2011-02-19

Empar Pineda, feminismoa eta ezkerra

iturria: SAREINAK
Empar Pineda Katalunian bizi eta aspaldi Madrilen lurreratu zen hernaniarra da. Feminismoaz eta lesbianismoaz badu zer kontatua, militante nekagaitza izan delako eta urtetako eskarmentua duelako. Azaroan, Donostian, Topaketetan izan zen hitzaldia ematen. 70eko hamarkadako mugimendu feministari eta ezker ideologiari heldu zien, gaur eguneko panoramara hurbildu asmoz.

Hasteko eta behin garbi utzi zuen Pinedak emakumearen burujabetzarako proposamen bat baino gehiago daudela feminismoan, ezin dela feminismo bakarraz hitz egin. Berak ezagutzen zuen eremutik hitz egingo zuela adierazi zuen, alegia, 70eko hamarkadako mugimendu komunistaren galbahetik.

empar pineda 1

Feminismoa = berdintasuna?

 “Azken urteotan lotura estua egiten da feminismoaren eta berdintasunaren artean, feminismoa berdintasuna baino ez balitz bezala. 1970eko hamarkadaren bukaeran feminismoa ez zen hori, emakumearen askatasuna eta burujabetza ziren aldarriak. Mugimenduak izaera apurtzailea zuen, botere harremanak aldatu nahi zituen, emakumea askatzeko eta burujabe egiteko gizarte antolaketa berria eskatzen zuen. Orain, ia inork ez du hitz egiten horrelako gauzetaz, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaz hitz egiten da, berdintasuna lortzeko legeez. Guk ere nahi ditugu gauza horiek, baina hori bakarrik ez”.

 Franco ondorengo lorpenak eta egiteko daudenak
 “Gizarteak nabarmen egin zuen aurrera Franco hil ondoren: lanbide askotan izan zuen sarrera emakumeak; kulturan, politikan eta gizarte alorretan tokia egin zuen; familia eredu tradizionala gainditu eta bestelako ereduak sortu dira... Emakume gisa eraikitzeko eredu berriak agertu dira.
Dena ez da, ordea, zoragarria:
-Batez beste, emakumeek gizonek baino % 30 gutxiago kobratzen segitzen dute lan bera egiteagatik.
-Ardura postuak lortzeko zailtasunak dituzte emakumeek.
-Emakumeak ez dauden alor batzuk hobeto ordainduta daude edo emakumeei ateak itxi dizkiete.
-Etxeko lanek emakumeen esku segitzen dute.
-Adinekoak zaintzen jarraitzen dute.
-Sexu heziketan asko daukagu hobetzeko, legeak lege”.
empar pineda 2

Zenbateraino lortu dute mugimendu feministek ezkerrera gerturatzea?

 “70eko hamarkada bukaera hartan, ezkerrak, sindikatuek, herri mugimenduek beraien gai zerrendan ez zeukaten emakumearen zapalkuntza. Mugimendu feminista asko saiatu zen ezkerreko mugimenduetara gerturatzen. Hurbilketa ahalegin hori indarra galtzen joan da.
Lehen esan bezala, feminismoa berdintasunarekin parekatu da, eta gainera, emakume guztiak ez gara berdintasun horren lorpenetan sartzen. Kanpoan geratu dira transexualak, sexu langileak, lan prekarioa dutenak, langabeak eta familia/etxea eta kanpoko lana bateratu ezin dituzten emakumeak. Gobernu sozialistak berdintasun neurriak hartu dituenean bi esparru izan ditu buruan batez ere: soldatapeko lana eta politika alorreko partaidetza”.

 Biolentzia matxista eta kartzela
Feminismo ofiziala Zapateroren Gobernuak biolentzia matxistaren inguruan ateratako legea elikatzen aritu da. Eskandalua da egin dutena, irtenbidea beti penala da. Erakutsi digutena da gizona sortzez dela gaiztoa eta beraz kartzelara joan behar duela. Lehen ezkerrak “kartzelarik ez” zioen. Gogoratu ditzagun 70eko esanak: borrokatu dezagun askatasunaren alde, izan gaitezen apurtzaile, borrokatu dezagun gizartean eta politikan eragiteko; horrela lortuko dugu gizarte berri bat non emakumea burujabe izango den”.
Entzule batek hitza hartu du: “Eta zer egingo dugu bada gizon hiltzaileekin?”. Pinedak: “Hiltzaileentzako ez daukagu beste aterabiderik, kartzela baino. Ez nintzen horiez ari, gainerakoez baizik. Gizonei nagusitasuna kentzea oso zaila da, denbora eta indar asko behar da. Baina irtenbide penalaz gaindiko aukerak landu behar dira, hala nola, eskolan haurrak berdintasunean haztea (orain ez da egiten), biolentzia matxista jasan dutenak errespetuz tratatzea eta ez adingabekoak balira bezala, eta abar”.7

 Ezkerraren kontraesan ezkutukoak
EHGAMeko kide Mikel Martinek besoa altxatu du publiko artetik: “Ezkerrak ezkutuan gordetako kontraesanak izan ditu. Lehentasunak jarri  ditu eta batzuk beti zerrendan azkenak gara, hala nola, feminismoa eta les-gay mugimendua”. Galdera Pinedari eta lehenxeago hitz egin duen Amparo Lasherasi egin die. Lasherasek erantzun dio, 70eko garai hartan ere mugimendu horiek bazirela, nahiz eta ilunpean egon. Lasherasen ustez, lehentasunek ez dute existitu behar, mugimendu edo talde guztiek irteera puntuan batera jarri behar dute. Lehentasunek helburu orokorra bidean galtzea ekarriko lukete.
Pinedak gaineratu du Mao Zedongen filosofiatik edandakoa dela, baina berau, Marx, Engels eta enparauak bidean utzi dituela. Ez diote balio errealitatea ulertzeko eta emakumea burujabe egiteko.

                                                                                                                               Onintza Irureta Azkune
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...