2014-04-23

Armairuak JUNE FERNANDEZ

iturria: ARGIA

Oraindik ere, gizarte heterosexista honetan, heterosexuala izatea “normala” da, eta gay eta lesbianok, aldiz, egunero armairutik atera behar dugu

Otsailaren 14an Ellen Page aktoresak (Juno, Hard Candy, Origen...) LGTB (Lesbiana, Gay, Bisexual, Transexual) gazteen ekitaldian hitzaldi aparta eman zuen eta, bukaeran, urduri eta hunkituta, bera ere homosexuala dela esan zuen. Etengabe ezkutatzeaz nekatuta dagoela, eta horrek sufrimendua eragin diola urteetan. Bere hitzaldia momentuan albiste bilakatu da, eta Pikarako sare sozialetan partekatzerakoan irakurritako bi erreakzioen inguruan idatzi nahi dut.
Lehenengoa (halako komentario ugari jaso ditugu): “Tamalgarria da oraindik ere sexu orientazioa albiste izatea. Espero dut urte batzuk barru ‘marrubizko izozkiak gustukoak ditut’ informazioak bezain beste oihartzun izatea”. Bigarrena (komentario isolatua, baina oso haserretu nauena): “Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan armairutik ateratzea ez da arazoa. Irak-en egin proba”.

Ellen Pageren diskurtsoa albiste da, eta albiste garrantzitsua gainera. Sexu orientazioa ez da zaletasun pribatua, identitate eta bizimodua baizik. Heterosexuala bazara, pentsa: zure sexu orientazioa dela eta noizbait beldurra sentitu al duzu? Diskriminazio edo bazterkeriarik bizi izan al duzu? Zure bikotea aipatzeko orduan adorea behar al duzu? Azalpenik edo justifikaziorik eman behar duzu, edota “zein ondo, ni heteroekin oso tolerantea naiz” bezalako komentarioei erantzun?
Oraindik ere, gizarte heterosexista honetan, heterosexuala izatea “normala” da, eta gay eta lesbianok, aldiz, egunero armairutik atera behar dugu. Heterosexualak ez garela argitzeko beharra sentitzen dugun unero, ezinegona sentitzen dugu. Baina badirudi eskerrak eman behar ditugula, Irak-en baino askatasun handiagoa dugulako.


Emakume zarenean, badakizu edozein momentutan, gutxien espero duzunean, kalean zein lan esparruan nahiz taberna batean, jarrera edo eraso matxista bati aurre egiteko arriskuan zaudela. Gauza berbera gertatzen da lesbiana (edo gay, edo trans) izatearekin: badakigu edozein momentutan lesbofobiarekin topo egingo dugula. Europan eta Estatu Batuetan ez gaituzte kartzelaratzen, ez dute gure maitatzeko eta desiratzeko era delitu bihurtzen, baina baztertuak izatearen beldurra sentitzen dugu.
Eta ez da paranoia. Eskoletan jazarpen homofobo eta lesbofobo bortitza bizi dute genero rol tradizionala apurtzen duten haur eta gazteek. Bikotearekin lan afari batera joatea normala da; bikotea gure sexu berekoa baldin bada, enpresa gehienetan ausarta izango da. Eta familia gehienetan, ageriko homofobia zein leunarekin topo egiten dugu: “Nik ezagutzen zaitut eta badakit ez zarela horrelakoa; fase bat da” edota “bide horretatik ez zara zoriontsu izango” edota “ez esan ezer aitite-amamari, sekulako nahigabea eragingo diezu eta”.


Inkestek diote Espainiako Estatua munduan sexu aniztasunarekiko toleranteena den herria dela. Hala bada, zergatik ez dugu ia erreferente LGTBrik? Zergatik ez dago lesbiana dela ezkutatzen ez duen aktore, politikari edo musikaririk? Eta lesbofobiaren kontra aktibismoa egiten duen pertsonaia ospetsurik? Zuzentasun politikoaren gizartean bizi gara, ez sexu askatasunaren gizartean. “Lagun homosexual asko ditut eta Chueca-n (Madrilgo auzoa) parranda egitea gustuko dut” jarreraren gizartean. “Aizu, nik ez daukat arazorik homosexualekin, baina argi izan ni heterosexuala naizela”. Edota “ez dut nire bizitza pribatuari buruz azalpenik ematen”. Horregatik Euskal Herrian Ellen Page-ak behar ditugu, ez bakarrik erreferente lesbikoak izateko, gizarte honetan sexu aniztasunaren aldeko borroka aktiboaren beharra ulertzen duten pertsonaia publikoen laguntza izateko baizik.
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...