Onintza Irureta
Abenduko zubian egin ziren jardunaldi feministak Andaluziako hiri horretako Arkitektura eta Zientzietako Fakultateetan. Ia 4.000 emakume eta horietatik 400 euskaldunak. Hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak eta arte erakusketak nahi adina eta gehiago. Ondorengo lerroetan topagune haren arrasto gutxi batzuk baino ez.
Isabel Franc eta feminismo polifonikoa
Emakumeak baino ez
Elvira Burgos: “Izan gaitezen emakume eta emakumeak desiratu, ez dezagun desiratu mendean hartzen gaituen gizona, zeinetan identifikatzen ez garen”. Proposamen tristea, murriztailea iruditu zitzaidan, eta galdera: Desioak berbideratu egiten al dira? Nola egiten da hori? Burgosen proposamenarekin ez nago ados, baina bai, ia diskurtso osoarekin bai, ulertu nuen neurrian behintzat. Laburrean esanda lau printza: Mendebaldeko gizartean emakumea jaio orduko da gutxiago eta aurresuposatzen da desioak gizonarengana bideratuko dituela. Gainera, gizona da emakumea desiratzen duena eta emakumeak desio horri erantzuteko prest egon behar du.
Zein da subjektu feminista?
Aitortu behar kontzeptu horren itsaso zabalean galdu egiten naizela, baina hemen aipatzea merezi duela uste dut, jardunaldietan identitateari buruz asko hitz egin baitzen. Gracia Trujilloren galderak: Zer da identitatea? Nola erabili estrategia gisa? Trujillok azaldu zuenez, diskurtso identitarioak ugariak dira, bai norberaren mailan eta baita makro mailan ere, eta aldatzen doaz. Feminismoa denboran zehar subjektu desberdinak bereganatzen joan da: etorkinak eta lesbianak, esate baterako. Jardunaldietan nork bere buruari transexual, transgenero eta gizon deitzen diotenak ere baziren.
Eta Juana Ramos transexualaren esanak gogoan geratu zitzaizkidan: “Ez dakigu zergatik sentitzen dugun beste sexua nahi dugula, baina hala sentitzen dugu eta horri heltzen diogu. Gure nahiaren sustrai biologikoa ez dute aurkitu”. Nire burutazioa: binarismoaren, bi sexuen arteko dikotomiaren kontrako aldarria hain ozena izanda (jardunaldietan protagonista), nola uler daiteke, esplika daiteke, transexualena?
Errepublikatik Francoren erregimenera. Sexualitate femeninoen memoriak
Izenburu horretako hitzaldi sorta bikaina izan zen: Raquel Osborne, Dolores Juliano, Angie Simonis, Arantxa Campos, Luz Sanfeliu eta Raquel Platero. Arantxa Camposek Euskal Herriko lesbianen nondik norakoak ikertu ditu. Bost arazo atzeman zituen lan hori egin zuen denboran: lesbianak ez ziren existitzen (beraz, norberak ez zuen erreferentziarik gizartean eta izenik gabeko zerbait bizi zuen); klandestinitatean bizi zuten sexualitatea; bere buruaz beste egin zuen kasu bat aurkitu zuen Camposek; batzuk atzerrira alde egin zuten eta beste batzuk aspertuta bizi ziren gizarte heterosexualak mendean hartutako egitura hertsian.
Raquel Platerok hirukia gogorarazi zuen: arautik ateratzen zen jokaera delitutzat zuen Estatuak, Elizak bekatutzat eta psikiatriak gaixotasuntzat. Eta sexualitatearen arauetatik ateratako gizonak modu batera ziren makurraraziak: poliziaren, armadaren eskuetan torturatuak, zigortuak. Emakumeak aldiz, Elizaren eta medikuntzaren esku zeuden. Nolabait, makurraldia, ideologikoagoa zen emakumeengan.
Ez dut gogoan nork bota zuen galdera hau: Zergatik lesbiana zaharrek, alegia, Francoren garaian sufritu zutenek ez dute gaur egun hitz egin nahi? Entzuleetako bat altxa zen, preso izandakoa, eta hala erantzun zuen: “Ez da ardura garbiketarik egin, ez da zigorrik izan, minduta nago eta ez dut aurpegia eman nahi. Nire historia idatziko dut eta seme-alabei utziko diet”.
Nik ere ederra izan nahi dut