2009-07-02

Gizarte langintzan genero ikuspunturik ez badago, laguntza soila baino ezin izango dute eskaini-MARCELA LAGARDE


ITURRIa berria


MARCELA LAGARDE.


'Genero ikuspegia duen esku-hartze baterantz' izeneko gizarte langintzako jardunaldietan parte hartu du Lagardek. Ikuspegi horrek gizarte ezberdintasunak gainditzeko balio duela esan du.


Mundua «genero marka indartsuen arabera» antolatuta dagoela azaldu du. Generoen artean dagoen ezberdintasuna gizarte langileek jasotzen dituzten pertsona askoren arazoen eragileetako bat dela nabarmendu du Lagardek. Jatorrizko arazo horiek eragiten dituzten desorekak aldatzeko gizarte langileek oso sustraituak dauden desorekei aurre egin behar dietela argitu du, «ohiturak edo gizartearen egitura ekonomikoak», kasu.

Bilatzen dituzten aldaketa horiei ekiteko, elkarte profesionalek «autoritatea» izan behar dute ezinbestean, «jabekuntza» behar dute, Lagarderen iritziz. «Jabekuntzak prozesu bati buruz hitz egiten du, zerbait egiteko autoritatea lortzeko prozesuaz; prozesu horretan nahi diren aldaketei ekiteko baliabideak eta ezagutzak lortzen dira». Gizarte langintzan jabetze prozesua gerta dadin, garrantzi handia du Gizarte Langintza ikasketek lizentzia ikasketen garrantzia hartzea, beste ogibideen pare kokatuko bailuke horrek. «Gizarte langintzak autoritatea eta zilegitasuna behar du, eskatzen duen hori entzun dadin».


Gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasunak bukatzeko lanean ari direnek neurriak hartzeko jabetuta egon behar dutela nabarmendu du. Horren garrantzia ulertzeko nazioarte mailako erakunde batzuetan -NBE eta Unicef, kasu- sortutako «generoaren erdiguneen figura» jarri du adibidetzat. Erdigunearen ardura duen pertsonak genero ekimenak indartzeko helburua du, sentiberatze kanpainak abian jarri... «Aurreiritzi eta interesak ukitzen dituzten politikak bideratu behar ditu, baina ez daude hori egiteko behar beste jabetuta».

Legeak sustraitu arte

Munduko herrialde askotan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko indarrean diren legeak nabarmendu ditu Lagardek. «Legeak idaztea prozesu luze baten ondorioa da, duela berrogei edo hogeita hamar urte emakume askok hasi zuten prozesua». Legeak idatzita daudenean, galdera berri bat sortzen da, haren ustez. «Nola aldatu behar dira instituzioak, sistema ekonomikoa... legeetan dauden asmoak gauzatzeko?». Dena den, legeak sustraitu arte urteak pasatu behar dutela uste du. «Legeekin pozik egon behar dugu; orain guztion artean legitima ditzagun. Legeek ere jabetze prozesua behar dute, eta herrialde garatuetan 25 urtekoa izan daiteke», esan du.
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...