Aurtengo Bakearen Nobel saria hiru zatitan banatu dute, hiru emakume saritzeko, eta horiek ordezkari, «aldaketa politiko eta sozialean emakumearen papera» aitortzeko. Horretarako ez ezik, sustatzeko ere, jakina baita Nobelak diru-kopuru jakin bat ekartzen diola izendatuari.
Beraz, Liberiako presidente Ellen Johnson-Sirleaf-ek, emakume
afrikarraren giza eskubideen aldeko ekintzaile Leymah Gbowee-k eta
Tawakkul Karman opositore yemendarrak izango dute, bakoitzak berean,
beren borrokarekin aurrera segitzeko baliabide gehiago. Izan ere,
bitartekorik gabekoa borroka antzua besterik ez da, sinbolikoa, eta
jendearengan eragiteko izan dezakeen garrantziari muzin egin barik, ez
emankorra, emaitza ukigarriei dagokienez. Jaso litzake mundu mailako
txalorik eta babesik handienak, egungo gatazka ugarirekin gertatzen den
bezala -Sahara, Palestina...-, baina laguntza ekonomikoa jaso ezean, ez
dago mundu honetan eragiterik, garaipena lortzerik.
Hain zuzen, sarituriko Liberiako presidentea Espainia-Afrika Mundu
Hobearen Aldeko Emakumeen V. Topaketan izan zen, beste 500.000 bat
liderrekin batera. Hortaz, ordezkaturiko herrialdeen sorta zabala eta
oso ezberdina, aberatsa. Aldeak nabariagoak izanda, zein antzekotasun
izan dezakete-eta, esaterako, Liberiak eta Finlandiak, edo hobeto
esanda, Afrikako edozein herrialdek eta Europako beste inork. Bada,
mundua eraldatzeko asmo beteko emakumeak, adibidez, eta aldaketa
horretan emakumeon papera ezinbestekoa dela irizten dioten agintariak,
eragileak eta bestelakoak. Borrokalariak, finean.
Izan ere, nonahi, borrokan dabil emakumea bere eskubideen alde.
Oraindik ere, gutxiengoa garelako botere-eremuetan, alegia, gauzak
benetan alda litezkeen erabakiak hartzeko guneetan, batetik, eta
bestetik, jendartearen bestelako eremu intimoagoetan ere, etxean, lanean
edo kalean, besteak beste, babesgabeagoak eta diskriminatuagoak izaten
jarraitzen dugulako. Oro har, gizon eta emakumeen berdintasun ezak
munduaren ezaugarria izaten jarraitzen duelako. Pentsa daiteke, eta
pentsatzen da, holandar batek, adibidez, ez duela emakume afrikar baten
aurrean kexatzeko inolako eskubiderik, bidegabea eta «apetatsua» ere
badela. Nola kexatu soldaten arteko aldeez egunero bortxakeria eta
esklabismoa jasaten duen emakume baten aurrean. Nola kexatu lidergoa
egikaritzeko aukera ezaz ablazioa pairatu duen emakume baten aurrean. Ez
dago alderatzerik, ankertasunari dagokionez, baina muinean gauza bera
dago, areagotuagoa edo murriztuagoa, baina funts bera da: emakumeon
mendekotasuna, gizonek gidaturiko gizarteak.
Berdintasuna neurria adierazteko adjektiborik onartzen ez duen
printzipioa da, ez lurraldetasunik, ezta bestelako aukerarik ere. Bada
edo ez da. Eta ez den bitartean, Afrikan eta Holandan, eta munduko
txokorik galduenean ere, edozein pertsona -emakume zein gizon- izango da
zilegi bide horretan jarraitzeko, nork bere borroka defendatuz, eta
besteen errealitatea eta norberak eskain dezakeena alde batera utzi
gabe.