ITURRIA: ARGIA
Eskoletan aniztasun sexuala lantzeko unitate didaktikoa argitaratu du Stee-Eilas
sindikatuko LGBTI taldeak, “lesbiana, gay, bisexual eta transexualek,
ikasle nahiz langileek, hezkuntza sisteman bizi duten egoerak berariazko
lanketa” behar duela iritzita.
Kolektibo honek bizi duen egoera ikusteko eran jartzeko eta egoerari aurre egin eta gainditzeko, Esango diozu?
izeneko unitatea prestatu du sindikatuak, “aniztasuna, enpatia eta
laguntza eskatzeko eta emateko edozein pertsonak izan behar dituen
baliabideak” lantzen dituena.
Besteak beste, Hertzainak taldearen Esaiok abestia, bi
eskutitz (neska batek beste neska bati idatzitakoa eta mutil batek neska
bati idatzitakoa) eta bullyinga lantzea proposatzen du unitateak,
galdera eta jarduera zehatzak jarraituz. Talde txiki eta handitan, baita
bakarka idatziz ere (adibidez, “nola ikusten dituzu sexu bereko
pertsonen arteko harremanak?” galderari buruzko idazlana eginez),
ikasleek pertsonen arteko harremanen aniztasunaz hausnartzea eta sexu
joera ezberdinak ezagutuz diskriminazioa saihestea du helburu lanketak,
baita egoera homofobikoak identifikatzea ere, horien kontra
borrokatzeko.
Unitatearekin batera banatu duten Bizi aniztasuna kartela ikastetxeetan jartzea eta El sexo sentido dokumentala ikustea ere gomendatu dute.
Bullying homofobikoa
2012ko ikerketa baten
arabera, norberaren generoari dagozkion rol eta espektatibetatik
aldentzeagatik sufritutako jazarpena da bullying mota hedatuenetakoa
ikastetxeetan. Hots, bullying homofobikoa,
gay edo lesbiana izatetik harago, gizarteak ezartzen duen genero eredu
estereotipatu, estetiko eta zurruna ez betetzeagatik sufritzen du haur
askok.
Informazio gehiago:
Ez dute nahi ikaskide gayrik erreportajean jardun genuen ikastxeetako arazo honi buruz.