Bilgune Feministaren 2014ko azaroaren 25eko irakurketa:
“AUTODEFENTSA FEMINISTAZ LEHERTU!”
Autodefentsa feministaz lehertuko
dugu zapalkuntza patriarkalak bizirauteko ezinbestekoa duen indarkeria
sexistaren makineria: estetika kanonak, lan-banaketa, maitasun erromantikoaren ideologia,
erasoak... Engranaje guztiak lehertzera goaz!
Botere sistema honek sortzen duen indarkeria
sexistak ez du etenik. Dagoeneko hiru dira aurten Euskal Herrian eraildako
emakumeak. Era berean, larritzat jotzen ditugu gazteen arteko harreman sexu- afektiboetan
indarkeria sexista hazten ari dela erakusten duten azken ikerketak ere edota
lan sektore feminizatuetan ematen ari den prekarizazioa. Kasu hauek izebergaren
punta besterik ez dira. Honek erakusten du sistemak forma aldaketak egiten
dituela, egoera eta eszenatoki berriak sortu; baino erroko genero egiturak
bizirauteko gaitasun handia dauka, oinarrizko hierarkia eta zapalkuntzak mantenduz.
Hala, feminismoaren bidean eta autodefentsa feministaz erantzuteko gure hautua
berresten dugu. Beti bezain garrantzitsua da gure borroka, inoiz baino
beharrezkoagoa.
Indarkeria aztertzen eta honen
aurka borrokatzen bide luzea daramagu eta badakigu emakumeen zapalkuntza
ideologikoa, ekonomikoa eta soziala mantentzeko heteropatriarkatuaren ezinbesteko
tresna dela. Gure betaurrekoak indarkeriarik sotilena antzemateko findu ditugu,
honek zuzeneko lotura baitu muturrenekoarekin. Aurten, indarkeria adierazpen
ezberdinak sostengatzen dituen sistema eta makineria seinalatu nahi dugu. Non
iraunarazten da sexuen araberako harreman antolaketa hierarkikoa? Zein eremu
dira klabeak indarkeria sexista ahalbidetzeko?
Krisiaren izenean neoliberalismoa
birsortzea helburu duten egiturazko erreforma eta murrizketek, emakume
zaintzailea eta familia heteropatriarkalaren indartzea bultzatzen dute,
generoaren araberako lan banaketan eta emakumeen bizi baldintzen prekarizazioan
sakonduz. Botere politikoko guneetatik alboratua dago emakumeen parte hartzea,
eta instituzio politikoen jardunean sistema heteropatriarkalaren muga
administratibo eta juridikoak birproduzitzen dira. Komunikabide, kontsumo zirkuituen
publizitate edota hezkuntza aparatuetatik feminitate eta maskulinitate eredu
estereotipatuak, estetika kanon zurrunak, emakumeen gorputzaren
objektualizazioa, maitasun erromantikoaren ideologia, heteroaraua zorrotza eta
abar amaigabe bat zabaltzen da. Hemen, eta ez beste inon dago indarkeria
sexistaren muina. Alarma soziala pizten duen muturreko bortizkeria jendartearen
erreprodukzioaren erdigunean elikatzen da egunero. Seinalatu ditzagun, beraz,
esfera hauen aurpegi eta izenak!
Komunikabide zein instituzioek emakumeen
aurkako indarkeria sexistaz egiten den trataera estereotipatua eta
sinplifikatuta dela deritzogu. Eremu hauetan muturreko indarkeriari
erreparatzen zaio maiz, indarkeria soilik bikote heterosexual helduetan eta oso
modu bortitzean emango balitz bezala. Nolabait, gure mendebaldeko
“berdintasunaren eredu demokratiko eta garatuetan” horrelako gaitzek jada
lekurik ez daukatela ulertzera emanez. Horrela, euren ardurei iskin egiten diote
sistema heteropatriarlala osatzen duten instituzio ezberdinek, indarkeria
bultzatzen duen jendarte hierarkikoan honetan beren papera desitxuratuz. Gu
guztiok hezur- mamitzen ditugun jarrera eta gure harremanetan zirkulatzen duten
genero ereduak eraldatze bidean daukagun ardura desitxuratuz.
Heteropatriarkatuak itsu behar
gaitu, haren makineriaren engranajeak eta hauen arteko erlazioak ikusteko gai
izanez gero sistema osoa erorarazi dezakegulako. Baina gurekin jai! Urteak,
belaunaldiak, daramatzagu jostorratzak zorrozten, sarea josten, betaurrekoak
fintzen, begiak irekitzen, itzalpekoari izena jartzen. Eta hori da hain zuzen
gure helburua: makineria lehertzea!
Erasoen aurrean ozenki adierazi
izan dugu gure hautua eta horretan jarraituko dugu indarkeria sexista gure
eguneroko ogia izaten den bitartean: ez gara biktimak, ez gara subjektu
pasiboak eta ez gara instituzioetatik bultzatzen diren neurri
asistentzialistekin konformatzen. Guk ahalduntze indibidual eta kolektibo baten
bidean autodefentsa feminista aukeratzen dugu!
Kolektiboki erasoei erantzuna
ematen jarraituko dugu, salatzen eta konfrontatzen. Gure jostorratzen laguntzaz
egitura heteropatriarkarretan zuloak egiten ditugu eta
topeak jarri. Baina erantzuna artikulatzea ez da nahikoa. Egitura oso baten
aurrean alternatiba oso bat eraiki nahi dugu, gure alternatiba josi nahi dugu.
Indarkeriarik gabeko herri bat nahi dugulako, bestelako balio batzuetan
oinarritutako aske egingo gaituzten harreman eredu batzuk nahi ditugulako. Gure
bideak iparra dauka: Euskal Herriaren burujabetza feministarantz goaz!
Bide hori elkarrekin eraiki nahi
dugun emakume abertzaleok hitzordu bat dugu abenduaren 13an Ondarroan ospatuko
diren Emakume Abertzaleon VI. Topaketa Feministetan. “Jostorratzak dantzan
ditugu! Euskal Herriaren burujabetza feministarantz!” lemapean. Aurretik
emandako hausnarketa eta lanari jarraipena emango diogu, eta modu kolektibo
batean herri honetarako nahi dugun alternatiba eta trantsizio feministaren
inguruko eztabaidari helduko diogu. Bertan elkartuko gara!