Gizonen parte-hartzea
“Feminismoak, hasiera-hasieratik, emakume eta gizonen ikuspuntu aldaketaren beharra planteatu zuen”, azaldu du Plazandreok plataformako kide eta UEUko Antropologia sailburu Maider Zilbetik. “Azken batean, elkarrekin bizitzeko modu berri batzuk asmatzeko beharrizana azaleratu zuen”. Horregatik, feminismoak gizon-taldeak behar-beharrezkoak dituelakoan dago Zilbeti, “emakumeek euren feminitatea zalantzan jarri eta gero, eguneroko bizitza eta sexu harremanak ulertzeko modu berri hori zabal dadin, gizonek euren bidea egin behar dute-eta”. Hala ere, feminismoak ez du asmatu mezu hori horren argi zabaltzen. Alde batetik, gizonek euren pribilegioak galtzeko arriskutzat hartu zuten feminismoa. Orain, eredu sexistaren ustezko pribilegio horiek eurei zer kalte egiten dieten jabetzeaz gain, gizonezkoen askapen mugimendua ere martxan jarri dute.
Luis Bonino ikertzailearen arabera, Espainiako Estatuko gizonen %10 baino ez da matxista konbentzitua. Hala ere, gizonen %2-4 baino ez dira berdintasunarekin konprometitutako gizonak. Berdintasunaren aldeko Arabako Gizonen Taldeko (GHIA) kide Ritxar Baceteren ustez, “gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren guztiz kontra azaltzen ez diren gainerako %76-78 hori osatzen duten gizonak berdintasunera erakartzean dago gakoa”. Izan ere, kontra egon ez arren, ez dute berdintasun praktikarik euren bizitza pribatuan. “Esaterako, zaintzaren esparru ludikoak bereganatu dituzte, umeak zaintzen ikus ditzakegu, larunbat goizetan batez ere, egun hori neskalagunak etxea garbitzeko aprobetxatzen duelako”, azaldu du Bacetek. Hortaz, aurreko belaunaldiekin alderatuta, “alde estetikoak aldatu dira, baina ez estrukturalak, emakumeak etxearen zama eta logistika bere gain hartu behar izaten jarraitzen duelako”. Azken batean, albistea gizon-taldeen berritasunean datza.
Gizonen indarkeria, eredu sexistaren oparia
Berdintasunaren paradigmara gerturatzeko, gizonak “errudun” hartzen ez dituen diskurtsoa garatu behar dela uste du Berdintasunaren aldeko Arabako Gizonen Taldeko (GHIA) kide Ritxar Bacetek, “gizonak ere kultura matxista pairatu duelako”. Horregatik, genero indarkeria gaitzesteko elkartzen ziren lagunek erabaki zuten maskulinitatea zalantzan jartzen duten gizon-taldeak osatzea. GHIAk berak 2006ko amaieran agerraldi publikoan bere burua ezagutzera eman zuen, aurretik beste sei bat urte lanean aritu eta gero.
Indarkeria matxista gizonen arazoa ere badela jabetuz, gizarte-planteamendu berriak ekarri nahi dituzte. Lehenengo eta behin, sistema sexistak gizonei esleitzen dien rolak hainbat pribilegio dakarrela dirudien arren, “oinarri-oinarrian biolentzia dago”. Horren adibidea dugu neskalagunari tratu txarrak ematen dizkion gizona ez dela autodidakta izaten. Bacetek eredu sexistako gizonen hainbat gaitz azpimarratu du: “Zazpi urte gutxiago bizi gara; 18-35 urte bitarteko gazteen arteko heriotzen %75 indarkeria hilketak dira; euren buruaz beste egiten duten lagunen %80 gizonak dira; espetxeko populazioaren %90 gizonez osatua dago….”.
Emakumeek gune publikoak lortzeko legearen beharra izan badute ere, gizonezkoek esparru pribatuak irabazteke dituzte. Horren oztopo nagusia “gizonen arteko ituna” litzateke: gizonek euren esparruetan txiste jakin batzuk, berezko tonu batekin, komentario zehatzak… egin ditzaketela sentitzen dute, eta gizontasuna beste era batera ulertzen duenak, matxismorik gabe, itun hori apurtzen duela sentitzen du. Berdin autonomiarekin, zaintza bezalako lanak emakumeei dagozkiela ulertzen baitu gizonen arteko itun horrek. Finean, gizonen mugimenduak mundu pribatuan du borroka-lekua...