Indarkeria sexistaren aurkako emakumearen plataformak esan du "emakumeen heriotzak eta desagertzeak izebergaren" punta direla eta horien aurretik emakumeek pairatu behar izaten dituzten mehatxuei ere garrantzia eman behar zaiela.
Gaur indarkeria sexistaren aurkako emakumearen plataformak aurten gizonezkoen eskuetan hil diren bi emakumeak eta oraindik desagertuta dagoen Lizarrako Maria Puy Perez Ezpeleta gogoratu ditu Iruñean eman duen prentsaurrekoan.Horrekin lotuta esan du "heriotza eta desagertzeak izebergaren punta" direla eta hauen aurretik egoten diren mehatxuei ere behar duten garrantzia eman behar zaiela, jendea horretaz kontzientziatu behar dela egoera lehenagotik salatu ahal izateko. Gaurkoan "arrastoa uzten ez duenaz kontzientziatu" behar dela aipatu dute behin eta berriz plataformako kideek.Arlo ezberdinetan ematen diren (lanean, adibidez) jazarpenak ekintza isolatu bezala ez direla ulertu behar ere salatu dute.Gai honen inguruan, azaroaren 20an Janire Estebanezek biolentzia psikologikoari buruzko hitzaldia eskainiko du ONCEren aretoan, Aralar kalean, Iruñean.Hurrengo asteartean, azaroaren 25ean, hau da, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean, manifestazioa deitu dute Gaztelu plazan iluntzeko 20.00 Iruñean.
Genero Indarkeriaren Aurkako Gipuzkoako Gizonen Plataforma sortu, eta bortizkeria horren kontrako manifestua sinatu zuten atzo Gipuzkoako 45 gizon ezagunek. Indarkeria sexista gaitzetsi, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei eta euren seme-alabei elkartasuna eta babesa adierazi, eta auziaren inguruko isiltasuna hausteko deia egin zuten modu horretan. Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Rafaela Romerok eskerrak eman zizkien, «beste gizon batzuen axolagabekeriarekin bat ez egiteagatik». «Emakumeek jasaten dute genero indarkeria, baina gizonok dugu arazoa», esan du Pedro Miguel Etxenike zientzialariak, ekimenean parte hartu dutenen izenean. Hain zuzen, gizonei «ahalegin etikoa eta politikoa» eskatu diete, «gure erantzukizuna publikoki onartuz». Hala, emakumeentzat tratu txarrik dakarren «edozein jokabideri aurre egiteko konpromisoa» hartu dute gizon horiek. Etxenikerekin batera, manifestuaren sinatzaileen artean daude, besteak beste, Felipe Juaristi idazlea, Richard Oribe igerilaria, Luis Txillida Txillida-Lekuko zuzendaria, La Oreja de Van Gogh musika taldeko zenbait kide, Alex Ubago eta Mikel Erentxun musikariak, Iñaki Gabilondo kazetaria, Mikel Olaziregi Zinemaldiko zuzendaria eta Xabi Alonso Liverpooleko futbolaria. Emakumeen eta seme-alaben «sufrimendu garrasiarekin» bat eginez, genero indarkeriaren inguruko «isiltasun harresia» hausteko eskatu dute sinatzaileek. «Jakitun gara gizartea ezbehar horren garrantziaz jabetzen ez den bitartean, emakumeen aurkako indarkeriarekin ezikusiarena egiten jarraituko dela», dio manifestuak. Hartara, indarkeria sexistaren aurkako jokabide aktiboa eskatu dute; datozen belaunaldien hezkuntza indarkeriarik gabeko balioetan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean oinarritu behar dela nabarmendu dute. Era berean, «administrazio publiko guztien arteko koordinazio eraginkorra» galdegin dute manifestuan, kasuak «azkar» ikertzeko, tratu txarrei aurrea hartzeko eta biktimei kalte-ordainak emateko. Ildo horretan, haurrentzako arreta berezia eskatu dute: «Erasotzaileak emakumea jazarri, kontrolatu, jo, umiliatu, iraindu eta beldurtzeaz gain, bere seme-alabak erabiltzen ditu emakumeari min handiagoa egiteko. Haurrak ahaztu egiten dira». Gizartearen porrota Rafaela Romeroren hitzetan, «gizarte demokratikoaren defizit handienetakoa» da emakumeen aurkako indarkeria. Indarkeria hori desagerrarazteko gizarte osoaren konpromisoa behar dela berretsi du: «Heriotza, eraso, masaileko edo irain bakoitzaren atzean, gizarte osoaren porrota dago». Ekitaldia amaitzean, minutu bateko isilunea egin dute, genero indarkeriaren biktimen omenez. Romerok gogoan izan ditu «maite dituztela diotenek jotako emakumeak», baita oraindik «'nahikoa da' oihukatzeko» urratsa egin ez dutenak ere.