2010-12-23

EMPAR PINEDA "Ez gaude feminismo errebantxista eta ukatzailearen alde"

ITURRIA_ARGIA

Zure aktibitate politikoa Francoren diktaduraren azken urteetan hasi zen Mugimendu Komunistaren baitan. Baina laster bihurtu zinen ekintzaile feminista. “Militantzia antifrankistan urte asko eman ondoren, feminismoaren aldera lerratu nintzen 1975ean” diozu. Nola joan zinen osatzen politikoki, ideologikoki eta identitarioki?

Bitxia da. Ni, batetik, lesbiana nintzen, baina ez nintzen berandura arte ohartu. Tira, ohartu bai, baina ez nion izenik jartzen. 1964an jarri nion izena, 20 urterekin. Fakultateko lagun batek esan zidan: “Amparo, utzi lagun intimoen txorakeria horiek, faborez: zu goitik beherako lesbiana zara”. Ordura arte ere ez nuen gaizki bizi nire lesbiana izaera, baina ez nuen esaten. Oraingo hitzetan: ez nintzen armairutik atera, ezta gertukoenekin ere. Baina ez nuen gaizki bizi. Bizitza bikoitza nuen: batetik, Madrilen ezagutu nituen lesbianekin ibiltzen nintzen, haien etxeetan geratzen nintzen... Eta, bestetik, giro hartatik kanpoko bizitza zegoen. Niretzat,feminismoa deskubritzea, nire borrokalari, justiziagile eta askatzaile sena, nire emakume izatea eta eta nire lesbiana izatea uztartzeko eta bideratzeko modua aurkitzea izan zen. Lehen aldiz, emakume gisa afirmatu nintzen, ordura arte ez bezala. Ordura arte, mutiko artean ibili izan nintzen beti eta ez nintzen gutxietsia sentitzen, saltsa guztietako perexila nintzen, eta ez nuen diskriminaziorik sentitzen. Gogoan dut, neskatotan, Hernanin banuen neska-kuadrila bat eta mutil-kuadrila bat ere bai, eta mutil-kuadrilan nagusia ni nintzen! Es nintzen gutxietsia sentitu ez Hernanin, ez eskolan, ez unibertsitatean..., eta unibertsitateko elkarte klandestinoetako parte izan nintzen! Mugimendu Komunista baino lehen, Federazio Komunista izeneko elkarte bat sortu genuen. Garai hartan oso erraza zen erakunde politikoak sortzea: nahikoa zen lauzpabost lagun elkartzea, izena eta funtzionamendu-arauak sortzea, lerro politikoa definitzea..., eta aurrera! Erakunde hura Mugimendu Komunistarekin elkartu zen, eta zuzendaritzan sartu nintzen. Han ere, kideak berdinetik berdinera sentitzen nituen, ez nintzen diskriminazioaz jabetzen eta, pentsa, Mugimendu Komunistako kideok ez genuen kontuan hartzean, teoria mailan ere ez, emakumeon askapenerako borrokan marxismoaren fundatzaileek ordura arte esandako apurra ere. Ezta apur hori ere. Horregatik, 1975. urtean dena hankaz gora jarri zitzaigun, izugarrizko iraultza izan zen. Iraultza ideologikoa, txiribuelta ideologiko ikaragarria. Dena aldatu zen. Orduko kide batek, oraindik ere oso lagun dudan kazetari galiziar batek beti esaten duen bezala “ezer ez zen berriro lehengoa izan”. Inoiz ez. Feminismoa gure bizitzan sartu zenetik ezer ez da sekula lehengoa izan. Hain identifikatuta sentitzen naiz emakumeon askapenerako borrokarekin, ezinezkoa bailitzaidake nire bizitza kontatzea, edo aurrera begira nire bizitza pentsatzea kontzientzia hori kontuan hartu gabe. Mundua angelu honetatik ikusi duenak badaki dena aldatzen dela, eta behin betaurreko hauek jantzita ezinezkoa zait ezikusiarena egitea, nire identitatearen parte da begirada feminista, sakon sakonean.

