2015eko Ekainaren 28ko irakurketa
Obedientzia izan dugu gure heziketaren oinarri, baina ez obeditzen ere
ikasi dugu. Emakumeen sexualitatearen eta gorputzen kontrola ezarri
digute: monogamia, familia eredu patriarkalak, estigma, maitasun
erromantikoa... etab. bitartez. Hau guztia hornitzeko familia eredu
patriarkala eta maitasun erromantikoaren ideiak gure gorputzetan
ezarriko dituzte, arauak askotan bertan izkiriaturik geratuko dira
naturalak direnaren aitzakiarekin. Beraz, heteroarauan oinarritutako
sistema patriarkaletik eratorriko den eredu sexualaren ezaugarriak hauek
dira: sexu bipolarren gainean eraikia, heterosexuala, genitala eta
maskulinitatearen plazerera bideratutakoa. Hortaz, gero eta gehiago gara
ez obeditu eta heteroaraua plazerez lehertzeko hautua egiten dugunak:
guraso bakarrak, lesbianak, bi guraso baino gehiagoko haurrak, harreman
poligamiakoak dituztenak, ama izatea erabakitzen dugun bikote lesbianak,
sexu langile transexuala, praktika sexual koitalak lehentasunezkoak ez
ditugunak, praktika sexualen kategorizazioari ihes egiteko hautua egiten
dugunak, lagun taldeak e.a. guztiok, patriarkatuaren oinarria den
familia nuklearraren nagusitasuna eta gailentzen den harreman eredua
ezbaian jartzen dugun desobedienteak.
Ez obedientziaren aurrean, erasoak leku desberdinetatik igortzen
zaizkigu: azken aldian Euskal Herrian gertaturiko kaleko eraso homofobo
ugari salatu nahiko genituzke eta baita Espainiako Gobernu ultra
eskuindarrak krisiaren aitzakiapean edo egindako erreforma eta
bultzatutako neurriak ere. Artean, Familia Plana, zeinetan, gay,
lesbiana eta etorkinen sendiak arazotsuen multzoan sartu dituen;
osasungintzan transen sexu operazioetan emaniko murrizketak, lesbianei
zuzendutako lagunduriko ugalketa teknologien zerbitzu publikoetan
izandako murrizketak, hezkuntzan LOMCE legearen bitartez ematen ari den
ideologizazio eskuindarra, balore diskriminatzaile eta erreakzionarioen
sustapena, abortuaren lege organikoan eginiko aldaketa (16-17 urte
bitarteko emakumeen gurasoen baimena behar izatea)... Guzti horrek,
familia patriarkal nuklearraren indartzea, eta sexualitatea plazeraren
kudeaketa gisa ulertu beharrean, erreprodukziorako bitarteko gisa
denaren ulermenean sakontzea ditu ondorio, besteak beste.
Hortaz, sexualitateari, plazerari, dimentsio politikoa emateko saiakera
erabatekoa izan dadin segi behar dugu. Sexualitate eredu hegemonikoaren
aurrean, arauen barnean sartzen ez ditugun praktikak iraultzarekin
lotzen ditugu, horregatik gaude harro! Ez ditugulako praktika lesbianak
arauaren barnean sartu nahi, araua bera deslegitimatu, praktika
aniztasuna errealitatea bat dela ohartarazi eta denak erdigunean gaudela
aldarrikatzen jarraituko dugu.
Geroz eta ozenagoa da arau nagusitik kanpo kokatzen garenon ahotsa,
eremu anitzetan leherketak eragiten ditugunak: Monogamiari hordagoa
bota eta ostantzeko praktika askeak garatzen dituzten norbanakoak ere
geroz eta gehiago gara. Sexualitate hegemonikoaren edozein arau haustek,
bidean aurrera jarraitzeko ezinbestekoak ditugu: patriarkatuak sortu
dituen kategoria hertsiak eta mugatuak gailendu, eta aniztasuna oinarri
duen jendarte baten beharra geroz eta ageriagoa da. Zentzu honetan,
jendarte feminista baten alde lanean jarraitzeko beharra ikusten dugu,
eta honetan herritar orok badugu zer egina.
Beraz, ez dugu obedituko eta plazerez: muxu, begirada, koxka, masaje,
mimo, laztan bakoitzean; lehertuko dugu heteroaraua. Ekainaren 28a
borroka eguna dugu, beraz, egingo diren mobilizazio eta ekintzetan parte
hartzeko deia zabaltzen dugu.