2013-12-22

Eguneroko mikroiraultzak- June Fernández

ITURRIA: ARGIA
Depilazioa. Bularretakoa. Aluaren usaina. Hilekoaren tabua. Klitoria. Horrelakoei buruz hitz egitea dut gustuko. Egunero emakume izateagatik gure gorputzarekin dugun harremana baldintzatzen duten gaiak plazaratzea ere badelako feminismoan aritzea. Askorentzat azaleko gaiak dira, txikikeria burgesak. El Salvadorren bizi banintz, kezka garrantzitsuagoak izango nituzkeela diote, ez El Salvadorreko feministek (eurak ere gorputzari lotutako zapalketen kontra ari baitira), gizon ezkertiar harroputzek baizik. Eurek dakite zeintzuk diren emakumeen egiazko arazoak: erailketak, ablazioa, gatazketan bortxaketak. Geure bizipenei buruz aritzen garenean txoriburu ahoberoak garela diote.
Baina ez dira eurak –feministok baizik– muturreko indarkeria matxisten kontra dihardutenak. Emakumeen eskubide guztiak defendatzea da feministon xedea, eta borroka horretan argi daukagu eskubide urraketa larri eta txiki guztiak (urraketa txikirik ba al dago?) lotuta daudela, iturri bera gizarte heteropatriarkal, kapitalista eta arrazista dela, eta hau ezin izango dugula suntsitu bere aurpegi eta ondorio guztiak agerian uzten ez baditugu.
Abortatzeko eskubidea etengabe kolokan dago, gizarte honetan ez dagoelako argi norbera bakarrik dela bere gorputzaren jabe. Depilazioak gai arina dirudi, baina orduan zergatik da hain arraroa emakume bat hanka iletsuekin kaletik ikustea? Erabaki pertsonal bat besterik ez bada, zergatik eragiten ditu erreakzio bortitzak –etxean presioak; lagun taldean txantxak; kalean erasoak–? Mezu politiko bat adierazten duelako, abortatzeko eskubidearen aldeko berbera: “Feminitatearen aginduak pikutara! Nire gorputza nirea da”.
Nork neurtzen du zer den mikro eta zer makro? Emakumeok jakin badakigu gure borondatea bortxatzeko era asko daudela, eta gizon batek “leunki'”makurrarazten gaituenean askotan zaplazteko batek baino min handiagoa egiten duela
Modan jarri da Luis Boninoren “mikromatxismo” kontzeptua, eguneroko tratu txarrak identifikatzeko baliogarria. Bikote esparruko genero indarkeria ez da bakarrik jipoia edo iraina, baizik eta mesprezu keinu iraunkorrak, kontrola (telefonoko mezuak begiratzea, esaterako), autoestimuaren kontrako sastadak: “Lodi zaude”. “Zuk zer jakingo duzu?”. “Ez duzu ezertarako balio”. Indarkeria matxista ez da eraso isolatuen sekuentzia, dominazio prozesu konplexua baizik.


OSOA IRAKURRI

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...