2010-02-08

Eskuak-KARMELE JAIO

ITURRIA: DEIA

MARIAREN eskuak ohituta daude azal zaharrak igurtzen. Zaintzen duen emakumeak laurogei urte ditu eta laguntza behar du bainuontzian sartu eta bere burua garbitzeko.

Maria ohituta dago zaharren gorputz biluziak ikusten, ukitzen, garbitzen… Gaur zaintzen duen emakumearen aurretik zaindu izan ditu beste batzuk. Mariak ez du ikasketarik, baina inork baino gehiago daki bizitzaz. Psikologia, medikuntza, giza-harremanak… alor asko menperatzen ditu, titulurik ez badu ere. Jakintsua da. Ondo daki zer den bizitza. Bukatzen ari diren bizitzekin harremana izateak asko irakatsi dio.

Garbiñeren eskuak ohituta daude umeen ipurdi zikinak garbitzen. Etxe askotan egin du lan haurrak zaintzen. Bere eskuek ipurdiak garbitzeaz gain, badakite laztan egiten, umeen minak abesti goxoekin baretzen, haientzako barazki purea prestatzen.

Garbiñek kazetaritza ikasketak egin zituen baina ez du lanik aurkitu kazetari moduan. Lagun batzuen lagunen seme-alabak zaintzen hasi zen duela hamar urte eta ordutik ez du beste lanik egin. Aita eta ama kanpoan lanean dituzten haur txikien ardura hartzen du ofizialki existitzen ez den soldata kaxkar baten truke.

Sagrarioren eskuak ohituta daude berakatza zuritzen, kipula mozten, arropak lisatzen, erosketak egiten. Duela hogeita hamabost urte ezkondu zenetik egunero egiten dituen lanak dira.

Seme-alabak etxetik joan zitzaizkionean lasaiago bizitzeko aukera zuela ikusi zuen, noizbehinka etxean lasai liburu bat irakurtzeko plazerra zer den ere ikasi zuen, baina senarra jubilatu zitzaionean lana bikoiztu egin zi-tzaion berriz. Betiko lanez gain, eguna zelan bete ez dakien gizona animatzen saiatzen baita, psikologo profesional baten trebetasuna erakutsiz.

Emakumeen eskuak dira María, Garbiñe eta Sagrariorenak eta gure gizarteari eusten diote, haren oinarri dira, nahiz eta ikusezinak izan. Nahiz eta herri baten aberastasuna zenbatzean kontuan hartzen ez diren.

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...