Osasunaren Munduko Erakundearen (OME) Batzar Nagusiak 1990eko maiatzaren 17an kendu zuen homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik. Osasungintzaren ia mendebeteko homofobia eta bazterkeria sistematikoa deuseztatzeko asmoa izan zuten horren bidez. Haatik, nazioartean LGBT jendartearendako errealitatea ez da horrenbestean aldatu. Munduko herrialdeetarik erdietan, LGBT komunitatearekiko bereizkeriak nazioarteko hitzarmen guztiak hautsi eta giza eskubideak sistematikoki urratzen ditu, are oinarrizkoenak ere, hala nola bizitzeko eskubidea.
OMEren erabakiaren eguna historikoa da eta berebiziko sinbolo bilakatu da lesbiana, gay, bisexual eta transexualon duintasuna aitorrarazteko borrokaren barruan. Maiatzaren 17ak, Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako Munduko Egunaren ekimenak, Lesbiana eta Gayen Nazioarteko Elkartearen (ILGA) babesaz gain, 40 herrialde baino gehiagotako talde, antolakunde eta erakunde ugariren babesa ere badu.
Lesbiana, gay, bisexual eta transexualak, gaur egun, inoiz baino askeago bizi direlako iritzia nahikoa zabalduta dago; izan ere, leku orotan egoteaz gain ikusi ere ikusten ahal dira, dela kaleetan, aldizkarietan, telebistetan, zineman,… Erabat onartutako errealitatea dela ematen du, eta are gehiago herrialde batzuek legeetan oraintsu egindako aurrerapausoak kontuan izanez gero. Herrialde horietan sexu bereko bikoteendako eskubideak aitortzeari ekin diote, eta haietako batzuetan are ezkontza eta adopzio eskubideak ere tartean.
Azkeneko bereizkeriak erauzteko, neurriak hartzea beharrezkoa dela onartuta ere, aski hedatua dago honako ideia, erabateko normalizazioa pentsamoldeen eboluzioak berak ekarriko duelako ideia; denbora kontua dela, hortaz. Hala ere, arretaz behatuz gero, egoera guztiz bestelakoaz jabetzen ahal gara. Izan ere, hain aurreratua dirudien gure gizartean ere eguneroko kontuak dira eraso homofobiko eta transfobikoak: sexu berekoen artean maitasuna adieraztea edota transexuala izatea bera leku publiko askotan eramanezina da, eta tratu txarretarako eta bazterkeriarako aitzakia izan ohi dira gaur egn ere. Gay eta lesbiana gazteek, eta zer esanik ez transexualek nerabezaroa isiltasunean eta ingurukoen bazterkeria jasanez bizi behar izaten dute, askotan baita euren senitartekoengandik ere, eta horrek pertsonon geroko garapenean eta emozio-egonkortasunean eragiten du, txarrerako eragin ere. Ez da errealitate berbera bizi hiri handietan, non anonimoki bizi daitekeen eta baliabideak ugari diren, ala herri txikietan, hauetan presio soziala askozaz ere handiagoa baita, eta LGBT pertsonen hirietarako ihesa ere etengabea baita.
Bazterkeriaren adierazpide dira Homofobia eta Transfobia. Ez dute inongo lekurik izan behar geure herrietan, hirietan, ez eta gizartearen inongo eremutan ere; bizikidetza, diferentziarekiko begirunea, aniztasuna eta Giza Eskubideen aurkako izurria baitira, eta giza eskubideok baitira edozein gizarte demokratiko eta anizkoitzaren oinarri izan behar direnak.
ITURRIA: ENFASIS