak agindu zion bezala eta momentu berean.
Ana naturala da. Gauzak burura datozkion moduan botatzen dituela eman dezake, baina nik jakin badakit pentsatu pentsatzen dituela; kontua da ez dela ohiko hizketagaietara mugatzen, halako ahaleginak egiten ditu, arau sozialek markatzen dutenetik haratago joateko, ez beti baina aukera agertzen den aldioro, eta, arratsalde hortan, makillaje kontu hortatik haritik tiraka, imajina ezin genezakeen gai bat atera zigun, berezko duen hizkera azkar eta, aldi berean patxadatsuan.
Ana naturala da, eta Estitxuk ez bezala, ez du inoiz makillajerik erabiltzen. Eta horretaz mintzatu ginen: gure ohitureei buruz. Estitxuk beti, nik, gehienetan baina ez oso ageriko, Anak, inoiz ez: norbera izateko hiru modu. Gutako inork ez zuen besteak bere eremura ekartzeko saialdirik egin, ez du bestea konbentzitzeko inongo beharrik ikusten, garen bezala gara eta kitto. Hala uste nuen nik behintzat, baina egia ote? Zeren Anari, askotan egin dioten galdera bera bota geniolako beste behin:
-Makillatu al zara inoiz?- Kuriositatea baino gehiago, gure harridura azaltzen genion horrela.
Eta baietz, noizbait egina zuela, eta nola, eta egoera barregarri batzuk ere kontatu zizkigun, ez delako hortan trebea, eta ez duelako bere burua makillatua ikusten, aspaldi aspaldidanik.Eta kontatu zigun nola esaten zioten, haurra zenetik: zergatik ez duzu soinekorik jazten? Zergatik ez duzu ibilkera aldatzen? Zergatik ez zara apaintzen? Eta esplikatu zigun nola bera ez zen “nesken” eratan moldatzen. Eta zenbat kostatu zaion bere izaerarekin bat datozen jantziak, orrazkera, azalera, aurkitzea.
-Apaindu beharreko matraka horrekin beti! Nik apaindu nire burua apaintzen dut, ez duzue uste? -bota zigun. -Denbora eman dut horretan baina orain jakin badakit zer da hobekien dagokidana, zerk edertzen nauen eta zerk ez. Apaingarri “femeninoekin” trabestitua sentitzen naiz!
Eta egia da: Ana, den bezala, eta jazten den bezala, eta ilea eramaten duen moduan: luzea, tindatu gabea eta pixka bat harrotua, ederra da. Ezin dut bestela imajinatu, eta imajinatuz jarri ez gero, bai, trabestia irudiko luke.
Eta imajinatu nuen bere baitan gordetutako mina eta amorrua: molde ez egokian sartzeko bere kontra egindako indarra, presioa…
Baina Anak gainditua du hori guztia. Gu konturatzea nahi zuen, besterik ez, eta eskertu behar diot. Anaren izaera naturala iruditu zait beti, ez dut horretan inongo arazorik ikusi, baina horretaz berataz konturatzea ere gauza ona da, ezta? Jakitun egin gaitu. Igarotako guztia igarota, amorrurik ez zaio gelditzen, umore arinki belztu bat ez bada; kontzientzia da jasotakoa, sentsibilitate berezia, Estitxu makillatu gabeak inori baino gehiago atentzioa deitzeko adina.