ITURRIA: ARGIA
..Egia esan, geuk amesten dugun Euskal Herria, feminista baino postfeminista da, feminismoa gaindituta egongo bailitzateke.
Hau da, teoria feministek proposatzen dituzten jendarte aldaketak arlo guztietan ezarri eta onartuta egongo lirateke. Hau argitu ondoren, esan behar dugu amesten dugun Euskal Herri postfeministan egongo ez litzatekeena dela gure ametsak gehien pizten dituena. Bagara, ostera, patriarkal ez den Euskal Herri guztiz berria irudikatzeko gai? Boterea ardatz nagusitzat ez duen jendarte bat? Patriarkatuak gure irudimena guztiz idortu ez duelakoan badoaz irudi berri batzuk…
Etxetik irtetean edo etxera bueltatzean ez genuke begiratuko ea atarian dagoen txoko ilunean itzal mehatxugarririk dagoen, kalean ibiltzean eta terraza baten aurretik igarotzean ez genuke begiluzeen errepasorik jasan beharrik izango arnasari eutsiz, ikastetxera edo lanera ailegatzean ez genituzke leku periferikoak bakarrik edukiko aisiadirako, ezta jarrera erasokor eta lehiakorra derrigorrez izan beharko, ezindu intelektual eta fisiko edo ume handiaren sentsazioa ere ez genuke edukiko, isilik geratzeko beharrik ez genuke sentituko, autoritatea edo boterea besteak duela pentsatu ere ez genuke egingo. Norberak bere identitatea aukeratu eta eraikitzeko askatasuna izango luke eta sexualitatea bizitzeko aukera aniztasuna bermatua legoke.
Ez genituzke ikus-entzunezkoetan emakumeak soilik “lorontzi” edo objektu sexual moduan ikusiko, ezta normala eta anormala kontzeptuak erabiliko ere, hitz egiterakoan emakumearen presentzia eta irudi femenino positiboak erabiliko genituzke ahotan eta tradizioaren izenean inposatutako kateak apurtuta egongo bailirateke aspaldian. Tabernetan adin, genero eta kultura desberdinetako pertsonak ibiliko lirateke ligatzen, dantzan edo kantuan; eta kalea eta gaua seguru eta atseginak izango lirateke denontzat.
Telebista guztiak apurtu eta kaleen artean mila gune sozial izango genituzke solasaldiak izateko, irakurketak egin eta konpartitzeko, geure ahotsa ozenki zabaltzeko. Beno, eta behin suntsitzen hasiz gero, dendak, kontsumismo eta materialismo kateak hautsiko genituzke, hitz batekin, keinu batekin, kantu batekin, marrazki batekin, dantza batekin… AEBetatik urrundu fisikoki eta ideologikoki.
Bestearen (gizonaren, erbesteratuaren, bizilagunaren, aita/amaren, eta abar) singularitatea ikusi ahal izango genuke, bere ahotsa entzun, azala ukitu eta sentitu… eta kontzientzia indartsu horrekin biziko ginateke, irribarre txiki eta sakon batekin beti. Eta etxeko ispilu narzisista guztiak ura bezala urtu eta desagertuko lirateke. Gure izena ez genuke hainbeste paper burokratiko nahiz auto-erreferentzialetan jarri beharko, huts-betearen izena izango genuke; Joxe eta Miren izaki bera izango litzateke.
Begiraden Euskal Herria izango genuke, milaka begi nini ezberdinez elikatua. Itxurek baino begirada konplizeek eta irribarre alaiek gehiago balioko lukete. Euskal Herri alaia eta soziala, muga pertsonalik gabea eta aniztasuna balore garrantzitsutzat ulertzen duena.
Kalea elkar aurkitzeko gune bilakatuko litzateke eta ez elkar aztertu edota presaka elkarri begiratu gabe gurutzatzekoa.
Familia edota bikote (hirukote, etab.) eredu anitzak ohikoak lirateke eta kalean lasaitasunez gurutzatuko ginateke; nor bere identitatearekin gustura eta askatasunez biziko litzateke.
Botere eremu zentralizaturik ez legoke, herriak izango luke boterea eta horretarako hainbat eztabaida, ikas eta sormen gune berezi izango genituzke.
Seguraski txiki-txikitatik beste aitormen eta heziketa jasoa izango genituzke eta betirako lurperatuak gutxiago izatearen konplexuak. Eta jakina, berdin horniturik berdin jokatzera derrigortuak geundeke amatasunaren eta zaintzaren errepublika konpartituan. Horrek askatasunaren estatusa emango liguke are eta berdinago edota ezberdinago izateko, baina beti ere hautuen aurrean. Gauzak horrela, idazteko, pentsatzeko, gozatzeko, hitz batean, historia bestela eraikitzeko eta kontatzeko aukera izanik gure herri honi beste herrialde bat eranstea proposatuko nuke. Zortzigarrena, Oh!ama: Ameslari, deserriratu, leku guztietan gaizki ikusitako elbarri, zahar, gizen, itsusi, emakume, etorkin, langabetu… guztientzako paradisu. Euskal Herri Feministaren zortzigarren herrialdean Oh!ama, Obabatik paseran, Osamak eta Obamak arrotz diren deslekuan…
Eta guzti-guzti hau ez da utopia, guztion artean egin baitezakegu…
* Skolastikako kidea; Amaia, Ainhoa,
Ainara, Gema, Iratxe, Eli, Elena, Lutxi, Pilar,
Karmele, Mikel, Ana eta beste 17 kideren izenean