ITURRIA: BERRIA-Maite Asensio Lozano
Gorputzari entzutea, ondo elikatzea, ariketa fisikoa
egitea eta beste aholku batzuk dituzte adituek osasuna hobetzeko, baina
zoriona daukate ezinbestekotzat: norbere bizitzaren jabe bihurtzea.
Osasunaz hitz egiten hasi, eta zorionaz mintzatzen amaitu. Ez baitaude
elkarrengandik hain urrun. Osasunaren arloan jabekuntza nola susta
daitekeen galdetuta, aditu gehienak bat datoz: ardura nork bere gain
hartu, gorputzari entzun, ondo elikatu... eta dantzatu. Emma Goldman
anarkista eta feministaren esaldi ospetsua baliatu du Carme Valls-Llobet
Kataluniako CAPS osasuna ikertzeko taldeko medikuak: «Iraultza egiteak
ez du zentzurik, dantza ezin badugu egin. Bada, gorputza zaindu egin
behar dugu, baina ondo pasatu ere bai, bizitzaz gozatu, dantzatu».
«Bere bizitza gidatzea da pertsona batek egin dezakeen gauzarik
osasungarriena», erantsi du Charo Quintana ginekologoak, Eusko
Jaurlaritzak 2007an aurkeztutako Emakumeak eta Osasuna programaren
arduradunak. Izan ere, andrazko asko «behartuta» bizi direla sumatu du,
identifikatzen ez diren rol batzuei jarraituz: «Haiek bizitza gidatu
ordez, bizitzak haiek eramaten ditu, bultzaka; zer izan edo egin nahi
duten erabakitzeari uzten diote. Eta horrek eragina du osasunean:
zorigaitzak, ongizate eta motibaziorik ez edukitzeak, errespetatua ez
sentitzeak autoestimua murrizten du, eta, horrekin batera, norbera
zaintzeko gaitasuna».
Besteentzat bizitzearen ondorio dela
berretsi du Ana Tavorak, Granadako Santa Fe ospitaleko Buru Osasuneko
Unitateko (Espainia) psikoterapeuta eta psikiatrak. Sistemak emakumeei
beharrizan afektiboak sortzen dizkiela azaldu du, eta, beraz, maitasun
hori lortzeko eraikitzen dutela bizimodua. Kateok askatu beharra
nabarmendu du: «Jabekuntzan aurrera egiteko modu bakarra andreak beren
buruarekin adiskidetzea da, hura onartzea eta maitatzea, eta gustuko ez
dituzten gauzak ez ukatzea. Horrek ez du esan nahi besteak
garrantzitsuak ez direnik, baina bai norbera garrantzitsuagoa dela».
Harreman afektiboekin lotuta ez dauden esperientzia atseginak sustatzea
ezinbestekotzat jo du, beraz: «Eguzkiari begiratu, falta den maitasunean
pentsatu gabe».
Plazeraz ere jardun da Quintana; norbere
zaintzaz, ongizatea eta gozamena alboratu gabe: «Elikadura, ariketa
fisikoa eta buru osasuna zaindu behar dituzte emakumeek; funtsean,
gustuko dutenaren arabera bizi: lasaitzeko, atseden hartzeko, aisialdia
lantzeko, plazeraz gozatzeko uneak bilatu. Horrek guztiak tristuratik
eta antsietatetik aldenduko dituelako». Osasuna gaixotasunik ez
edukitzea baino gehiago dela uste baitu: «Zure bizitza kontrolatzen
baduzu, zure osasuna zaintzeko gai ere izango zara»...