2010-09-11

Gureak egin du-SAREINAK

ITURRIA: SAREINAK


Iruditzen zait, genero indarkeriaren inguruan sortzen ari den lurraldea arriskutsua bilakatzen ari zaigula. Arriskutsua baino gehiago engainagarria. Izan ere, lurralde honetan bortizkeria da nagusi eta mugarriak morboan oinarrituak daude. Genero indarkeria erabat mediatizatua dago egun, prentsa arroxa, uholde, lurrikara eta katastrofe izugarriak edota reality showak bezala. Irakurle nahiz ikusle mediatikook morbo dosia eskatzen dugu eta ondorioz horretan adituak diren marketin enpresek eman egiten digute. Diskurtso guztiak kontsumitzailearen neurrira eginak daude, izan ere, kontsumitzailea bera baita diskurtso-gai eta saltzen zaigun objektuaren eredu.
Halere, beti pentsatu nahi izan dut zinema edota literatura, sistema merkantilista horretatik zertxobait urrunduta zebiltzala baina askotan sorpresa izugarriak nireganatzen ditut. Beraz, genero indarkeria eta morboa azken aldian uztarri berean lotuak ikusi ditut. Los hombres que no amaban a las mujeresEl secreto de tus ojos. Batetik, badirudi genero indarkeria emakume bat bortizki akabatzea dela eta hori ere kasu batzuetan halaxe da. Datu batzuk jartzearren, Espainian, 2005ean, tratu txarren 82.750 salaketa jaso ziren; eta 2007an, genero indarkeriaren ondorioz, hildako 57 emakume kontatu ziren. Datu ikaragarriak biak ere eta zer pentsatua ematen dutenak. Hala eta guztiz ere, bi datuen artean tarte galanta dago. Argi dagoena da feminizidioa (emakumeen kontrako terrorismoa) eman arte, emakumeak akabatu arte, indarkeria sinboliko izugarria eraikitzen eta legitimatzen dela gure gizartean. Eta nago, literaturan nahiz zineman, indarkeria sinbolikoa hau salatzen baino gehiago morboa sortzen dihardugula.
Indarkeria sinbolikoaz asko idatzi da. Batez ere, Pierre Bourdieu (2000) hasi zen honekin eta geroztik, genero indarkeria jorratu duten feminismo mota guztiek lantzen diharduten gaia da. Bosh eta Ferrer-ek (2002) horrela definitu zuten indarkeria sinbolikoa: “Indarkeria mota hau, boterea eskuetan duten taldeek (gizonak, txuriak, aberatsak…) beste talde batzuk menpean hartzeko (emakumeak, beltzak, pobreak…) diseinatzen dituzten estrategietan oinarritzen da. Estrategia hauek martxan jartzen dituzten kultur-modalitateak naturaltzat edota normaltzat hartzean lekutzen da indarkeria sinbolikoa. Azkenean, indarkeria sinbolikoak zedarritzen eta legitimatzen du feminizidioa. Beste modu batera esanda, jendartean, pertsonen arteko ezberdintasunak modu naturalean ikustera ohitzen gaituen indarkeriaz ari gara. Indarkeria mota hau, hain zuzen ere, erresistentzia gutxiena eskaintzen duen indarkeria mota da.” ...
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...