Hogeita hamabost urte igaro dira emakumeen eskubideen eta askatasunaren alde borrokan hasi zinenetik. Nola ikusten duzu mugimendu feminista gaur egun? Oparoa izan da belaunaldien arteko transmisioa?

Guk 70. hamarkadaren amaieran aurkitu genuen egoera eta gaur egungoa ezin dira konparatu. 40 urtetako frankismotik gentozen, eta frankismoaren arrastoak zeuden leku guzti-guztietan. 1975. urtea Emakumeen Nazioarteko Urte izendatu zuten Nazio Batuek eta Espainiako gobernuak halako aurpegi-garbiketa azkar bat egin behar izan zuen Nazio Batuetako bileretan parte hartu ahal izateko. Baina jakina, hezkuntza, kultura, baloreak... frankismokoak ziren oraindik Espainian. Garai hartako emakume eredua frankismoko sekzio femeninokoa zen, pentsa. Ikaragarri borrokatu behar izan genuen erabat oinarrizkoak diren kontuak lortzeko, esaterako, emakumeok ere izaki sexualak garela aldarrikatuz. Guri ere sexua gustatzen zaigula, eta ez goxotasuna eta mimoak bakarrik, sexua ere baietz. Jakina, gaur egungo emakume gazteei hau esan eta barre egiten dute, baina gure garaian borroka latza izan zen. Eta uste dut, gizonek beren buruari ziotena baino begirune handiagoa geniela guk. Esaten genien beren sexualitatea ez zela uholde kontrolagaitz bait, mendian jaio eta bere bidean dena suntsitzen zuena. Esaten genien haiek ere bazutela kontrolatzeko gaitasuna, eta neska bat minigona jantzita joateak ez zuela justifikatzen uholde ustez kontrolagaitz hura. “Ipuinik ez”, esaten genien. Beraz, garai hartan aurkitu genuen egoeraren aurrean hainbat borroka genituen, hainbat fronte irekita, bizitzako alor guzti-guztietan: sexualitatearen arloan, lan-arloan, hezkuntzan, familian, osasunean... Pixkanaka, gauza batzuk lortzen hasi ginen, gutxi, baina batzuk bai. Batzuk %60an, beste batzuk %40an... Pixkanaka aurrerantz gindoazen. Nik uste dut %100ean lortu dugun gauza bakarra gay eta lesbianen ezkontza eskubidea izan dela. Hori %100ean lortu dugu. Bizitza publikora 30 urte beranduago jaio diren emakumeak lorpen asko erdietsita daudela jaio dira eta, beraz, ezberdina da errealitateari aurre egiteko modua. Gaur egungo neska gazteek ikusten dute ez dagoela debekatzen zaien lanposturik (nahiz eta kristalezko sabaia oso baxu dagoen, baina hori ez da asko hurbildu arte ikusten...) , ez dagoela debekatzen zaien ikasketarik, antisorgailuak ez daudela debekatuta eta haietako batzuk osasungintza publikoan aurkitu ditzaketela, abortoaren gaineko debekua ere ez dela erabatekoa, partzialki despenalizatu dutela..., eta batez ere, emakumeok sozialki kontuan hartuak garela ikusten dute, ez bigarren sexu gisa, bigarren mailako hiritar gisa, pertsona oso gisa baizik. Emakumearen Instituta ere sortu da, eta administrazioak kontuan hartzen ditu emakumeen aldarrikapenetako batzuk... Hori oso garrantzitsua izan da: gure garaian feministok ginen emakumeentzako eskubideak eskatzen eta aldarrikatzen genituen bakarrak. Gaur egun, gero eta emakume gehiagok goratzen dute ahotsa beren eskubideen alde eta Gobernuko instituzioek ere hitz egiten dute berdintasunaz, famili-plangintzaz,... Egoera aldaketa horrek aldatu egin du feminismora hurbiltzeko modua. Esango nuke, mugimendu feministak, gaur egun, ez duela 70. hamarkadaren amaieran zuen pisurik, batzuetan mugimenduaz hitz egiten ere ez naiz ausartzen... Bai, badaude erakunde feministak, haietako asko gai oso zehatzak lantzen, eta aldian behin leherketak gertatzen dira: iaz Granadako jardunaldi feministetan, adibidez. Bat-batean, hutsetik aterata bezala, 4.000 emakume feminista elkartu ginen Granadan, adin guztietakoak, eta hori energia da zainetan, baina indar hori mantendu egin behar da urte sasoi eta txoko geografiko guztietan, eta sarea gehiago indartu behar da. Jakina, hasieran, oso kanpaina zehatzak eta indartsuak egiten genituen: dibortzio eskubidearen aldekoak, aborto eskubidearen aldekoak... oraingo erronkak zailagoak dira, ez baitira hain agerikoak, eta jendeari ondo azaldu behar zaizkio.

