2012-08-30

Ekintzaren teoria-Maider Zilbeti

ITURRIA: BERRIA


Fina da pentsamenduaren eta ekintzaren arteko muga Maider Zilbetirentzat (Donostia, 1977). Oso fina. Behin eta berriz gurutzatzen du berak, gurutzatu duenik ere gehiegi axola gabe. Areago: gurutzaketa bera da bere jardunaren ardatza. Hiru puntako zirkulua osatzen dute bere kezkek. Mugimenduan baino ulertu ezin den hiru puntako zirkulua: ikerketa feministatik aktibismora, aktibismotik arte sorkuntzara, eta arte sorkuntzatik ikerketa feministara. Bidegurutzean du beti begia. Hori da bere jarrera politiko eta intelektuala. «Militantzia feministari esker ikasi dut nik taldean pentsatzen. Hor ohartu naiz ekitearen eta pentsatzearen arteko mugaren lausotasunaz». Pentsalari gisa egindako elkarrizketan, etengabe igartzen zaio pentsalari hitzarekiko deserosotasuna. «Ni ez naiz pentsalari bakarka. Ni naiz pentsalari interakzioan».

Filosofia eta antropologia ikasketak egin zituen, eta pornografia hautatu zuen masterreko ikerketa gaitzat. Ikuspegi feministatik landutako pornografia: post-pornografia. Politika, artea, teoria eta praktika; mugaldekoa zen gaia, eta mugalde hori da Zilbetiri interesatzen zaiona. Izan ere, 60ko hamarkadaz geroztik masan ekoitzi zen pornografiaren generoaren irudikapena zalantzan jarri eta plazer zein sexualitate eredu irekiagoak proposatzea da pornografia mota horren asmoa. Plazera ere politizatzea. Erabat heldu gabea zen oraindik eztabaida Euskal Herriko feminismora Zilbetik ikerketa hasi zuenerako, baina jadanik nahiko barneratuta dagoela dio. «Pornografiaren alde ala kontra; hori zen dilema AEBetan eta Kanadan. Zerbait aipatu zuten hemen garai hartan gaiari buruz, baina ez zen eztabaida sakonegia izan. Raquel Osborne ikerlariaren eskutik heldu zen gaia Espainiara, eta hala heldu zen Euskal Herrira ere».

«Jarrera politiko bat da hau», dio. Ez da hedonismo inozoa, hedonismo militantea baizik. Boteretze ariketa bat, funtsean. «Gorputza ezagutzera eramaten zaitu plazeraren dimentsio ezberdinak ezagutzeak; gorputz mugak ezagutzera. Subjektu ekintzaile berria eraikitzera. Eta ez bakarrik sexu ekintzetan. Beste ekintzetarako eta beste antolamendu batzuetarako ere boteretzen zaitu horrek. Pornografia edo barneratzen duzu zure diskurtsoan edo ez, baina argi geratu dena da feminismoak proiektu politiko bezala aurrera egiteko gorpuztasunaren inguruan hausnarketa sakona egin behar duela. Eta baita plazeraren inguruan eta nortasunaren inguruan ere. Hori guztia barneratu behar da pertsonalki eta politikoki. Eta lan hori egin da subjektibazio prozesu berriak eraikitzeko».




OSOA IRAKURRI
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...