Sopelan pilak kargatuta, han eta hemen olatu gainean artista bailitzan aritzen da Eunate Agirre. Bere artelan ederrena egin nahian dabil. Euskal Herriko eta Europako Txapelketak eskuratuta, Munduko Txapelketa irabaztea du buruan.
Azken urteotan herriko kirolariek pozik egoteko arrazoiak eman dizkiete sopeloztarrei. Joane Somarriba txirrindulariak oso lasterketa garrantzitsuak irabazi zituen duela hamar urte inguru. Orain Eunate Agirreren txanda da. 1982an jaio zen Bilbon; gauzak zer diren: urte berean egin zuten lehendabizi Munduko Bodyboard Txapelketa eta Daniel Kaimik irabazi zuen, Hawaiin. Emakumezkoen aurrenekoa Stephanie Pettersen brasildarrak eskuratu zuen, 90eko hamarkada hasieran, Eunate nerabea zenean. Bilbon jaio zen, bai, baina urtetan uda sasoia Sopelan igaro zuen eta bertan sartu zitzaion bodyboardaren harra. Barru-barruraino sartu ere. Lehenik Euskal Herriko txapelketetan nagusitu zen, ondoren Europa bere egin zuen, eta Munduko Txapelketa izan du begiz jota azken urteetan. Iaz gutxigatik ez zuen jantzi txapela. Aurten bai?
Aurkariak ala itsasoaren egoerak. Zerk kezkatzen zaitu gehien txapelketa bati aurre egiterakoan?Denak. Beharbada itsasoaren egoerak nire alde joka dezake, edo aurkarien alde eta nire kontra. Aurten taulekin nabil bereziki kezkatuta. Denboraldi hasierakoak ez ziren egokiak, eta korrika eta presaka lortu behar izan ditut beste batzuk.
Zer moduz moldatzen zara kontrarioekin?Nahiko ondo. Surfa kirola da, baina baita bizitza filosofia ere. Ez da beste kirol batzuk bezain hotza. Adibidez, Neymara Carvalho miretsi izan dut, aholkuak eman dizkit eta haren irakaspenak jaso ditut... Iaz ia proba guztietara elkarrekin bidaiatu genuen, hoteletan elkarrekin egon ginen, batak besteari animoak ematen pasatu genuen urtea, bera min hartuta ibili zenean ni laguntzen ahalegindu nintzen… Eta azken proban, hara, biok nor baino nor garaile izateko. Azken txapelketa horretara nork bere kaxara bidaiatzea eta kontzentratzea erabaki genuen. Hala ere, Facebookeko lagunen artean dut Neymara.
Txikitan Sopelan ikusten zenituenetako batzuk idolotzak zenituen. Nolakoa zen zu bezalako haur edo gaztetxo baten harremana haiekin?Gogoan dut bodyboardari buruzko aldizkari bat erosten nuela eta bertan hondartzan ikusten nituenak agertzen zirela. Horrela konturatu nintzen haiek garrantzitsuak zirela. Hurbildu? Ez, lotsa ematen zidan. Izarrak ziren niretzat eta pertsona bat asko miresten duzunean urrun ikusten duzu.
Hawaiiko uretan aritzea Tourrean parte hartzearen edo Atenasko maratoian korrika egitearen parekoa al da?Hawaii gailur modukoa da eta denok dugu hori begiz jota. Tradizioa, historia, olatuak… Kirolariaren curriculumerako ez da gauza bera Sopelako olatua edo Hawaiikoa. Beraz, denok nahi izaten dugu han ondo ibili. Bitxia da, Hawaiik ez du txapelketa handi bat hartzeko baliabiderik; ez dago hotelik, gunea ere oso txikia da… Nik esango nuke bakoitzak bere baitan bizitzen duela txapelketa.
Non du arrakasta gehien bodyboardak?Australiak darama lema. Hango hedabideek elkarrizketa bat baino gehiago egin didate, eta profesionalekin, gizonezkoak zein emakumezkoak, oso ondo moldatzen naiz. Joan den urtean haietako batzuekin elkartu eta etorkizunera begira onenen artean ikusten nindutela esan zidaten.
....
Zer moduz daramazue zuk eta zure lehiakideek mutilen itzalean aritzea?
Nik egunero borrokatzen dut parekotasunaren alde. Hori bai, baldintza fisikoak ez dira berdinak eta aitortu behar da gizonezkoek olatu ikusgarriagoetan jarduteko ahalmena dutela. Hala ere, lehiatzen diren gizonek gero eta gehiago errespetatzen gaituzte. Emakumea, ura eta bainujantzia. Konbinazio horretan morboa baino ikusten ez duen lizunik egongo da ba.Baliteke, eta hori sumatzen da batzuetan Facebook-en, baina ororen gainetik oreka bilatu behar da. Ni emakumea naiz eta kirolean dena emateaz gain, polita egotea gustatzen zait.
ELKARRIZKETA OSOA IRAKURRI