ITURRIA: BERRIA
Begoña Bilbao EHUko Didaktika eta Eskola Antolakuntza irakaslea
«Ikasliburuetan neskei ez zaie eredurik ematen»
Curriculum ezkutuaren garrantzia azpimarratu duzue zuen lanetan. Hau da, curriculumetan lantzen ez denaren balioa.
Kontatzen ez denak garrantzi handia dauka. Eta esan behar da mutilentzako ereduak argiak direla, agiriko curriculumaren bitartez zabaltzen direlako. Hau da, eurek identifikaziorako ereduak jasotzen dituzte. Edo jasotzeko aukera daukate, mutilak agertzen direlako ikonografian, eduki guztietan. Erregeak izan, langileak izan, gizonak dira. Emakumeen eginkizunak, batez ere, amaren papera edo etxeko lanekin lotutakoa da, bestetarikoak baino. Hau da, mutilen besteko ereduak jasotzeko aukerarik ez zaie ematen neskei. Curriculum ofizialak agintzen du hori saihestu behar dela, eredu maskulino eta femeninoa eta generoa landu behar dela, maila berean jarri beharko litzatekeela, baina ez da egiten.
DBHra iritsi den 14 urteko neska batek historia liburua hartu eta emakumeek ez dutela ezer egin pentsatu beharko du.
Eta ez dutela ezer egin behar. Etorkizunerako bere aukerak eskola liburuetan markatzen dira. Liburuetan oraina erakusten dute, baina baita gerorako aukerak ere. Neskak ez badu eredurik, ez badu ikusten zer egin dezakeen, ez daki ezer. Eta hortik kanpo ez bazaio ematen...
Zer eskatu beharko litzateke hau guztia aldatzeko?
Administrazioak gehiago zaindu beharko luke, beste eduki batzuk zaintzen dituen bezala. Hori eduki inportantetzat hartu beharko luke. Mapak begiratzen diren moduan, pertsonaia batzuk ere bereziki azpimarratu behar dira. Eskatu behar da hori zaintzea, eta begiratu ea betetzen den, onespena emateko. Ezinbestekoa behar luke.