Gero eta gehiago entzuten den esaldia da “ni ez naiz ez feminista ez matxista”.

Bai, eta oso kezkagarria da. Bitxia da, ze, hasiera batean, mugimendu feministaren lana oso ondo hartua izan zen hedabideetan, hedabide porgresistetan, jakina. Ongi etorria izan zen mugimendu feminista: zerbait berria zen, haize freskoa, eta berrikuntza gisa oso ondo hartu zuten. Garai hartan, feminismo hitzak oihartzun positiboa zuen, eta behin eta berriz azaltzen genuen feminismoa ez zela sistemari buelta ematea, botere-harremanak trukatzea, feminismoaren helburua emakumeen askatasuna zela eta botere-harremanen kontra egiten zuela. Azken boladan, oso interes gutxi pizten diegu komunikabideei. Granadan 4000 emakume bildu ginen eta estatuko hedabideetan kasu zipitzik ez ziguten egin. Gorputza hartzen joan da feminismoa lau ero, histeriko, kabreatu eta frustraturen kontua delako kontua. Indarra hartzen ari dira halako gezurrak, feminismoa eta matxismoa parekatzearen aberrazio hori, adibidez. Eta gure lana da horri buelta ematea, presio egin behar da hedabideetan garen moduan azal gaitezen: jende baketsua, ilusio handikoa, trangresorea (feminismoak ezin baitu izan transgresiorik gabe, oraindik ere asko baitugu transgreditzeko). Ez da nahikoa feminismoa berdintasunera murriztea; feminismoa berdintasuna da, baina baita emakumeen emantzipazioa barne hartuko duen gizarte egitura baten eraikuntzarako borroka ere. Horretarako, tamaina handiko aldaketa sozialak proposatzen ditu feminismoak eta ezin dugu diskurtso ofizialera murriztu.

Zer da emakume gazteok zaharragoengandik ikasi behar genukeena? Eta alderantziz?

