Gaur arratsaldean aurkeztuko da PottorBero Mugimenduaren manifestua Zarauzko Putzuzulo gaztetxean eta ondoren festa egongo da elkarrekin ospatzeko: 2. PoTTorFesT!
Kezka eta gogo batzuen inguruan bildu garen lagun talde irekia gara eta mugimendu iraultzaile, alai eta partehartzailea sortu dugu. Guretzat eta zuretzat. Elkarrekin osatzeko, ikasteko, ondo pasatzeko eta bide berriak irekitzeko.
- Zergatik Pottorbero izena? Hitz horrek orain arte izan duen konnotazio txarretatik atera, eta hitza berreskuratzea da helburua. Harro gaude pottorbero izateaz; guretzat ez da iraina, lausengua baizik.
- Hiru ardatz nagusi lantzen ditugu: harreman ereduak, sexualitateak eta identitateak.
- Harreman ereduen iraultza da helmuga, praktika bat sortu nahi dugu, ez teoria soilik. Espazio askeak sortu, normatik kanpo dagoen guztiari lekua eman eta erreferenteak sortu nahi ditugu.
- Iraultzaileak izateko irrikaz jaiotako mugimendua da, transformatzeko-transgreditzeko asmoa dugu.
- Euskal giroan lesbiana, bollo, marikita, gay, trans... bezala bizi eta sentitzeko espazioa.
- Ona eta txarra zer den esango EZ den eremua da.
- Gure hizkuntzan, euskaraz, funtzionatzen dugu.
- Espazio artistikoa ere bada, espresio asko eta askeak bere baitan biltzen dituena.
- Espontaneoki jaiotako mugimendua.
- Desberdina, alternatiboa, aparte gelditzen den guzti horrek asko baitu esateko.
- Ekarpenei irekia.
- ...
Zer da PottorBero izatea momentuz mugimendu hau osatzen dugunontzat?
- Hainbat norabidetan gozatzeko indarra iten ai dan izakiya.
- Nere alter ego sexuala esnatzea da. Sexualitatea lotsagabeki bizitzeko eskubidea aldarrikatzeaz gain, praktikara eramatea. Nire hankartea gogoa ematen didan orori irekitzea, gozatzea eta sexua azken helmuga idiliko moduan ez ulertzea.
- Neska/mutil sistema, hetero/homo normak, sexdukzioko erritualak... jota hautsi ta lasai ederrean frexko-frexko jardutea, hitz egiten, laztantzen edo basurdeen moduan larrutan.
- Enpoderatuta egotea ere bada, egoera dominatzea, eta azpian egon nahi baduzu, hala nahi duzulako izatea.
- Heteropatriarkatuaren inposaketez nazkatuta gauden pertsonak. Elkarrekin ikasi, ondo pasa eta oinarri politiko bateratu bat sortu nahi dugunak.
- Harreman eredu berrietan sinistea eta bizi nahi izatea da. Orain arte ditugunak, mugatuak eta itxiak direla iruditzen zaidalako. Berriak sortzeko erreferenteak behar ditugu, eredu errealak izan, eta horiek ere posible direla sinetsi, horiekin amestu eta PRAKTIKAN jarri. Harremanekin jolastu (noski, fribolizatu gabe!!!), bide berrietatik ibili etab.
- Harremanen iraultza bideratzeko, heteronormarekin hautsi nahi duena.
- Jarrera kontu bat da. Ezarriak ditugun sexualitate ereduak iraultzeko, kuestionatzeko ariketa konstante bat.
- Pottorberoa naiz, nire harremanak, nire praktika sexualak modu kontziente baten, eraldatzeko gogoz, askatasunez bizitzeko desioz planteatzen hasten naizenean.
- Lotsagabea izatea, nire desioaz lasai lotsarik gabe hitz egin ahal izatea. Baita ere lotsatia izatea, batzutan umiltasunetik bestetan harrotuta... gaizki egiteko aukerekin, ikasteko predisposizioarekin...
- Pottorbero izateko, gure burua maitatzeko eta errespetatzeko ariketa iraunkorra egin beharra dago eta bestea errespetatzeko, ulertzeko eta KOMUNIKATZEKO etengabeko saiakera.
- Sentitu eta pentsatzen dudana nahi dudan bezela EGITIA. Loturarik gabe, pixu edo kargarik gabe, besteek zer pentsatuko duten inporta gabe.
- Karga historiko eta soziala bizkargañetik kendu eta nere buruari GOZAMENA eskaintzea.
- Mundua ikusteko beste modu bat barneratua izatea da: pertsonak, harremanak eta, hortaz, bizitza ulertzeko beste modu bat. Aurreiritzirik eta mugarik gabe, baina kontaktu eta errespetu osoz.
- Norbera, ingurukoak eta hauen arteko elkarrekintzak ulertu, onartu eta horiekin gozatzeko beste modu bat da: sakonagoa, beroagoa, irekiagoa; funtsean, iraultzaileagoa.
- Norbere aluak nahi duenean eta nahi duenarekin askatasunez eta lasaitasunez berotzeko aukera izatea da... Ez denean berotzen berriz inongo konplejurik gabe ez berotzeko askatasun eta lasaitasuna izatea ere bai.
- Benetan desio dudana sentitzen ikastea da, barneratutako aurreiritzi eta beldurrak deseraikiz.
- Nire burua, nire sentimenduak eta nire gorputza maitatzeko etengabeko ariketa.
- Plazerra eskatzeko eta eskeintzeko beldurrik edo lotsarik ez izatea.
- Pottorbero izatea, NI izatea da, inork juiziorik egin gabe.
Gure mugimendura batzeko deia egiten dizugu, elkarrekin PottorBeroen jardunaldi batzuk antolatzeko eta gure artean harremantzeko.
Horretarako, gerturatu guregana edota idatzi pottorbero.mugimendua[a bildua]gmail.com helbidera beldurrik gabe.
PottorBeroak gara eta harro gaude!!
Eta Klito!!
PoTTorBeRo MuGiMenDua