2010-04-12

Arantza Gurmendi: "Esperantza badela erakutsi didate Nikaraguako emakumeek"


ITURRIA: HABE IKASBIL

Hortentsi (Arantza Gurmendi) ile-apaintzaile da Arralden (Goenkale, ETB 1). Agian horregatik lagundu nahi du ile-apaindegi bat jartzen Nicaraguako Leongo bailaran, Malpaisillo-Larreynaga udalerrian, Xoxhitl Acatl ekimenaren barruan. Sandinisten aroan euskaldun asko joan zen Nikaraguara, Arantzaren senarra kasu, eta Andoaingo Mertxe Broso lankide boluntarioa. Mertxek eta orduko bi emakume zinegotzi sandinistak jarri zuten abian esandako ekimena, orain 12 urte. Arantxa Gurmendik han egindako dokumentala askok ikusi dute gurean, Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bileran, esaterako...

H.- Lurra norena zen?
A. G.- Senarrena askotan. Baina algodoia handizkien sailetan lantzen zuten. Algodoia kenduta ez zekiten lurrari etekinik ateratzen, baratzak lantzen. Eta horretan hasi ziren emakumeak. Horrek funtzionatu egiten zuela ikusita, gizonezko batzuk ere animatu egin dira. Familiaren egitura oso bestelakoa dute. Gizonek emakume askorekin izaten dituzte haurrak eta emakume batekin aspertzen badira, andrea etxetik bota eta listo. Gizon askok alde egin dute, Kosta Ricara eta. Familiari nolabait eusten diona emakumea da; horregatik burutu da ekimena emakumeen inguruan. Eta lurjabe bihurtu dira. Emakumeak landutako lursaila berea da orain. Familian gastatzen ditu emakumeak bere etekinak, gizonezkoak, berriz, bere gauzetan. Beraiek asko darabilten hitza "empoderamiento" da. Hori gertatzen da gizonezkoek tradizioz izan duten nagusigoa emakumeekiko iraultzen denean, emakumea bere buruaz eta bere ondasunei buruzko erabakiak hartzen hasten denean, edo bere sexualitateaz. Eta horrek eragina du familia osoan.
H.- Urik ba al dute?
A. G.- Lur azpian asko. Baina ur-bonbarik ez zuten hasieran; bi iritsi zitzaizkien Irundik eta egun, eurek egiten dituzte ur-bonbak, birziklatutako osagaiekin. Ideia asko dituzte, baina ez dira gelditzen laguntzaren zain. Etengabe ari dira ikasten. Badute teknologia-zentro bat, eta han ikastaroak etengabeak dira. Oso adibide kuriosoak daude. Esaterako, 23 urteko ama, senarrak jipoitua, bost seme-alaba dituena. Mitch urakanak 23 familia ezer gabe utzi zituen, bera ere bai tartean. Ekimen honetan sartu zen eta nazioarteko laguntzei esker orain lana du, harrizko etxea, alfabetatu egin da. "Lehengo Maria hil egin da, ni beste pertsona bat naiz" esaten zidan. Orain 29 urte ditu. Edo, beste kasu bat, 58 urteko emakume batek nola esaten dizun pozik, harro: "Begira nire lehen ohea, nire lehen armairua, nire hamaka." Oso gauza xumeak dira, oinarri-oinarrizkoak, baina bereak.
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...