2012-01-12

Zer ez dugun nahi maitasunaz-Kattalin Miner

ITURRIA: PIKARA MAGAZINE

“Nola maitatu behar genuke feministok?”. Galdera horren inguruan hausnartu egiten du Kattalin Miner-ek artikulu honetan.

Testua eta argazkia: Kattalin Miner

Bukatu berri dut Mari Luz Estebanen azken lana: Crítica del pensamiento amoroso. Ez naiz sartuko eduki hain sakonetan, oraindik asko dut hausnartzeko, prozesatzeko, birpentsatzeko. Egia da, banuela horrelako zerbait irakurtzeko gogoa, maitasunaz hitz egiten duen irakurketa feminista bat aurrez-aurre topatzekoa, eta ez nau hotz utzi.
Feministok askotan esan ohi dugu, maitasun erromantiko hegemonikoak zenbat min egin digun emakumeoi; bai, printze(sa) urdinaren ideia horrek, zer esan laranja erdiaren kontzeptuak edo “sin ti no soy nada” estribilo gorrotagarriak. Indarkeria erraz identifikatzen dugu maitasunari lotutako ideia askorekin (orain Azaroak 25a, hain gertu egonik, zer esanik ez), eta hortaz hausnartzen jarrita, galdera izugarri luze eta kontraesan sakonak sorrarazi izan dizkigu askotan. Baina liburu honek eman dit erantzunen bat edo beste, (edo ziurrenik galdera gehiago), aspalditik buruan nuen galdera horri: nola maitatzen dugu edo maitatu behar genuke feministok?
Espazio desberdinetan ikusi ditut, guztiz konbentzitzen ez nauten edo funtzionatu ez didaten formula ugari. Saiatu ginen monogamia hausten eta askotan poliamor delakoak ez zigun funtzionatu. Heteroarau edo beharrezko heterosexualitatea ere hautsi genuen askok, baina horrek ez gaitu libratu aldatu nahi genuen hura hausteko (eta zer esan, heteropraktikante feministen kontraesanez). “Neskalagun”, “nobia” (edo “nobio”), “bikote” etab., terminoak kendu nahi izan genituen gainetik, baina ez dugu asmatu nola deitu, azken finean, zure bikote, nobia, neskalaguna den horri, eta horrela bikotekidea ere desbirtuatu dugu, gure harreman horiek nebulosa bilakatuz. “Lagun berezia” terminoa ere ez zitzaigun gustatu askotan, jakin badakigulako badela hori baina zerbait (edo askoz) gehiago.

Saiatu gara baita ere, patroiak hausten. Ez dugu bigarren eguneko maleta lesbikoa egin eta batera bizitzera joateko saltoa birritan pentsatu gabe egiten eta “maite zaitut” esatea askotan nahi baina askoz gehiago luzatu dugu.

Baina horrek ez du maiteminduta gaudela esatea eta sentitzea baztertu. Feministok ez diogu uko egin maitasunari. Ez dugu ezer maitasunaren aurka, maitemindu egiten garelako zoroki, besteak bezala, baina hori nola kudeatu, arau hegemonikoaren bidea jarraitu gabe, hori bai, hori saiatu harren kosta egiten zaigu...



Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...