2014-07-09

DONOSTIAKO PIRATAK-ERASO SEXISTARIK EZ! Salaketa telefonoa 674562864



Kaixo Piratak!

Gure helburua den-denontzako jai gune askeak eraikitzen joatea da. Horretarako, mugimenduan, barne mailan parekidetasuna lantzen jarraitzeko gogoeta eta prozesua abian dugu. Besteak beste, eraso sexistak ekiditeko eta salatzeko bitartekoekin lanean ari gara. Edozer Dugu Posible egunerako neurri zehatz batzuekin aurrera pausoak ematen hasiak gara, ondoren, Aste Nagusirako lanketa zabalagoa egiteko.

Gaia pixka bat kokatzeko, esan, gizartean urte osoan ematen diren jarrerak errepikatzen direla jaietan: egungo hierarkiak, botere harremanak, diskriminazioak, rol banaketak… eta zer esan erasoei dagokienean! Badirudi jaietan, hainbat pertsonaren artean inpunitate ustea zabaltzen dela, agresibitate, harropuzkeria edota jarrera “matxo”ak areagotuz. Festetan eraso sexistak eta homolesbofoboak areagotzen dira eta hauei aurre egitea denoi dagokigula pentsatzen dugu.

Gainera, ezinbestean, kontuan hartu behar dugu jai eremu eta egunetan, euforiagatik eta droga ezberdinen kontsumoaren ondorioz, “dena libre” den aitzakiapean sarriago ematen direla era ezberdinetako eraso sexistak.

Horregatik, hainbat kontu zehatz:

1- Piraten guneak gune askea izan behar du edonorentzat, eta horretarako gune segurua behar dugu. Ez dugu inongo eraso sexistarik onartuko. Eraso hitzarekin ez gara muturrekoetaz bakarrik ari. Eraso gisa ulertzen dugu pertsona bat beste baten espazioan sartzea honen baimenik gabe, eraso sexistak dira begirada zikinak, ipurdia ukitzea, txarrera ligatzea edo komentario nazkagarriak egitea adibidez. Autodefentsa feministaren aldarria gure egiten dugu. Eta era berean, jai gunean lanean ariko garen bolondresen bati norbaitek laguntza eskatzen dion momentuan, erasotzaileak jai gunetik botako ditugu. Inguruan antzeko jarreraren bat ikusten baduzu, lagunduiguzu pertsona horri edo horiei erakusten gure jai ereduan ez ditugula halako jarrerak inolaz ere onartzen.

2- Donostiar guztiok sakelakoetan gordeta izan behar dugun telefonoa da ondorengoa, apuntatu: 674562864. Eraso sexisten salaketarako Piraten telefonoa da. Zerbait gertatu bazaizu, edo zerbait ikusi baduzu, deitu eta laguntzen saiatuko gara.

Denontzako gozamen iturri izango diren gune seguruak sortzea da gure helburuetako bat, eta horretarako, denok aske sentitu behar dugu. Bestelako harremantzeko modu sanoaren alde, gora ligoteo aske eta sanoa, eta beraz, gora irudimena!

Erasorik ez, erantzunik gabe!

Denontzako jai gune seguruen alde, gora jai herrikoi eta parekideak!


Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...