"Bilbon, berriz, murrizketei bai esanez amaitu zuten manifestazioa. Baserritar, enpresaburu, garbitzaile eta obrako langilez jantzitako emakumeek, Afrika abeslaria lagun, eta Mamiki konpartsako perkusio taldearen erritmora, rap doinuak erabili zituzten murrizketei ongietorria adierazteko; baina ez gobernuak egiten ari diren murrizketei, baizik eta patriarkatuan, bankuetan, gastu militarrean eta monarkian egin beharreko murrizketei.
Jendetsua eta luzea izan zen Bizkaiko hiriburuko erdigunea zeharkatu zuen manifestazioa. Buruan Borroka feministak bizirik dirau eta Murrizketak gora eta behera, emakumeok kalera! leloak zituela, Moiua plazan hogei minutuko geldialdia egin behar izan zuten, martxako partaide guztiek plaza inguratzera heldu arte.
Arriagara iristean, mugimendu feministako kideek deitoratu zuten gizartean «kultura maskulinoak legitimatutako baloreak» lehenesten direla: etekin ekonomikoak, eraginkortasuna, oldarkeria, lehiakortasuna, garapena... Hala, «nazioarteko matxinada» egitera deitu zituzten munduko andre guztiak, «maitasunik eta bizitzarik gabeko gizartea eraldatzeko». "
ITURRIA: BERRIA