2014-03-27

Ianire Estébanez Castaño: “Garrantzizkoa da feminismoa ziberkatibatzea belaunaldi berriak erakartzeko”

“Es importante que el feminismo se ciberactivice para atraer a las nuevas generaciones”



Testua: Carmen Ruiz de Garibay.
Argazkiak: Karlos Corbella

X izeneko belunaldikoa da –1979an jaio zen–, eta 2.0 belaunaldikoa ere bai. Duela zenbait urtetik hona, bilbotar psikologo hau zubigintzan ari da, feministak direla ohartzen ez diren emakumeen eta berdintasun-eskubideak lortzearren borrokatu diren emakumeen artean zubiak egiten. Ziberaktibista da, “oso teknologikoa”, hala dio berak bere buruaz, berak sinatzen du “Nire mutilak kontrolatzen nau, bai, baina normal” bloga, zeina “maitasunak nahastu dituen eta nahasmendu horretatik atera” nahi duten neskentzako erreferente nagusietakoa baita, zeinean genero-ezberdintasuna normalizatzen duen maitasun erromantikoaren kontrako gogoeta eta jarrera kritikoa sustatzen baita.  

...Bikotean horrenbeste ezberdintasun eragiten duen zer hori:
Bai, horregatik hasi nintzen sarean maitasun erromantikoaren arloa bereziki lantzen, ohartzen bainintzen nahasmendu handia eragiten ziela, baina aukera izango genuela mito asko eraisteko, maitasuna zer den eta zer ez den jakiteko orduan: sakrifizioa, ahaztu guzti-guztiaz, zeure burua ez, harremana zaindu…horiek dira gizarteak ematen dizkien mezuak. Horregatik ikusten dira, oraindik ere, emakume nagusiek jasan zituzten ezberdintasun berberak, baina beste era batera, sotilago, mutilarekiko harremana eta neure mutila gauza guztien gainetik zaindu behar direlako berezitasun horrekin, nahiz eta norberaren ongizatearen kontura izan. Interneten ikertzen ari nintzela, mezu asko aurkitu nituen, oso kaltegarriak, gaztetxoentzako aldizkarietan ohikoak diren horietakoak: jasan, edozer gauza; saiatu eta lortu mutilak nahi duen guzti-guztia; alda zaitez, mutilaren gustuko izan behar duzu; emakume perfektuena izan behar duzu…Mezu horiek hemendik edo Ipar Amerikatik nahiz Latinoamerikatik zetozen. Kontuan izan telebistan eta Hollywoodeko filmetan agertzen direla erreferente horiek, eta ikusentzunezkoek eragin handia izan dutela neska- eta mutil-belaunaldi berrietan. Nire belaunaldia telebistarekin eta zinemarekin jaio zen, eta oraingo belaunaldiak, aldiz, Internet bidez ari dira eraikitzen beren nortasuna.

Hau da, gazteek teknologia berrietan bilatzen dute informazioa, baina nahasturik daude oraindik
Oraindik ere, hain dira sotilak ezberdintasunak, eta hain daude normaltasunean integratuta, ez baikara konturatu ere egiten, oharkabean igarotzen zaizkigu, eta integratu egiten ditugu eguneroko bizimoduan. Hori ikaragarria da, zeren eta, dagoeneko zeure bizimoduan integratuta badaukazu, ez duzu aldatu beharrekotzat jotzen. Ez gaizki ulertu: beharbada, errazagoa da biolentzia oldarkor eta argi batetik defendatzea zeure burua, ezberdintasun batetik baino. Gazte askok zailtasunak dituzte ezberdintasunez eta biolentziez ohartzeko, ez dituztelako zuzenean esplizituki bizi izan, ezkutuan baizik. Otsoak ez ditu dagoeneko hortzak erakusten, ez dizu dagoeneko esaten: jo egingo zaitut, eraso egingo dizut, ezin zara hemen sartu, emakumea zarelako, baina, adierazi, adierazten dizu, era sotilago batez. Gainera, gazteei ez zaie iritsi historia hori guztia, urteetan zehar berdintasuna eraikitzen egindako historia, eta, nolabait ere, ez dute pentsatzen eskubide horiek konkistatu egin behar izan zirela.
Blogean, nahasmendua, ukazioak edo ezberdintasunez jabetzeko zailtasunak agertu izan diren arlo horiek guztiak lantzen jardun naiz. BloElikatu egin dut nerabeekin egiten ditudan prestakuntza-saio guztiekin, eta gauza batez jabetu naiz: prestakuntza-jarduera batean diskurtso bat aurkitzen baduzu buelta eman ahal zaiona, zergatik ez duzu aldatuko eta sarean jarriko?


Azal ezazu  prozesu hori:
Zubiak egitea zaila da; zubiak ez dira eraiki behar teoriatik abiatuta, urrunegi geratzen zaie neskei. Kontuan izan behar da gazteek ez dituztela bizi izan diskriminazio gogor horiek, ezberdintasun hain nabarmen horiek, baizik eta beste batzuk, sotilagoak eta beren nortasunaren eraikuntzan eragiten ari direnak. Krisi-garaia da haientzat, ez dira ez ume, ez heldu. Garrantzizkoa da lan-arlo gutxirekin hastea, gero harago joateko modua izateko. Hara zeintzuk diren arlo horiek: biolentziarekin zerikusia duten arloak, harreman afektiboak eta sexualak, hedabideek edertasun ideal bat eta gorputz bikain bat edukitzeko egiten duten presioa, eta maitasuna. Behin jarrera kritiko bat landutakoan, berdintasuna lantzeko moduan izango zara...

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...