Oso galdera interesgarria. Nik beti esaten dut: edo transmisio hori egitea lortuko dugu, edo gurea abentura generazional soila izango da. Eta madarikatua feminismoa belaunaldi baten abentura bilakatuko duena!, batez ere, oraindik ere egiteko gauza asko gelditzen direlako. Elkarrengandik ikasi behar dugu. Gure belaunaldikook umiltasun handia izan behar dugula uste dut, eta burutik kendu behar dugu guk urte asko daramatzagula, esperientzia handia dugula eta gazteak iritsi berriak direnez guri entzun behar digutela.  Ezin dugu pentsatu, borroka feministan urte asko daramatzagulako, gazteek guk diogunari jaramon egin behar diotenik. Hori akats barkaezina litzateke. Askoz ere umilagoak izan behar dugu, eta prest egon behar dugu gure bide feministaren hasieran pentsatzen genituen gauza asko berrikusteko. Batzuetan, orduko kideekin elkartzen naiz eta esaten diet “zer ordu da?” eta esaten didate “seiak pasatxo” eta esaten diet “aizu, duela 30 urte gelditu zitzaizun ordularia!”. Ez bagara izan diren aldaketak ikusteko gai, alferrik gabiltza. Familian, esaterako. Guk aurkitu genuen familia-eredua bakarra zen: familia tradizionala, nukleo patriarkala, emakumeen marginazioa eta zapalkuntza oinarri zuena (gehienak elitzatik ezkontzera behartuta, dibortziatzeko eskubiderik gabe...) Orain, aldiz, era askotako familiak daude: guraso bakarrekoak, bi emakumek edo bi gizonek osatuak, batzuetan, lehenagoko harreman heterosexualetako seme-alabekin... Ezin dugu familiaz eta ezkontzaz lehengo modu berean hitz egin! Eta ezin ditugu homosexualen ezkontzak kritikatu hori ezkontza indartzea delako! Erotu egin al gara? Iruditeria soziala iraultzen ari da homosexualen ezkontza eskubidea! Eta bikote gay eta lesbiana batzuk haurrak adoptatzen dituzte... Beraz, gure aldetik, horrela laburtuko nuke: umiltasuna eta ideiak berrikusteko eta berritzeko joera behar ditugu, eta borondate handia lekukoa pasatzeko. Jakin egin behar da lekukoa garaiz pasatzen, eta ardurak besteren esku uzten, bestela oso feminista jakintsuak izango gara, baina gurekin batera lurperatuko dugu feminismoa. Gazteei, berriz, zaharragoekiko tolerantzia eskatuko nieke... Badakit batzuetan amona-burruntzi bilakatu gaitezkeela batallitak kontatuz etengabe, baina, zer egingo diogu, zahartzen ari gara eta bakoitzari berak bizi izandakoa kontatzea gustatzen zaio... Baina tira, pazientzia pixka batekin... (barrez) Eta, bestetik, uste dut gazteentzat interesgarria izan daitekeela gure belaunaldiak emakumeen askapenerako egin zuenetik ikastea. Ez gauza bera errepikatu dezaten, nondik datozen jakiteko baizik eta, batez ere, ez ahazteko ez zaigula inoiz ezer debalde eman. Lortu dugun guztia gure borrokarekin lortu dugu, ezer ez da zerutik erori. Geuk irabazi ditugu lorpenak mugimenduaren, herri-aktibazioaren, borrokaren eta kontzientziazioaren bitartez. Oso garrantzitsua da hortaz jabetzea, batez ere, orain bezalako momentuetan, oso posible baita gure konkisten zati bat pikutara joatea.  Lorpen batzuk oso sutraituta daude, eta zaila da horiek erauztea, baina beste batzuetan atzerapausuak gertatzeko arrisku handia dago. Oso garrantzitsua da memoria historikoa modan dagoen honetan, feminismoaren memoria historikoa ere egitea.

Gaur egun, badirudi, genero ikuspegia barneratu dela hainbat alorretan: politikan, kulturan, hezkuntzan... Baina kontzientzia feministarik, kontzietzia askatzailerik badago? Ala “moda morea”k gehiago du azalekotik?

Granadako jardunaldi feministetan, esaterako, oso presente zegoen kontzientzia feminista. Sabaia oso goian zegoen. Jardunaldietako gasolina txute hori urte osoan nola mantendu da gakoa. Ez dauka jarraikortasunik antolamendu aldetik, koordinazio aldetik... Hor dago Estatuko Koordinakundea, eta hogeitamar talde feminista baino gehiago koordinatzen ditu, baina behar lukeena baino indar txikiagoa du. Ez du 80. hamarkadaren hasieran egiten zen indarrez kanpainak egiteko ahalmenik. Garai hartako kanpiank izugarri indartsuak ziren, abortoarena, esaterako. Horregatik da zaila kontzientzia feminista zabaltzea. Mugimenduaren parte garenok oso barneratua daukagu, ez gara despistatzen, baina egia da zaila dela zabaltzea. Ez dago indar handirik. Nukleo feministak badira, nolabaiteko koordinazioa dutenak, baina ez dago mugimendurik orain dela hogeitamar urte genuen indarrez. Eta indar hori beharrezkoa da aldarrikapen batzuek jarraipena izan dezaten, berriak sortu daitezen, kontzientzia feminista zabaldu dadin, feminismoa berritu dadin, Gobernuak saldu bai, baina hutsean uztean dituen asmoen aurrean altxa gaitezen... Ezin dugu ahaztu zenbait gauza ondo egin dituztela gobernutik, baina asmorik gehienak erdibidean edo asmo hutsean geratu dira edo aurrekonturik ez dutelako, edo autonomia erkidego batzuek ez dutelako gobernu zentralak dionari buruz ezertxo ere jakin nahi, edo oposizoaren aurrean beldurtu egiten direlako... Horregatik, feministok hor egon behar dugu, faktore askoren aurrean atzera egiten baitu gobernu zentralak berak ere. Botere asko daude emakumeen emantzipazioari oztopoak jarri nahi dizkiotenak, eta hor ez badagaude atzerapausuak izango dira berriz. Ezin digute ziririk sartu, oraindik ere adi-adi egon behar dugu.

