2011-03-01

Gizartearen erabakiguneetan emakumeen presentzia indartzeko beharra-Emakundek martxoaren 8an

ITURRIA: EMAKUNDE
  • “Emakumeak aurrera” lelopean, emakumeek boterea eta influentzia lortzeko dituzten aukeretan  oinarrituko da kanpaina
  • Aurten Emakumeen Nazioarteko Egunaren  ospakizunaren 100 urte betetzen dira
Emakumeen Nazioarteko Egunerako, Martxoak 8rako, Emakundek prestatu duen sentsibilizazio kanpainak “Emakumeak aurrera” leloa izango du eta emakumeak gure gizartearen erabakiguneetan egoteko beharrean dago oinarrituta.  Emakunderen iritziz, emakume eta gizonen harreman pertsonal eta botere harremanetan oreka handiagoa behar dugu eta beharrezkoa da, gizarteak behar dituelako, emakume gehiago udaletan, aldundietan, gobernuetan,  unibertsitateetan, enpresetan eta sindikatuetan, besteak beste.  
Emakumeak gure gizartearen erabakiguneetan duten presentzia areagotzeko beharrean dago oinarrituta Emakundek aurtengo Martxoak 8rako prestatu duen sentsibilizazio kanpaina. Leloa “Emakumeak aurrera” da eta gogoratzen du gizarte honek emakume gehiago behar dituela udal, aldundi, gobernu,  unibertsitate, enpresa eta sindikatuetako erabakiguneetan. Kanpainaren karteletan honelako testua irakurri daiteke:
“Gizarteak behar dituelako EMAKUMEAK AURRERA. Udaletan, aldundietan, gobernuetan, unibertsitateetan, sindikatuetan, enpresetan… Euskadiko enpresa, instituzio eta erakundeetako goi-kargudun gehienak gizonezkoak dira. Arlo guztiak, emakume guztiak. Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna.”
Emakunderen iritziz, gizarteak aurrera pausu handiak eman ditu azken hamarkadetan berdintasunaren eremuan, baina, hala eta guztiz ere, datuek erakusten digute oraindik ezberdintasun handiak daudela emakume eta gizonen artean boterea, eskubideak errekurtsoak eta onurak kontrolatu eta eskuratzeko orduan. 
Egoera hau aldatzeko beharrezkoa da gizarteko eremu guztietako (kultura, politika, ekonomia…) erabakiguneetara emakumeak heltzeko aukerak bultzatzea. Helburua gizartean emakume eta gizonen harreman pertsonal eta botere harremanetan oreka handiagoa lortzea izan beharko litzateke. Eta eginkizun honetan, gizarte osoak lagundu behar du, emakumeak erabaki eta botere guneetara heltzeko bidean dituzten oztopoak desagerrarazten. Horretarako baloreen aldaketa guztiz beharrezkoa da.

Kanpainaren elementuak


Publizitatea gaurtik aurrera jarriko da autobusetako, Euskotreneko  eta Bilboko metroko geltokietan. Bestetik, bost mila kartel inguru bidali dira erakunde publikoetara, elkarteetara, ikastetxeetara, sindikatuetara, kultur etxeetara, osasun zentroetara, komunikabideetara eta beste hainbat entitate eta giza eragileen egoitzetara. Zenbait aldizkarietan ere argitaratuko da  kanpainaren irudia eta zenbait irratietan jarri dira iragarkiak.

Martxoaren 8aren ospakizunaren 100 urte

1975ean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak MARTXOAREN 8a finkatu zuen EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUN gisa. Mugarri garrantzitsua izan bazen ere, nazioarteko ospakizun hau ez zen egun hartan hasi; izan ere, XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako zenbait gertakaritan oinarritzen da. Hain zuzen ere, 1910ean, 17 herrialdetako 100 emakume baino gehiago Kopenhagen bildu ziren, eta Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko proposamena onartu zuten; hori horrela, lehen ospakizuna 1911ko martxoaren 16an egin zen. 1917an, emakume errusiarrak euren eskubideen alde manifestatu ziren; martxoaren 8an izan zen, egutegi gregoriotarraren arabera.
Beraz, aurten Emakumeen Nazioarteko Egunaren mendeurrena ospatzen da, gizonekiko erabateko berdintasunean eta gizarteko esparru guztietan parte hartzeko borrokaren hasieraren mendeurrena, alegia. Geroztik, mugimendu feministak, emakumeen elkarteek eta botere publikoek egindako lanari esker, eta agente sozial askok eta, oro har, herritarrek apurka apurka egin dituzten ekarpenei esker, aurrerapen esanguratsuak lortu dira gure gizartean, emakume eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez.

Emakumeen presentzia erabakiguneetan. Datuak.

 Hauek dira “Emakumeen presentzia Euskadiko erabakiguneetan” ikerketatik ateratako zenbait datu. Ikerketa eskuragai dago www.emakunde.euskadi.net helbidean.

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...