Utopia hitzak ez ditu beldurtzen Bea Ugarte (1959, Oñati), Maider Gonzalez (1981, Bilbo) eta Marije Apodaka (1967, Bilbo). Hezitzaileak dira hirurak, eta Bilgune Feministak burutu berri duen Hezkidetza Gida liburuaren egile nagusiak...
Lan hau plazaratzeko une egokia dela uste dute, curriculumareen inguruko eztabaida bizi-bizi dagoelako. «Momentu aproposa da, zeren bestela horrelakoetan gertatu izan ohi da lehendabizi curriculuma egin, eta, gero, horren gainean hau dena sartzea, adabaki bat bezala», azaldu du Bea Ugartek. Argi dute, hala ere, oro ez dela curriculuma. «Curriculum ezkutua ere oso garrantzitsua da», azaldu du Bea Ugartek. Sexismoaren itzalak, gizartean sarri askotan oharkabean zama handia duen bezala, irakasleen artean ere agertzen dela diote, eta, gidak, maisu eta maistrak bultzatu nahi dituela horretaz jabetzera, eta saihestera...
Ustez femeninoak diren balioetan murgiltzeko gai diren mutilak eta maskulinotasunarekin lotzen diren konpetentzietan lotsarik gabe murgilduko diren neskak. Horiek dira xedeak. «Aztertu behar dugu maskulinitateak zer aportatzen duen pertsonaren garapenerako, eta feminitateak zer», azaldu du Marije Apodakak. Historian zehar emakumeei estuki lotutako mundu eta alorrak mutilei irekitzea nahi dute, eta gizonen alorrekoak neskentzat ere izatea. Mugak apurtuz.
Garrantzitsua iruditzen zaie hezkuntza komunitate osoak gai honen inguruan bat egitea. «Askotan, hezkuntza komunitate osoa arazoen inguruan elkartzen da, bullying kasuak eta horrelakoak agertzen direnean. Hau, berriz, denontzat zerbait ona da, hezkidetza sustatzea denontzat ona izango delako», zehaztu du Apodakak.
Elkarrekin nahi dituzte neska eta mutilak ikasgeletan, kirol geletan eta festa eremuetan. Baina hezkuntza prozesuaren barruan, zenbaitetan, neskak eta mutilak bereiztea proposatu dute gidan. Batez ere nerabezaroan egokia izan daitekeela uste du Bea Ugartek. «Identitate krisi horretan, generoa dela-eta beraiek dituzten kezkak eta zalantzak askoz ere errazago partekatzen dituzte sexu berekoekin».
Gidak aintzakotzat hartzeko hamar atal nabarmendu ditu, 2003an argitara emandako Minimoen Taulan oinarrituta. Atal bakoitzean, azalpen teoriko bat, lan egiteko adibide praktikoak eta bibliografia osagarri bat erantsi dituzte.
Hona hemen atal bakoitzaren gako nagusiak.
Balio eta konpetentziak: Bi alorrak, etxetik kanpokoa zein barrukoa, oso garrantzitsuak direnez, eta elkarren osagarri izan behar dutenez, hezkuntzaren bidez, bai neskei bai mutilei, erantzukizuna, eremu bietan.
Helburuak: Berdinak izan behar dute neska eta mutilentzat, eta pertsonaren garapen osoa izan behar dute ardatz.
Edukiak: bermatu lantzen dela emakumeen mundua eta haiek jakintzari egindako ekarpenak
Metodologia: metodologia hezkidetzailearen bidez, ikasleen autoestimua eta autokonfiantza bultzatu.
Ikastetxearen antolaketa: Erabakiak hartzen diren guneetan, emakume eta gizonen kopurua proportzionala izatea, eta gurasoen bileretan, esaterako, aita eta amen presentzia eskatzea, partaidetza parekidea.
Materiala:Ikasliburuak, ikus-entzunezkoak, irudiak... Denak hezkidetzaren ikuspegitik aztertzeko deia egiten du.
Harremanak: Parekidetasunean oinarritutako harremanak bultzatzeko araudia garatu behar da, eta komunikatzeko irizpideak ondo finkatu.
Hizkuntza: Hizkuntzan txertatutako sexismoa aztertzera bultzatu, eta hori gainditzeko estrategiak
Espazioa eta denbora:Espazio eta denboraren banaketa eta erabilera aztertu behar da, horietan agertzen den sexuen arteko hierarkia orekatze aldera.
Ebaluazioa: Ebaluazioaren ardatza nork bere burua ebaluatzea
ITURRIA ETA OSOA IRAKURTZEKO