“Beste ahots feminista batzuk” korronteko kide zara. Feminismo hegemonikoaz gain feminismo periferikoak ere badirela ulertu behar dugu?

Feminismo bat baino gehiago daude. “Beste ahots feminista batzuk” iritzi-korrontea da, 2006an sortu zena feminismo ofizialari erantzun gisa. Feminismo ofizialak edo hedabideetan ikusten dugun “moda more” horrek ahoa itxi nahi zion Bartzelonako epaileen dekanoari. Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak manifestatzea debekatu ziezaion defendatzen zuen. Horren aurka, sinadura bilketa egin genuen Botere Judizialeko Kontseilu Nagusira bidaltzeko eta, bide batez, gure iritzia eman genuen PSOEko gobernua lantzen ari zen indarkeria matxistaren legearen erreformei buruz, dibortzioei buruz, dependentzia legeari buruz... Ikaratu egiten gintuen indarkeria matxistaren inguruan gobernua hartzen ari zen jarrerak: pentsamendu erabat zigortzailea ari zen nagusitzen, gizonen gaitz guztien irtenbide bakarra kartzela balitz bezala. Berriro ere esentzialismora itzultzeko arriskua ikusten genuen. Bazirudien gizona izate hutsagatik, esentziaz gaiztoa izan behar zela: erasotzailea, hilgarria emakumeekiko harremanetan... Eta emakumeak, aldiz, denak onak, atseginak eta kaltegabeak. Ezin genuen halako joerarik onartu: hasteko, inor ez da den bezalakoa naturaz, esentziaz. Egin egiten gara. Ez dezagun Simon de Beauvoir zaharra ahaztu. Bestetik, tratu txarrei buruz ari garenean gutxiengo bati buruz ari gara gizartearen osotasunarekin alderatuta. Ez ditzagun gizonezkoak desitxuratu. Eta bestetik, ezin dugu ahaztu mugimendu feministak, hastapenetan, izugarrizko borroka egin zuela espetxe-politikaren aurka, kartzelen aurka. Eta orain badirudi kartzelaz betetako Estatu bat nahi dugula, bertan gizon gaizto guztiak sartu ditzaten. Faborez! Hori ez da gure eredua. Asko haserretu gintuzten feminismo ofizialeko jarrera horiek eta, horregatik erabaki genuen sinadura bilketa hari jarraipena ematea, feminismoaren pentsamendu kritikoaren sarea sortuz. Hedabideetan agertzen zen feminismo harekin ez gentozela bat esateko, feminismoa hura baino gehiago zela aditzera emateko. Eta garbi uzteko gu ez geundela feminismo ukatzaile eta errebantxistaren alde. Bestetik, “Beste ahots feminista batzuk” korronteak euren gogoz lan egiten duten sexu-langileen eskubideak defendatzen ditu, behartze eta esplotazio kasuak, eta emakumeen salerosketa salatzen dituen bitartean. Feminismo ofizial horrek betiereko biktima bilakatzen gaitu.

Defendatzen duzuen feminismoak biktimizazioaren aurka egiten du lan?

