2008-10-09

Genero indarkeriaren aurka «egiazko konpromiso politikoa» eskatu dute -Euskal Herriko Bilgune Feminista


ITURRIA: BERRIA 2008-10-04

Udako eraso sexisten balantzea «larria» dela nabarmendu du Euskal Herriko Bilgune Feministak

«Haserre gaude, eta beste behin emakumeonganako indarkeria amaitzea exijitzen dugu». Udan osoan gertatutako eraso sexista guztiak salatzeko elkarretaratzea egin zuen atzo iluntzean Euskal Herriko Bilgune Feministak, Arrasaten (Gipuzkoa). Erasoon balantzea egitean, «larritzat» jo zuen egoera. Genero indarkeriaren aurkako prebentzio neurrien falta deitoratu, eta «egiazko konpromiso politikoa» eskatu zien erakunde publikoei. Halere, genero indarkeriari aurre egitea gizarte osoaren ardura dela adierazi zuen talde feministak.

Sexu eraso ugari egon da aurtengo udan. Batzuk ezagunak dira, hala nola Bilbon, Donostian eta Billabonan (Gipuzkoa) egindako erasoak, Barañainen (Nafarroan) zortzi gizonek emakume gazte bati egindako talde bortxaketa, eta Nagore Laffageren, Estibaliz Anguloren eta Carlotta Ortuzarren hilketak, Iruñean, Mañuetan (Araba) eta Urruñan (Lapurdi), hurrenez hurren. Beste zenbait eraso ez direla argitara ateratzen gogorarazi du Bilgune Feministak.

Denek dute, ordea, iturburu bera: «Urteetan, emakumeak gizonen mende egon dira. Sexuen arteko botere harremanen ondorioz, emakumeen independentzia eta integritatea urratua izan da behin eta berriz, eta horren adierazle dira indarkeria sexista gisa definitzen ditugun jarrerak eta jokabideak: irainak, ukitzeak, bortxaketak eta hilketak».

Udan osoan, eta bereziki herri zein hirietako jaietan, indarkeria sexistaren aurkako zenbait kanpaina jarri dira abian, baina erasoek bere horretan jarraitu dute. Bilgune Feministaren ustez, emakumeenganako indarkeria desager dadin ozen eskatu du jendarteak, baina aurrerapauso gutxi eman dira: «Agerian geratzen da neurri eta prebentzio kanpaina eraginkorren falta dagoela». Hartara, adierazpenez haratago jarduteko eskatu die erakunde publikoei, «itxurakeria eta zurikeria alde batera utzi eta benetako konpromiso politikoa hartzeko», alegia.

Horrez gain, egungo «berdintasun faltsua desitxuratzeko» deia egin du talde feministak. «Egunero jasaten ditugun eraso sotiletatik hasi eta bortizkeria kasu larrienetara», guztiak salatu beharra nabarmendu du. Eta jarrera zein eraso sexistak «onartezinak» direla argi utzi behar dela gaineratu du. Izan ere, jendarte osoaren ardura da indarkeria sexistari aurre egitea: «Kalera atera behar dugu erasoen tamainako erantzuna ematera».

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...