ITURRIA: BERRIA egunkaria
Emakumeek kaleak hartu dituzte indarkeria salatu eta agintariei konpromiso zehatz eta argiak exijitzeko.
Genero indarkeriak zuzen-zuzenean emakumeei eragiten badie ere, eta biktimarik behinenak eurak badira ere, «biktima gizarte osoa» dela ohartarazi du mugimendu feminista osatzen duten taldeek. Jazarpena egunerokoa delako, erantzunak ere hala izan behar duela ohartarazi dute, eta konpromisoak eskatu dituzte arazo larri eta jasangaitz hori amaitzeko. Horixe esan zuten Bilbon Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira egindako manifestazioan.
Iruñekoan, emakumeen aurkako indarkeria gaixotasun sozial gisara definitu zuten. «Emakumeak sistematikoki gutxiestea da sexismoa». Arazoa gainditzeko egin diren lege eta araudiek huts egin dutela esan zuten, arazoak bere hartan segitzen duelako. «Neurri zorrotzagoak, laguntza irmoagoak eta benetako berdintasun planak behar ditugu, ez neurri partzialak».
Feministek ez dituzte salatu bakarrik indarkeria sexistak eragin dituen erailketak, horiek sexismoaren alderdirik latzenak badira ere, ez delako bakarra. Bilbon kontuak ere egin dituzte. Iazko manifestazioa egin zutenetik ehunka izan dira Euskal Herrian salaketa ipini duten emakumeak, eta ehunka bortxaketak eta mota guztietako erasoak jasan behar izan dituzten emakumeak. Erasoak, gainera, gero eta bortitzagoak direla ohartarazi dute, eta erasotzaileak gero eta gazteagoak.

Indarkeria mota horrek emakumeen segurtasuna arriskuan jartzeaz gainera, euren egunerokotasuna baldintzatzen duen errealitatea dela nabarmendu nahi izan dute. Horregatik, gogor salatu dituzte ez bakarrik gizon erasotzaileak, baita jazarpen mota horiek isilarazi edota barkatzen dituztenak ere. Horregatik, mugimendu feministak dei zuzena egin die emakumeei, beraiek edo beste emakumeren batek erasoren bat sufritzen duenean salatu dezaten. Emakumeei bakarrik ez. «Gizonei ere dei egiten diegu indarkeria patriarkalaren aurkako borroka beraiena bezala har dezaten, eta ezagutzen dituzten kasuak salatu ditzaten».