2011-06-16

«Zaila da gizonak ulertzea ez duela ezer galtzen botereari uko eginda» Miguel Lorente.

         ITURRIA: BERRIA
Miguel Lorente.
Genero Indarkeriarako Espainiako ordezkaria

«Zaila da gizonak ulertzea ez duela ezer galtzen botereari uko eginda»

Gizonek emakumeen aurka darabilten indarkeria patriarkatuaren normaltasun kulturalari eusteko bitartekoa dela sinesten du gizartearen zati handi batek, Lorenteren iritziz.
Ibai Maruri Bilbo
Gizonek berdintasunari egin diezaioketen ekarpenaz hitz egitera etorri da Bilbora Miguel Lorente, Genero Indarkeriarako Espainiako Gobernuaren ordezkaria. Haren ustetan, gizonen jarrera aldaketa da berdintasuna lortzeko gakoa, eta horrek ekarriko luke gero indarkeria desagertzea.

Gizarteak emakumeen aurkako indarkeria guztien arazoa dela onartzea lortu denean, estatuak jakin ahal du espero zitekeen erantzuna ematen?

Tira, nik ez nuke esango gizarteak onartu duenik. Egia da indarkeria fisikoa agertzen denean, muturrekoa, gizarteak errefusatu egiten duela. Baina ez du gaitzesten horren aurretik dagoena. Ez du kontzientziarik indarkeria sortzeko fasearen inguruan. Gizarteak erantzuteko heriotza egon behar da halabeharrez. Gainontzekoan ez du ezer esaten. Erasoak, menperatzeak eta halakoak direnean ez dira salatzen, eta noiz edo noiz justifikatu ere egiten duenik bada. Horren inguruko neurriak proposatzen ditugunean familia harremanak kriminalizatzen ari garela leporatzen digute, edo intimitatea urratzen ari garela. Ez dugu dagoeneko indarkeria ere baden aurreko fase horretan esku hartzeko beharrik ikusten. Eta, hain zuzen ere, orduan hartu behar dira neurriak, orduan ari delako indartzen eta etorkizuneko indarkeria fisikoa sortzen.

Zergatik ez da gaitzesten indarkeria fisikoaren aurreko fase hori?

Normaltasunaren atzean ezkutatzen delako. Duela hilabete Errumaniako neska bat hil zuten, Madril ondoan. 22 urte zituen, eta mutil-lagunak 27. Mutilak egindakoa arrazoitu zuen esanez neska beste mutil batekin zebilela eta haurdun geratu zela. Tira, beste arrazoitze bat. Biharamunean egunkari bateko zutabegileak Un chico en Roma izeneko zutabea idatzi zuen. Neskak mutilarekiko erakutsitako jarrera «etengabeko indarkeria» zela zioen testuan. Emakume batek askatasunetik nahi duenarekin harremana izan eta haurdun geratzea erabaki izana «etengabeko indarkeria» da erasotzailearentzat eta kazetariarentzat. Ni neurez auzitegiko medikua naiz, eta askotan entzun izan diet erasotzaileei erasoa aitortzen baina justifikatzen: «Bai, bai, jo dut, baina nire jarrerei aurka egiten die behin eta berriz». Azkenean emakumearen askatasuna gizonaren jarreraren aurkako erasotzat ulertzen dute. Gizona da berak ezarritako ordenua bermatu behar duena, eta bermatze horren barruan sartzen da erasoa: hala ulertzen dute erasotzaileek eta gizartearen zati handi batek. Azken batean patriarkatuaren normaltasun kulturala da. Ez da indarkeriatzat hartzen, oker egindako zuzentzeko bide bat baizik. Eta hori ezin da onartu.

Baina gutxienez kontzientzia hartzen ari dela esan daiteke?

Goazen datuetara. CISen [Espainiako ikerketa soziologikoetarako institutua] inkestari erreparatuko diogu. Gizarteak dituen arazo larriez galdetzen dugunean, emakumeen aurkako indarkeria %1,5ak baino ez du aipatzen. Oso gutxi dira, beraz, larritasuna aitortzen diotenak. Eta indarkeria horri buruzko jarrera edo iritzia eskatzerakoan, %99k onartezina, arbuiagarria eta halako adjektiboak esaten ditu. Baina bada %1 inguru kasu batzuetan onargarria dela dioena. Eta justifikagarria iruditzen zaienen zenbateko hori %5era igotzen da bikotea banatzen den kasuei buruz galdetuz gero. Hortaz, gizonak erabakitzen du noiz den zilegi eta noiz ez indarkeria erabiltzea.

Zer egin behar luke estatuak?

Kontzientzia sortzea ezinbestekoa da. Pentsamolde aldaketa bat bultzatu behar da. Indarkeria justifikatzen duen oinarri hori ezabatu behar da. Eta, bestetik, erantzuna eman behar zaio arazoari. Behin indarkeria kasua agertzen denean, emakumea babestu eta lagundu behar da. Baina gizonezkoen artean ere lan egin behar da; alegia, erasotzaileak gehiago halakorik ez egitea lortu behar da. Eta horretan heziketa da gakoa.

Zer egin dezakete gizonek?

Identitate maskulinoa botere eta menperatze balioetan oinarrituta dagoela ohartu behar da, eta hori ez dela ona ulertu. Ez da ona emakumearentzat, baina ezta gizartearentzat ere. Berdintasunik gabeko egoera batean eraikita dagoen gizartea ez da egonkorra. Gizarteak botere esparruak hierarkikoki mailakatuak ditu. Gizonezkoa, arraza zurikoa, estatus altukoa, heterosexuala, ezkondua, guraso dena. Hori da pertsona arrakastatsua gizartearentzat. Eta gizonezkoak ere eskema horretan sartuta daude, eta eurentzat ere ez da onuragarria. Berdintasunik ezak gatazka kasuetan baino ez du arrakasta. Beraz, boteretsuak gatazkak indarraren bitartez konponduko ditu beti. Eta gizonezkoak ere bera baino boteretsuagoa den batekin gatazka duenean haren indarkeria pairatuko du. Boteretsuak ez du elkarrizketarik nahi, agian bere jarreran, bere ikuspuntuan amore eman beharko duelako.

Eskema horiek aldatzea zaila izango da, ezta?

Kontu luzea da. Paleolito garaian ohartu zen gizona emakumearen gaineko boterea izatea ona zaiola. DNAn txertatua dugula esan daiteke, ia-ia. Heziketarekin aldatzea posible da, hala ere. Baina, bai, oso zaila da. Gizonak botere horri uko eginda ez duela ezer galtzen ulertzea ez da kontu erraza.

Duela gutxi zure hitz batzuek zer esana eragin zuten. Datu bidez genero indarkeria kasu bat ezagutzera ematen den aldiro kasu gehiago egoteko aukera handitu egiten dela esan zenuen. Askok hedabideetan halakoen berri ez emateko eskatu zenuela ulertu zuten. Zer esan nahi izan zenuen?

Informazioa eman behar da. Baina modua da aldatu behar dena. Batez ere irudiak. Odola, gorpuak, sufrimendua... Hori ez da erakutsi behar. Erasotzaile potentzialak hori ikusten duenean «nik ere nahi dut» pentsatzen du. Biktimen berri eman behar da, baina emakumeen aurkako indarkeriaren testuinguruan txertatuta.

 

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...