2012-01-21

Printzesa kontrolpean

iturria: BERRIA

Gazteen bikote harremanetan ere indarkeria matxista badagoela diote ikerketek. Adituek ohartarazi dute bortizkeria hori psikologikoa eta soziala dela fisikoa baino gehiago eta, beraz, sotilagoa.

Maite Asensio Lozano



Sakelakoaren txirrinak esnatzen du egunero Uxue: «Egun on, printseza!», agurtzen du Jonek. Mutil-lagunaren lehen SMSak irribarrea aterarazi dio. Laster jasoko du bigarrena, matematika klasean, irakasleari buruz: «Ez da batere tontoa. Zer edo zer egiten badizu, ikusiko du». Handik gutxira, barkamena eskatuko dio: «Badakit ez didazula minik egin nahi, neska ona zara». Arratsaldean, ikasgelatik ateratzean, bila joango zaio: «Sorpresa! Insti aurrean nago. Ez zara Oier tontoarekin hitz egiten egongo, ezta? Etorri, etxera lagunduko zaitut». Afalorduan ere Jonen berri izango du: «Ez egin beste planik. Jarri polit niretzat». Eta gauean zain egongo da Uxue, mutil-laguna noiz helduko; Jonek kale egingo dio, eta, gezurretan, ama ospitaleratu dutela esango dio, lagunekin parrandan ibili dela ezkutatzeko. Azkenik, Uxuek harremana moztean helduko dira Jonen mehatxuak: «Ni ez nau inork uzten! Kontuz ibili: nirekin ez bazaude, ez zaude inorekin».

Urtxintxa eskolak plazaratu berri duen Egun on printzesa! film laburraren pasarte horretan ez dago zaplaztekorik, ezta kolperik edo jipoirik ere, baina bai indarkeria sexista. Nerabe eta gazteen harreman afektiboei buruz egindako azterlanek ohartarazi dute erlazio horietan ere badela indarkeria; baina emakume gazteak konturatzen al dira jasaten dituzten bortizkeria egoerez?...


Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...