Ijitoak eta ijito ez diren emakumeak elkarrekin ari dira Romi Bidean deritzon elkartean, oztopoak eta estereotipoak ezabatzeko. Elkartearen lokala Donostiako Intxaurrondo auzoan dago eta bertan elkartzen ohi dira Donostia, Hernani, Andoain, Irun, Errenteria eta Zumarragatik datozen 35 bazkideak. Han sortzen dira proiektuak, gehienak, prestakuntzarako eta lan mundurako emakumeen sarbidea errazteko.
Elkarteak aukeratutako izena bi hizkuntza eta bi herrien arteko elkarbizitzaren sinboloa da. Izan ere, calo hizkuntzaz romi “emakumeak” esan nahi du, eta hortik dator Romi Bidean.
“Elkartea emakume ijitoek gure espazioa aldarrikatzeko beharretik sortu da” dio Silvana Jimenezek frantses kutsu batekin. Silvana Baionan sortu eta hazi zen, bere gurasoak, ijito etniakoak, hara joan zirelako etorkizun bila. Duela zortzi urte Hernanin bizi da. Ijitoa ere den Angelekin ezkonduta, bi seme eta alaba bat ditu eta Caritasen lan egiten du. Diharduen programa arrisku edo babesik gabeko egoeran dauden adin txikikoen ijito familiei arreta emateko eratu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Haurtzaro, Nerabezaro eta Gazteria Zerbitzuaren hitzarmenarekin. Gainera, eskola graduatua eskuratzeko prestatzen ari da eta egunen batean psikologia ikastea gustatuko litzaiokeela esaten du.
Mónica Guitera Caritaseko gizarte langilea da duela bederatzi urte eta ez da ijitoa. Bere esanetan “ezjakintasunak beldur absurdoak sortzen ditu eta kalte handia egiten die bai ijito herriari bai ijitoa ez den herriari ere”. Berak bizi izan zuen aurreiritziak hausteko prozesu hau eta onartzen duenez, gerturatzeko lehen pausoak ematen dituzunean “harritzen zara nola, funtsean, uste dugun baino berdinagoak garen eta emakumeek arazo berdintsuak ditugun”.
Elkartea abiatzea ez zen erraza izan. 2003an Euskal Herrian Ijito Herriaren Sustapen Integrala eta Parte Hartze Sozialerako Kontseilua sortu zen ijitoen nahiak eta eskaerak jasotzeko helburuaz. Urtebete geroago, Lehen Plana onartu zen Eusko Jaurlaritzako zenbait sail, zuzendaritza eta erakunderen lankidetzarekin. Horien artean Emakunde, foru aldundiak, udalak, mankomunitateak eta ijitoen komunitatearekin loturiko erakundeak zeuden. Caritasen lan egiten zuten emakume ijitoek beren nahi eta eskaera bereziak jasota geratzea nahi zuten eta horregatik erabaki zuten, azkenik, 2008an eratu zuten elkarte hau osatzea. Orain, Kontseiluan parte har dezakete abian jarri den Bigarren Planari begira eta duela urte eta erdi alokatutako egoitza ezin hobeki dabil.
Bazkide guztiak jabetzen dira emakume ijitoen bizitza hobetzeko prestakuntzak, gizarteratzeak eta lan munduan sartzeak duen garrantziaz. Horregatik, sustatzen dituzten jarduera gehienak arlo horietan fokatzen dira...