Jakina. Feminismo ofizialean badirudi emakumeok ez garela gure burua zaintzeko gai, badirudi etengabe babestu behar gaituztela... Feminismoarekin hasi ginenean, egin genuen lehen gauzetariko bat Frankismoko lege faltsuki protekzionisten aurka errebelatzea izan zen. Argi utzi genuean emakumeok ez dugula gain-babes hori behar, ez digula onik egiten eta ez digula hazten uzten, autonomo izaten, boterea hartzen uzten. Behar duguna tresnak dira, eta gobernuak tresna horiek jarri behar dizkigu eskura gure burua defenda dezagun, autonomoak izan gaitezen, gure burua babesteko adina botere gure eskutan har dezagun. Ez dugu beti “aita estatua”rengana babes eske joan nahi, horrek ez digu batere laguntzen. Ez da “aita estatua” izan behar gizonen erasoetatik babestuko gaituena. Heziketa eta prebentzioa dira bideak, baina badirudi bide ukatzailea eta errebantxista hautatu duela gobernuak. Ez zaie entzuten tratu txarrak jasan dituzten emakumeei, ez dira kontuan hartzen. Biktima gajo horiek esateko dutenak batere garrantziarik ez balu bezala. Berdin da tratu txarrak jasan dituen emakume batek babes agindurik ez duela nahi esaten badu, “aita estatuak” baietz erabakitzen du eta kitto. Esan dezakete ez dutela salaketarik jarri nahi, baina gobernuak arazoari aurre egiteko beste era batzuk pentsatu ordez, salaketa jarri behar dela errepikatuko du behin eta berriz. Adin nagusikoak gara! Ezin gaituzte haur txikiak bagina bezala tratatu. Ez da lanik egiten emakume horiek indartzeko, autonomoak eta burujabeak izan daitezen: betiereko biktima bilakatzen dira. Eta horrela ez goaz inora. Emakume biktimaren paperak izua ematen digu, beti babesa behar duten emakumeak, noiz salbatuko dituzten zain... Ez dago patriarkatuarentzat elikagai hoberik.

“Kasu bakoitzari ematen zaion publizitateak eta morboak ez dute laguntzen”, diozu. Zer dago kazetaritza-tratamendu horren atzean?

Ez dut esango intentzio gaiztoz egiten denik, baina kasu hauek izaten duten kazetaritza-tratamenduak lehenago kritikaturiko irudiak indartzen ditu: biktima gaixoaren irudia eta gizon gaizto erasotzailearen irudia. Eta bakoitza bere rolean betierekotzen du, gainera: erasotzailea betirako izango da erasotzaile, eta biktima betirako biktima. Gaizto indartsuak on eta ahulen aurka. Ederra pelikula. Hori da helarazten diguten mezua. Uste dut proganda horrek, morboz jantziriko albisteen tratamenduak ez diola inori batere onik egiten. Gainera, tratu txarrei buruzko albiste gehienak hilketa bat gertatu denean baino ez dira irteten azalera, normalean ez zaie ahosik ematen sujetu gisa hitz egiteko gai liratekeen eta prest leudekeen emakumeei. Tratu txarrekin lotuta hedabideetan emakumeren bat azaltzen denean edo hilda dago edo biktima gajo gisa azaltzen da. Ez dago batere heziketarik tratu txarren prebentziorako, txiki-txikitatik hasita: harremanak askatu egin behar ditugu botere-jokoetatik eta dependentziatik, eta hori ikasi egiten da, erakutsi egin daiteke. Alferrik da 20 urte beranduago mutil hori kartzelan sartzea eta neskatila hori betiereko biktima bilakatzea. Ekin diezaiogun arazoari errotik. Bai neskak eta bai mutilak tratu oneko harremanetan hezi behar ditugu. Badago programa bat “tratu onak” izena duena eta eskoletan oso ondo funtzionatzen ari dena. Ez dira hainbeste urte nik zera entzun nuela: ezkongai batzuk baziren eta lagun batek hala esan zion senargaiari “etxera iristea emaiozu zaplazteko on bat, berdin da ulertzen ez badu, berdin da zergatik eman diozun ulertzen ez badu, baina horrela joango da ohitzen”. Berrogei urte baino ez dira hori entzun nuela. Hortik gatoz, beraz, txikitatik hasi behar gara haurrak hezitzen, gizartean dagoen matxismoa ez baita egun batetik bestera desagertuko.

