2011-06-18

Postmatxistak: 016aren %60-Maite Asensio

ITURRIA: BERRIA


"Ez da berdintasunerako garai ona; ez da inoiz izan". Kargu publiko bat duen gizon batek egindako aitorpena da, jendaurrean. Badirudi gizonek matxismoari buruz hitz egiteak bestelako sinesgarritasun bat ematen diela feministen aldarrikapenei, emakumeon mendeetako borroka eta argudioak nahikoak ez balira bezala. Baina, era berean, esango nuke indartu egiten gaituela gizon horien konplizitateak, eta aitortzak. Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko diskurtso politikoki zuzena nagusi den garaiotan, berdintasun horrek pribilegioak eta boterea galtzea eragingo diola onartuko duen gizonik aurkitzea zaila da. Hori da lehenengo urratsa, eta horregatik ez da garai ona berdintasunerako.
Genero Indarkeriarako Espainiako Gobernuaren ordezkari Miguel Lorentek egin zuen baieztapena asteartean, 'Gizonak berdintasun garaian' jardunaldietan emandako hitzaldian. Besteak beste, postmatxismoari buruz mintzatu zen. Akzio baten kontrako erreakzioa dela esan zuen: "Berdintasunaren etorkizuna kritikatzen du, iraganera itzultzeko". Eta postmatxistak identifikatzeko zailtasunik dutenentzat, ironikoki gaineratu zuen: "Gizonen eta emakumeen izenean hitz egiten dute; izan ere, feminismoak emakumeez bakarrik dihardu, eta beraz, gizonen aurka dago. Eta haien argudioetarako mito berria erabiltzen dute: datua".
Feministen artean ezinegona sortzen duen manipulazio zehatz batera jo ohi dute postmatxistek: genero indarkeriari buruzko epaien %30ean ez da ustezko erasotzailea zigortzen —ez errudun jotzen da—, eta portzentaje hori salaketa faltsuei dagokiela ondorioztatzen dute. Lorentek azaldu zuen ezetz: "Datuak adierazten du epaiketen %30ean ezin izan direla tratu txarrak frogatu". Eta beste datu batzuek diote genero indarkeria dela salaketa faltsu gutxien eragiten dituen delitua: ez dira %1era heltzen.
Baina datuez ari garela, Lorentek emandako batek utzi ninduen erabat beldurtuta. Espainiako Gobernuak genero indarkeriaren biktimentzat duen telefonora (016) heltzen diren deien %60 gizonek eginak dira, iraintzeko edota mehatxu egiteko; horrelako deiak %16 igo dira azken urtean. Horrek esan nahi du emakumeen laguntzarako zenbaki horrek alferrik okupatuta dituela lineen erdiak baino gehiago. Horra postmatxistak.
Oharrak:
Lorentek datu interesgarri gehiago eman zizkion Ibai Maruriri, BERRIAk argitaratutako elkarrizketan.
Ander Izagirre kazetariak ere bikain islatu du hitzaldiak emandakoa, Pikara aldizkari dijitalak argitaratutako artikuluan.
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...