2008-08-02

«Denok gara patriarkatuaren biktima, eta eraitsi egin behar dugu» VICTORIA SAU


ITURRIA BERRIA

Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko hezkuntzak sekulako garrantzia duela gauza jakina da. Nola eragiten du?

Gakoa hezkuntza egoki eta orekatu bat ematea da. Niretzat, berdintasunak esan nahi du emakumeok gizonengandik ikastea, eta alderantziz, gizonek emakumeongandik ikastea. Emakumeoi, esaterako, gizonezkoen alde onak interesatzen zaizkigu, baina ez dugu zertan hain oldarkorrak, gogorrak eta indartsuak izan. Patriarkatutik urrun, bi norabide dituen hezkuntza eredua da egokiena, oreka batean oinarritua betiere.

Zer diozu gaur egungo hezkuntza sistemaz?

Aurrera beharrean gauza batzuetan atzera egin duela iruditzen zait. Eskuetatik alde egin die hezkuntza sistemaren kontrolak, eta gaztetxoak gaina hartzen ari zaizkie: irakasleei eta ikaskideei eraso eginez... Eta ez mutikoak bakarrik.Eta zer diozu familiaz? Etxean ere, lehen ez bezala, neskatoek oso jarrera errebeldea erakusten dute, eta guztiz arrunta iruditzen zait. Adibidez: amak ontziak garbitzeko esan eta alabak ezetz. Ezetza ez du ematen amari lagundu nahi ez diolako, emakume bihurtzen denean bere ama bezalakoa izan nahi ez duelako baizik. Semeak, berriz, ez du horrelako arazorik izango, gurasoek oso gutxitan eskatuko baitiote etxeko lanetan laguntzeko, emetzeko beldurrez. Azken batean, gurasoak lasai sentitzen dira beren seme-alabek estereotipoei jarraitzen badiete.

Horrek zer eragin du haurrengan?

Txikitan, neskatoek neskato izatea atsegin dute, eta mutikoek, berriz, mutiko izatea. Neska nahiz mutil, guztiak harro egoten dira beren sexuaz. Denborarekin hori aldatu egiten da. Mutilak gustura sentitzen dira, baina, neskak ez hainbeste, pixkanaka emakumearen izateaz ohartzen baitira.

Erreala iruditzen al zaizu nesken eta mutilen artean bi norabideko hezkuntza sistema jartzeko ideia?

1980ko eta 1990eko hamarkadetan egin genuen ahalegin bat. Irakasleei zuzendutako jardunaldi ugari egin genituen Espainiako hirietan, eta baita Euskal Herrian ere. Baina emakumeak soilik joaten ginen. Horrek zer esan nahi du? Hala ere, nik behin eta berriz azaldu nuen nire hitzaldietan neskatoek eta mutikoek elkarrengandik ikasi behar zutela, neskek ere bai baitituzte balioak, baina, patriarkatuak debaluatuak. Zoritxarrez, ordea, egun batetik bestera ezerezean geratu ziren ekimen haiek guztiak, eta baita bi norabideko hezkuntzaren aldeko borroka ere.

Heziketa egokia patriarkatutik urrun dagoela esan duzu. Zer da patriarkatua?

Patriarkatua maskulinitatea ardatz duen egitura sozial, politiko eta ekonomikoa da. Hori, gutxienez, oraindik inor ez baita ausartu patriarkatuaren xehetasunak azaltzen. Eta, agian, hori izango litzateke honen guztiaren irtenbidea: patriarkatuaren definizio bat osatzea, diktadurekin egin zen moduan, gero horren aurka egiteko. Gauza bat behintzat argi daukat: denok gara patriarkatuaren biktima, bai emakumeak eta bai gizonak, eta eraitsi egin behar dugu...

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...