Hamarkadak daramatzazu homofobiaren aurkako borrokan eta telebistan “lesbiana naiz” esan zuen aurreneko emakumea izan zinen. Gaur egun zein forma hartzen ditu homofobiak hedabideetan?

Homofobia kasu asko topatu daitezke. Marika tipiko eta topikoaz barre egitea klasiko bat da, baina beste era asko daude, sutilagoak, zeharkakoagoak. Txiste homofoboak behin eta berriz entzuten ditugu telebistan, eta ez da ezer gertatzen. Askotan esaten dut: taberna bateko barran norbaitek txiste homofobo bat egin eta gizonezko batek mozten dion egunean aurrerapen handia izango da. “Ez zait gustatu”, nahikoa da hori esatea, baina gizon gehienak ez dira euren deserosotasuna adieraztera ausartzen, haiek ere mariken taldean sartuko ote dituzten beldurrez-edo, matxoei zor zaien errespetuz-edo. Eta berdin txiste edo eraso matxistekin ere, gizonak bilakatzen direnean gizonen termometro, aurrera egingo dugu. Oso garrantzitsua da beste gizonezko eredu batzuek ere boterea hartzea, ezin gara betiko matxoen erresuman bizi. Hori askoz ere garrantzitsuagoa eta eraginkorragoa iruditzen zait berdintasun ministerioak atera zuen iragarki hartako “txartel gorria” baino. Borroka egunerokoa izan behar da, eta norbaiti “hori ez zait gustatu” esateak ez du esan nahi txartel gorria aterako diozunik, baztertu eta ukatu egingo duzunik, baina adierazi egingo diozu zure deserosotasuna. Hedabideen isiltasuna ere homofobikoa izan daiteke ikusezintasuna eragiten duen heinean. Hedabideetan ez zaie kasurik egiten eskoletako eraso homofobikoei, hitzezko erasoak eta eraso fisikoak egunero gertatzen diren arren, bulling homofobikoa eguneroko ogia den arren, baina ez du oihartzunik albistegietan. Matxote bat ez den mutikoa arrastoan sartzeko modua da oraindik ere homofobia, homofobia da mutikoen maskulinitatearen eraikuntzarako ardatza. Oraindik ere bai.

Zer da feminsimoak gizonezkoei eskaintzen diena?

Ez nintzateke feminismoaz orokorrean hitz egitera ausartuko, esan dizudan bezala, batzuek kartzela eskaintzen baitiete. Baina mugimendu feministak, nik ulertzen dudan bezala, eta hau izan da beti mugimenduaren nukleoa, zoragarria iruditzen zaidan zerbait eskaintzen diela uste dut: beraien maskulinotasuna beste era batean eraikitzeko eta bizitzeko aukera, emakumeekiko harremanak berrasmatzeko aukera, boterea beste era batean bizitzeko aukera... Horrek esan nahi duen guztiarekin. Maskulinotasun prototipikoaren oskola kentzeak eman diezaiekeen zoriontasun eta asebetetze guztia eskaintzen die feminismoak: sentimenduak agertu ahal izatea, haurren eta nagusien zaintzaz gozatu ahal izatea, jolasteko, gozatzeko, hunkitzeko eta dantzatzeko eskubidea berreskuratzea, beti serio eta ziur agertu beharra albo batera uztea... Maskulinotasun era berriak probatzea, deseraikitzea eta eraikitzen hastea. Maskulinotasunarentzat eremu debekatuak izan direnetara sartzeko aukera. Nik ikargarri gozatzen dut aita-berriei begira, haurrak zainduz nola gozatzen duten ikusiz. Orain urte batzuk pentsaezina zatekeen, goxotasuna eta zaintza emakumeen esparru esklusiboak baitziren. Han-hemenka zabaltzen ari diren gizon-taldeetan lan handia egiten ari dira zentzu honetan. Eta feminismotik gizonentzako mezua berrikusi behar dugu, eta haiei eskaintzeko daukagun guztia azaldu. Eta proposamen konkretuak egin behar dizkiegu.
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...