Euskal literaturaren "Desira desordenatuak" batu ditu liburu batek
Lan honek harreman lesbikoak nola kontatu diren edo gay pertsonaien tipologia ematen du
Hamasei egilek sinatzen duten liburua ostiralean aurkeztu zen Iruñeko Unibertsitate Publikoan
Udako Euskal Unibertsitatearen mahainguru baten koka daiteke liburuaren sorrera. Solasaldi hura 2006-2007 inguruan antolatu zuten, euskal literaturak homosexualitatea nola jorratzen zuen aztertzeko. Orduan apenas zegoen ezer argitaraturik gaiaren gainean. Han esandakoak liburu batean biltzeko erabakia hartu, alabaina, eta parte hartzaileen kopurua potoltzen joan zen hamabost bat osatu arte. Liburua, Desira Desordenatuak.
Queer irakurketak [euskal] literaturaz du izenburutzat, eta gai honi hurbiltzen zaio, hainbat ikuspuntu diferentetik. Ostiralean aurkeztu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Iruñean, Jardunaldi Generanitzak ekimenaren barnean.
Josune Muñoz-ek eta Amaia Alvarez Uriak, adibidez, sensibilidadea landu nahi zuten beraien atalean. Begirada berri batekin sartu ziren baladetan, adibidez, XVI-XVII. mendeetako olerki forma hauetan. Aztertu dituzten ia 40 baladetan ez dago heterosexual marka espliziturik, hau da, bere emakume musari kantatzen duen hori, beste emakume bat izan zitekeen. "Aitzinako materialetan gaurkorako ideiak topatu ditugu", diote.
Juanjo Olasagarre iruñear idazleak, ekarpen filosofikoago batekin dator, nortasuna eta egiaren gainekoa. Foucolt, Nietzsche, Kontraerreforma... arakatzen du egileak ikusteko egia botereen parametroen barnean ekoitzi dugula.
Angel Errok sekretuaren kontzeptuari egiten dio haginka."Stonewallko istiluetatik [1969.an New Yorken homosexualitateen kontrako sarekada baten gertatuak] hona, gay lifebat sortu da", dio. Beste egile batzuen artean, Miguel Angel Buenarrotiren poema bat idazten du: "Badakizu badakidala...".
Mikel Ayerbek euskal literaturaren gay pertsonaietaz arduratu da, 2000 urtetik hona. Tremendismoa ikusten du Ayerbek pertsonai hauetan, normalean yonkiekin, prostitutekin eta heriotzarekin eta ezinezko maitasunei lotuak. Jon Arretxe, Olasagarre bera, Xabier Montoia, Joseba Gabilondo, Jasono Osoro edo Itxaro Bordaren lanak aipatu zituen, besteak beste. Onena, esan zuen, irakurtzea da.